Matxismo digitala

Teknologia berrien trebetasunean eta erabileran sendotu egin dira genero arrakalak

Nerabeek mundu digitalarekin duten harremana genero ikuspegitik aztertu dituen ikerketaren arabera, emakumeen gorputzen «hipersexualizazioa» eta ziberjazarpenak sendotu egin dira.

Edurne Begiristain.
2019ko azaroaren 27a
22:45
Entzun

Teknologien erabilerak genero eskemetan oinarrituta daude. Edo beste era batera esanda: generoko desberdintasun sozialak eremu digitalera trasmititzen dira. Premisa horretan du abiapuntua hirugarren genero arrakala digitala bezala ezagutzen den teoriak. Teoria horretan sakontzeko, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako nerabeek mundu digitalarekin duten harremana genero ikuspegitik aztertu du Estibaliz Linares Bahillo ikerlariak. Eta ondorio «kezkagarriak» atera ditu: teknologien trebetasunean eta erabileran sendotu egin dira generoaren araberako arrakala digitalak, sarean emakumeen gorputzen «hipersexualizazioa» eta «hipererotizazioa» handitu egin da, eta gora egin dute ziberjazarpen sexualek edo sexistek.

Berditasunaren inguruko ikerketak zabaltzeko Emakundek urtero banatzen duen saria eskuratu du aurten Linaresek, Izeberg digital matxista. Nerabeen artean ematen diren errealitate digital matxisten analisia eta prebentzioa azterlanarekin. Egileak gaur aurkeztu du txostena, Izaskun Landaia Emakundeko zuzendariak lagunduta.

«Matxismoak eremu digitala ere zeharkatzen du. Mundu digitala ez baitago matxismoaren eremutik kanpo». Txostenaren mamia hitz gutxitan laburbildu zuen Emakundeko zuzendariak aurkezpenaren hasieran. Arrakalak, estereotipoak, identitateak, aldaketak, transformazioak, matxismoa, sexismoa, subertsioa,... Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako nerabeek bizi duten errealitate digitala ezaugarritzen duten elementuak aztertu ditu Linaresek txostenean. 15 eta 17 urte bitarteko neska-mutilek birsortzen dituzten «errealitate matxista digitalak» aztertu ditu, eta egiaztatu du hirugarren genero arrakala digital bat dagoela. Azterketan EAEko 11 institutuk parte hartu dute; orora DBHko 4. mailako eta batxilergoko lehen mailako 778 ikaslek.

Nerabezaroan generoaren araberako bigarren eta hirugarren arrakala digitalak antzeman ditu ikertzaileak. Bigarren arrakala digitalak bereziki formazioan du eragina, eta ikasketa jakin batzuk aukeratzerakoan neska eta mutilen artean dauden «segregazio horizontalak» aintzat hartzen ditu.«Kualtitatiboagoa» da hirugarren arrakala digitala,  teknologien erabilerarekin nerabeek duten harreman zuzena aztertzen duelako.

Linaresek hirugarren genero arrakala digitala iraunarazten dituzten espazioak aztertu ditu  txostenean. Bideojokoen mundua da horietako bat. Bideojokoak dira nerabeek teknologietan murgiltzeko erabiltzen duten «sarbide nagusiena», baina ikerlariak egiaztatu du gehien erabiltzen diren bideojokoak «parametro sexista eta matxistetan» diseinatu direla, eta horietako askok, gainera, indarkeria matxista karga handia dutela. Ezaugarri horiek ondorio oso ezberdinak ditu neskengan eta mutilengan, ikerketak dionez. Neskengan «gaitzespena» eragiten dute, eta bideojokoen mundutik «aldentzera» eramaten ditu. Mutilei, berriz, «oso lotura positiboa» sorrarazten die.

Genero arrakala digitalaren egituraketan bat egiten du, halaber, YouTubek, ikerketak jasotzen duenez. «Identitateak sarean birsortzeko tresna da eta irudia eta soinua uztartuta, eremu erakargarria bilakatzen da nerabeek euren identitateak bilatu ditzaten». Baina, bideojokoekin gertatzen den modura, YouTuben ere «sexuen arteko bereziketak» eta «botere gehiegikeriak» antzeman ditu Linaresek. «Mutil youtuberrei publizitate gehiago egiten zaie, eta, ondorioz, enpresa eta multinazionalen babesari esker botere ekonomiko handiagoa dute. Youtuber neskak, ordea, kosmetika eta arropa multinazionalek hartzen dituzte, eta irudiaren menpe geratzen direnez, euren bideoak maila eskasagotzat jotzen dira».

Ziberjazarpena

Sare sozialei dagokienez, neskek zein mutilek gehien erabiltzen dituzten sareak WhatsApp, Instagram eta Snapcht dira. Baina, dibertimendurako tresna ez ezik, «mekanismo matxistak» birsortzeko tresna ere badela dio ikerketak, eta hori, besteak beste, ziberjazarpenaren bitartez egiten dela. Interneten emakumeen gorputzaren «kosifikazio maila» handia dagoela nabarmendu du halaber Linaresek, eta ohikoa izaten dela sexu-ziberjazarpena edo jazarpen sexistak egotea. Ziberbiolentzia modu horiek ohikoak izaten dira ikastetxeetan, baina ez dira ikusarazten, eta beraz, oso nekeza izaten da horiei aurre egitea, ikerketak dioenez. Ikerketan parte hartu zuten 11 ikastetxeetatik zortzitan halako joerak antzeman zituen ikerlariak.

Txostenak dioenez, bereziki neska gazteei «sufrimendua eta dependentzia» sortzen dizkiete sare sozialek, «birsortu egiten dituztelako lehendik barneratuta zituzten eskema eta egiturak». Besteak beste, ikerlanak dio neskek «maitasun erromantikoaren mito» batzuk normalizatuta eta integratuta izaten dituztela, eta ondorioz, «menpekotasun harremanak» dituztela.

Nolanahi ere, gaur egungo errealitatea aldatzeko aukerak ere antzeman ditu ikerlariak. Prebentzioarekin batera, oso garrantzitsutzat jo du ziberfeminismoa praktikatzea, «mitoak, eskemak eta estereotipoak» deseraikitzeko eta «ahalduntzea» lortzeko tresna egokia delako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.