Albistea entzun

Jean Louis Davant

«Intelektual handi bat izan zen Abdelkader»

Idazle eta euskaltzain zuberotarrak idatzi du heldu den udan taularatuko den pastorala. Abdelkader pastoralak Aljeriako lehen gerra du bereziki aipagai, baita idazleak soldadu gisa bizi izan duen bigarren gerra ere.

Joanes Etxebarria / Ipar Euskal Herriko Hitza

Joanes Etxebarria - Ipar Euskal Herriko Hitza -

2019ko azaroak 30 19:50

Pettarreko herriek (Ainharbe, Ezpeize-Undürüine, Sarrikotapea eta Ürrüstoi-Larrabile) emanen dute Jean Louis Davantek idatzi Abdelkader pastorala, heldu den udan. Berriki aurkeztu die herritarrei elkarteak hautatu pastorala —beste bat ere aurkeztu zuen idazleak—, eta, Davanten erranetan (Ürrüstoi-Larrabile, Zuberoa, 1935), «nahiz gai polemikoa den, dirudienez inork ez du gaizki hartu».

Nola hautatu zenuen gaia?

Aitzineko pastoralean [2013an] Rene Cassin ospatu genuen Sohütan, giza eskubideen idazlea. Gizon perfektua iduri zuen baina banekien gizon perfekturik ez dagoela… Ondotik aurkitu nion akats bat larria: palestinarren zorteaz ez zen axolatu, Israelenaz ordea bai. 1967ko gerran Israelek Egiptori, Jordaniari eta Siriari eraso izana gaitzetsi zuen De Gaullek, eta Cassin gaitzitu zen, berekin haserretu zen. Beldur zen Israel suntsi zezaten eta orduan anitzek hala pentsatzen genuen. Aldiz, agertu da Israel potentzia handi bat zela, baina horretan Cassin ez zen profeta agertu. Beraz, pentsatu nuen ondoko pastorala behar niola eman musulman bati. Lehenik gogora etorri zitzaidan Yasser Arafat —hil berria zen—, baina zailegi iruditu zitzaidan, ez nuen ene burua horretarako gai sentitu.

Aljeria hautatu duzu, beraz. Euskaldunak izan ziren hango gerran, zu horien artean.

Bigarren gerra horretan, askapenerako gerra horretan parte hartu genuen euskaldun gazteek ere milaka. 30.000 bat frantziar gazte hil ziren eta 103 euskal herritar. Euskal Herritar horien artean 22 zuberotar. Nolaz erran daiteke hori ez dela gure historia?

Erran izan duzu zure abertzaletasuna han sortu edo hazi zela.

Aitzinetik abertzalea nintzena? Bai, zazpiak bat horren zentzua banuen, baina kulturalki; politikoki ez nuen ikusten Iparraldetik zer egin zitekeen. Aljerian estatuaren aurkako sentimendu indartsua sortu eta hazi zitzaidan. Batzuek armadari diote gorrotoa edo aiherra, baina armada estatuaren tresna bat da, esku makila. Haren bidez han tortura praktikatzen zen, ez denetan baina ausarki eta toki askotan. Hori gauza jakina zen, gobernuek ere bazekiten eta ez zuten deus egiten horren aurka, horrek zerbitzatzen baitzuen epe laburrera bederen.

Horren lekuko izan zinen han?

Soldadu bakoitzak gauza gutxi ikusten du, baina anitz jakin bai.

Aljeriako bigarren gerran zentratzea ere zaila litzateke?

Bai, hartako dut lehena tratatu. Bukaeran gurea hunkitzen dut, baina guti. Soldaduen abesti bat dago, haserre agertzen dira, erranez «zer ari gara hemen astoak bezala?». Gero agertzen dira De Gaulle eta frantziar armadako buruzagiak; jeneralek De Gaulle lehendakariari erraten diote «guk gerra irabazi dugu, Aljeria Frantziaren baitan atxiki behar duzu». Militarki hala zen, baina De Gaullek erantzuten die: «Gerra irabazi duzue, baina nik bakea irabazi behar dut eta aljeriarrek independentzia nahi dute, eta nik ezin diet ukatu».

Zer ikuspegi ukanen du pastoralak? Ez baita berdin Frantziatik so egitea edo Aljeriatik.

Lehen gerra dut gehienik aipatzen, eta hondarrera pixka bat guk egin duguna. Ene ikuspegia da Abdelkader [El Djezairi] bere etxean zegoela, bere lurra zaintzen zuela, herria, fedea, legea. Eta gu han inbasore ginela. Beraz hura urdinetan agertzen da eta gu gorrietan [pastoraleko pertsonaiak bi multzotan sailkatzen dira, eta eskematikoki urdinetan dira onak, gorrietan gaiztoak].

Pastoralen tradizioan ate urdinetik sartzen diren pertsonaiak kiristiak dira, giristinoak. Zure pastoralean musulmanak dira.

