zientzia

Erabilgarri dago Elhuyarren itzultzaile automatiko eleaniztuna

Doan da, bost hizkuntzatan dabil, eta ordenagailuetarako eta sakelakoetarako egokitu du. 

Elhuyarren itzultzaile automatikoaren webguneko azala.
2019ko azaroaren 27a
14:44
Entzun

Gaurtik aurrera, erabilgarri dago Elhuyarren itzultzaile automatiko eleaniztuna: Itzultzailea.eus. Doan da, eta prest dago ordenagailuetarako eta sakelako telefonoetarako. Elhuyarrek adimen artifizialean eta sare neuronaletan oinarritutako teknologia hartu du oinarri, eta, euskaraz gain, espainiera, frantsesa, katalana eta galegoa dakizkien itzultzaile automatiko bat garatu du. Itzultzailea.eus webgunean erabil daiteke, edo aplikazioa sakelakora deskargatuta.

Tresna "erosoa eta erabilerraza" dela dio Elhuyarrek; «eta, malgua, hala nahi duten bezeroei euren beharren araberako zerbitzu aurreratuak eman ahal izateko». Esate baterako, dokumentu formatudunak osorik itzul daitezke denbora gutxian, eta sistema edonon txerta daiteke, REST APIaren bidez: itzultzaile profesionalen tresnetan (Wordfast, SDL Trados Studio...), erabiltzailearen webgune eta CMSetan, erakundeen autentifikazio sisteman (Single SignOn bidez)…

Elhuyarrek 2002an ekin zion hizkuntza teknologien arloko ikerketari, Hizking21 proiektuarekin, eta handik bi urtera heldu zion itzulpengintza automatikoari. Geroztik, arlo horretako hainbat proiektutan esku hartu du, eta zerbitzuak erabilgarri jarri ditu: 2007an, sarean ipini zuen gaztelaniatik euskararako lehen itzultzaile automatikoa, EHUko Ixa ikerketa taldearekin batera: Matxin. Erregeletan oinarritutako sistema bat zen, kode irekian garatutakoa; 2011n, orduko joera teknologikoei jarraikiz, sistema estatistikoetan oinarritutako itzultzaile bat sortu zuen, bi noranzkoetan itzultzen duena: euskaratik gaztelaniara eta gaztelaniatik euskara; 2016an, adimen artifiziala eta sare neuronalak oinarri hartuta, Modela ikerketa proiektuari ekin zion Elhuyarrek; eta 2018tik erabilgarri dago Modela.eus euskarazko lehen itzultzaile automatiko adimenduna.

Duela hilabete bat, Eusko Jaurlaritzak itzultzaile neuronal bat sareratu zuen. Euskararen eta gaztelaniaren arteko itzulpenak egiten ditu, eta aurreko gailuek baino emaitza nabarmen hobeak dauzka, testuingurua aintzat hartzen baitu. Bingen Zupiria Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuak nabarmendu zuen «jauzi kualitatibo handia» eman dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.