Euskara

Hizkuntza gutxituen aldarri ozena Parisen

Gure Hizkuntzak Bizi Daitezen kolektiboak deituta, dozenaka lagun elkartu dira protestan. Frantziako Gobernuaren erabaki «linguzidak» salatu dituzte. Euskal Konfederazioak bat egin du mobilizazioarekin.

Dozenaka lagun elkartu dira Frantziako Hezkuntza Ministerioaren parean, Parisen. OIHANA TEYSEYRE KOSKARAT / BERRIA
Andoni Imaz.
2019ko azaroaren 30a
19:59
Entzun

Askotariko banderak daude Frantziako Hezkuntza Ministerioaren parean, Parisen. Okzitaniako gurutzea, Bretainiako bandera zuri-beltza, Biarnoko behiak, Kataluniako estelada, Euskal Herriko ikurrina... Hainbat hizkuntza gutxituren ordezkariek mobilizazio jendetsua egin dute han, Frantziako Gobernuaren politika «linguizidak» salatzeko. Gure Hizkuntzak Bizi Daitezen kolektiboak antolatu du protesta, eta dozenaka lagunek ministerioaren aurreko plaza bete dute. Euskal Herritik, Euskal Konfederazioko, Seaskako eta Kontseiluko kideak dira han, besteak beste.

Mobilizazioaren ordezkari batzuek ministerioan egin dute bilera, baina handik irten direnean esan dute «fede txarra» dela nagusi. Ordezkaritza horrek gidatu du hara joan den manifestazioa. Mobilizazio orokorra gure hizkuntzak bizi daitezen leloa zeraman manifestu bat prestatu dute protestarako. Antolatzaileak arratsaldean bilduko dira mobilizazioari zer segida eman ikusteko.

Aurretik, plazan egin dute protesta. Hizkuntza gutxituen heriotza irudikatu dute han, Frantziako Gobernuaren neurriak salatzeko.

Euskalgintzako eragileen arabera, Frantziako Gobernuko Hezkuntza ministro karguan Jean-Michel Blanquer denetik, «gogortu» egin dira estatu osoan «lurralde hizkuntzan» kontrako erasoak, eta Euskal Herrian ere agerikoak dira horien ondorioak: «Erabaki politiko horien desmasiak sentitzen dira», adierazi zuten gaurko mobilizaziora dei egiteko antolatu zuten prentsaurrekoan. «Izan ere, egiazko linguizidioa da Frantziako Gobernuak darabilen politika». Eman zuten adibide sorta bat ere: «Ikasgaien erreforma lizeoetan, Batxilergoaren erreforma, brebeta azterketa ezin osoki euskaraz egin...».

Parisen izan dira Frantziako Estatuan mintzatzen diren gainerako hizkuntza gutxituen sustapenean ari diren taldeetako hainbat ordezkarik ere antolatu dute gaurko mobilizazioa: bretainiarrek, korsikarrek, okzitaniarrek, katalanek... Mobilizaziorako deia egiteko idatzi zuten oharrean esan zuten «desagertzeko arriskuan» daudela Frantziako agintariek indarrean jarri ohi dituzten politiken ondorioz, eta ezinbestekoak direla neurri eraginkorrak hizkuntzak hauspotzeko eta defendatzeko.

Goizean, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak Paristik hitz egin du Euskadi Irratian. «Ikusezintasunaz» aritu da: «Macronen gobernuak ikusezin bihurtu nahi ditu frantsesa ez diren beste hiztun komunitateak. Horien garapena galgatu besterik ez du egin nahi». Salatu du gobernuak trabak besterik ez diola jarri murgiltze ereduari, azken hilabeteotako hezkuntza erreformarekin. Gobernuak hezkuntzari dagokionez hartutako neurrien kontra egin dute Parisko protesta, baina Bilbaok nabarmendu du Frantziako Estatuan dagoen arazorik handiena hizkuntzen «aitortzarik eza» dela, orokorrean.

«Hamar bat hizkuntza bildu gara, erakusteko denok hor garela, eta ados garela salatzeko azken bi urteetan izan diren jarrerak eta erreformak, hizkuntzen kontra egin baitira», salatu du Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak Kanaldude telebistan. Irakasle elkarteek esan izan dute urtero izaten dituztela trabak ikasgaiak euskaraz jartzeko brebetan eta Batxilergoan, eta argi dute arazo horiek hizkuntza politika desegoki baten ondorio direla. «Frogatzen dute Blanquer ministroak eta gobernu honek euskarari eta tokiko hizkuntzei mespretxua dietela eta horiek desagerrarazteko asmoa dutela», esan zuten prentsaurrekoan.

Sebastien Castet Euskal Konfederazioko kideak Kanalduden bertan azaldu du Blanquer ministroak gidatutako Batxilergoko erreformak kalte handia egin diola euskarari, puntuazioan latinaren eta grekoaren azpitik geratu baita hizkuntzaren balioa. Urtez urte murgiltze ereduan ere trabak jartzen dituztela adierazi du: «Iaz, hiru proiektu zeuden Ipar Euskal Herrian; azken finean, bi ireki ziren, gurasoen eta irakasleen mobilizazioei esker». Azaldu du antzeko arazoak dituztela Korsikan. «Hori ez da lege bati lotua, erreforma bati lotua; hori da borondateari lotua, eta borondate txar hutsa erakusten ari da gobernua».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.