Gauza osoki berria da. Gisa batera tradizioaren hauslea, baina tradizioaren izpirituan ikusten dut. Zeren lehen onak «kiristiak» deitzen ziren eta gaiztoak «turkoak». Baina hori bere garaian kokatu behar da, zeren luzaz otomandar inperioak Europa kristaua mehatxatu zuen. Hortik dikotomia hori. Baina otomandar inperioak leher egin zuen duela ehun urte, ezabatu zen Lehen Mundu Gerra galdu ondoren.

Bestetik, Europa kristaua ote da gaur? Nik uste dut ezetz, eta beraz kiristi eta turko nomenklatura edo dikotomia hori niretzat bukatua da. Nola deitu, onak eta gaiztoak? Hori moralistegia zait eta subjektiboegia, zeren bakoitzak bere burua ontzat dauka eta etsaiak gaiztoak dira, beti xede gaiztoekin… Hori baztertzekoa zait. Aldiz zer da errealista: ate urdinetik jalgitzen direnak eta ate gorritik jalgitzen direnak, jantzietan berdin, urdinak eta gorriak. Begien bistako gauza da. Abdelkader urdinetan ezartzen dut haste hastetik bukaeraraino, zeren etxean zegoen, erran dudan bezala. Gu arrotzak ginen, inbasoreak. Frantziak ez zuen neholako eskubiderik Aljeriaren beretzeko eta armaz beretu zuen.

Estatu mailako giro islamofoboaren testuinguruan, pastorala mezu ekarle izanen da?

Bistan da baietz. [Abdelkader] Fededun bat zen, haren etsai asko ere fededunak ziren, kristauak. Hor badago elkarrizketaren beharra kristau eta musulmanen artean, eta zabalago musulmanen eta beste guztien artean. Elkar ezagutzeko beharra bada, zeren etsaia ezagutzen ez dena da eta zernahi itsuskeria asmatzen da.

Abdelkader aljeriar buruzagia izanen da pertsonaia nagusia.

Abdelkader abertzalea bai, baina bestalde intelektual handi bat izan da, eta, beraz, pertsonaia unibertsala da; Gandhi bezala, adibidez. Islameko pentsalari handi bat izan da: filosofoa, teologoa, olerkari mistikoa. Gerrari hamabost urte eman dizkio baina aitzinetik erlijio gizona zen nahiz gazte izan (24 urtetan hasi zen gerran, 1832an). 1847an borroka utzi zuen, 1883an zendu zen eta bitartean erlijio gizon eta idazle izan zen. Damaskon erretiratua zela kristauen masakre batzuk izan ziren; kristauak zaindu eta zenbait mila salbatu zituen. Ez da soilik gudari bat, intelektual handi bat da.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Annie Ernaux. / ©Nobel Sariak, @NobelPrize

Annie Ernauxek irabazi du Literaturako Nobel saria

Iñigo Astiz

Stokholmen eman du sarituaren berri Suediako Akademiak, eta literatura fikzioaz harago zabaltzeko egindako lana laudatu dio idazleari. Iaz Abdulrazak Gurnah eleberrigileak irabazi zuen saria.

'Denboraz', Txakur Gorria proiektuaren azken lana

Unean uneko argazkiei beste arnasaldi bat

Ainhoa Sarasola

Denboraz, galde-erantzunen bilduma liburua eman du Txakur Gorriak. BERRIAn idatzitako zutabeen txatalak testu eta ilustrazio berriekin josiz, denboraren joanaz gogoeta egin dute. Txakur Gorriaren webgunean, BERRIAren online dendan eta Durangoko 57.  Azokan egongo da eskuragarri.

Aingeru Epaltza, 'Erretzaile damutuen konpainia' liburua eskuan duela, gaur goizean, Donostian. ©Maialen Andres / Foku

Aingeru Epaltzaren 'Erretzaile damutuen konpainia': kolore askotako nobela beltza

Andoni Imaz

Aingeru Epaltzak Edu Saragueta pertsonaia «berpiztu» du 'Erretzaile damutuen konpainia' nobelan, 'Rock'n'roll' idatzi eta 22 urtera. Haren bidez begiratu dio «Iruñea multietnikoari».

Nafarroako Orkestra Sinfonikoak Luis de Pabloren —argazkian, erdian— eta beste hainbat konpositoreren lanak interpretatuko ditu gaur. ©BERRIA

1972ko Iruñea harritu zuten doinuak akordura

Uxue Rey Gorraiz

Gaur hasiko dira 72-22 Topaketak Iruñean. Urriaren 18ra bitarte, eta orain dela 50 urtekoak gogoan, askotariko jarduerek eta emanaldiek artez jantziko dute hiria. Musika berebizikoa da gaur: Teresa Catalanen eta Tomas Marcoren solasaldi bat aurrena, eta Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren kontzertua ondotik.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...