MUSIKA

Oreka TX, harrizko oinarriekin

Harrizko txalaparta da taldearen lan berriaren ardatza. Koklea izena eman diote beren laugarrena den diskoari, eta bost hizkuntza bildu dituzte bertan.

Oreka Tx-eko kideak, gaur, Donostian eginiko aurkezpenean.
Oreka Tx-eko kideak, gaur, Donostian eginiko aurkezpenean. Maialen Andres / Foku

Amagoia Gurrutxaga Uranga -

2019ko azaroak 28

Data bat: 1997a. Urte hartan sortu zuten Oreka TX txalaparta taldea Harkaitz Martinez de San Vicentek eta Igor Otxoak. Kopuru bat: lau. 22 urteko ibilbidean taldeak argitaratu dituen diskoak. Laugarrena, Koklea, gaur goizean bertan aurkeztu dute, Donostiako Taba kafetegian. “Ez gara urtero edo bi urtean behin diskoa egiten duten horietakoak. Disko baten eta hurrenaren artean beste hainbat eta hainbat lan egin ditugu”, esan du Martinez de San Vicentek. Eta baten eta hurrenaren artean badirela aldeak: “Hasierako Quercus endorphina hartan, Kepa Junkera izan zen produktorea, eta pixka bat haren esanetara aritu ginen. Nomadak TX gure bidaiaren konposizioak izan ziren, tokian-tokian topatzen genuenarekin. Silex-ek eta honek antz handiagoa dute, seguruenik”. Silex-en alde harmoniko eta melodikoa aurki daiteke Koklea-n, nabarmendu duenez. Nomadak TX diskotik ere badu zerbait inportantea, baina: “Proiektu hartatik jasotako beste herri batzuetako gure lagunen parte hartzea”. Hala, diskoan parte hartu duten abeslarien artean daude, Thierry Biskari euskaldunaren ondoan, Mendebaldeko Saharako Aziza Brahim, Galiziako Monica de Nut, Okzitaniako San Salvador taldea eta Japoniako Emi Toko. Bakoitzak bere hizkuntzan kantatu du, “hizkuntzon sonoritatea diskoan jaso nahi bat” izan dutelako taldea osatzen duten bost kideek. Denak agertu dira gaur Martinez de San Vicenterekin batera: Mikel Ugarte (txalaparta), Mixel Ducau (alboka, saxoa, klarinetea eta gitarra), Iñigo Egia (perkusioa) eta Juanjo Otxandorena (buzukia eta mandolina).

Grabaketa lanak Oh Brother estudioetan egin dituzte. Nahasketa eta masterizazioa, berriz, Musik’art Proyect estudioetan. Txalapart etxearekin argitaratu dute hamalau kantako diskoa. Kanta horietako bat interpretatuz hasi dute aurkezpena, eta lan berriaren inguruko azalpenak etorri dira gero.

 

Kiribilean

Hitz bat: kiribil. Kiribil bat ageri da, izan ere, Koklea-ren azalean. “Diskoaren azalean ikusiko duzue, aurreko hiru diskoetan ez bezala, txalapartarik ez dela ageri. Fisikoki ez dago, baina gure eskuak hor daude, makila hartzeko keinuan, eta, gure eskuen gainean, Fibonacciren kiribila. Kiribil horrek eraman gaitu disko honen kontzeptura”. Txalaparta jotzearen, txalapartaren beraren unibertsoaren nolabaiteko irakurketa matematiko batera.

Beste kiribil bat: koklea. “Belarrian daukagun hezur kiribil bat da koklea, eta hezur horretan gertatzen da uhin mekanikoen transformazioa soinura”. Hala, Fibonacciren kiribilarekin abiatutako txalaparta bidean, koklearenak jasotzen eta bihurtzen du ttakuna musika. Kiribilaren zirkulua itxi arte. Txalaparta jotzearen, txalapartaren beraren unibertsoaren nolabaiteko irakurketa fisiko bat. Kolektiboa. “Taldeak garrantzi handia dauka disko honetan, talde soinua eta talde izaera ondo islatzen da bertan. Hamabi urte daramatzagu elkarrekin, eta soinu propioa daukagu jada. Horregatik, boskote formatoan defenditzeko asmoarekin sortu dugu Koklea”.

Mikel Ugartek, taldeko beste txalapartariak, sormenaren bihurrikeriak aipatu ditu: “Sortzen hasteko behar edo momentua ailegatzen da tarteka, eta guri ere ailegatu zaigu tenore hori”. Eta disko hau ardaztu duen osagai ezinbesteko bat bada, bere ustez: “Harrizko txalapartatik abiatu dugu sormena. Abesti batzuk oso Oreka dira. Beste batzuetan, testura eta atmosfera erritmikoak sortzen saiatu gara, azaleko formula matematikoen gure interpretazio moduan. Nire ustez, urrats bat aurrera egin dugu txalaparta arloan lan honekin. Eta talde bezala ere bai”. Taldeari aukera berriak ireki dizkiolako. Ados agertu da Mixel Ducau horretan: “Harrizko txalapartekin, harmonikoki eta melodia aldetik askoz definituago behar du egon guztiak. Juanjo harmonietan, Iñigo erritmoetan eta ni melodietan, zerbait koherentea sortzen entseatu gara denon artean. Harriak lan gehiago eskatzen du, baina merezi du”.

Taldeko bi txalapartariek ondutakotik abiatuta, beti ere. “Lan mardula, bereziki, Mikeli eta niri egokitzen zaigu”, kontatu du Martinez de San Vicentek. “Denbora asko ematen dugu Txokoaldeko [Usurbil, Gipuzkoa] tren geltokian. Hori dugu lantokia, eta hor sortzen dugu kantuaren nolabaiteko bizkar-hezurra. Gainontzekoa, gainontzekoen aportazioa da”. Eta kantuak “bukatu-bukatu”, estudioan bukatzen dituzte. “Ideiarekin joan, eta estudioan bertan eraikitzen ditugu piezak”.

Beren eraikin kiribilduaren lehen lagina gaur zortzi erakutsiko dute, Durangoko Azokako Ahotsenean, 16:20ean. Eta Andoain (Gipuzkoa), Altsasu (Nafarroa), Barakaldo (Bizkaia), Mutiloa (Gipuzkoa) eta Noainen (Nafarroa) lotuak dituzte jada emanaldiak.

Uda arte aritu nahi dute aretoz areto. Uztailetik aurrera, berriz, kalean eman nahi dituzte kontzertuak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna