Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa

Su eztian egositako finala

Jon Maia Soriak irabazi du Tolosako finalerdietako kanporaketa, 494,5 punturekin, eta abenduaren 14an finalean kantatuko du. Lau emakume eta lau gizon ariko dira finalean.

Jon Maia kantuan, eta atzean Oihana Iguaran, gaur Tolosan.
Jon Maia kantuan, eta atzean Oihana Iguaran, gaur Tolosan. Gorka Rubio / FOKU

Manex Mantxola Urrate -

2019ko abenduak 2

Jon Maia Soriak irabazi du Tolosan jokatu den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako azken kanporaketa, eta honako hauek arituko dira harekin batera: Beñat Gaztelumendi Arandia, Agin Laburu Rezola, Alaia Martin Etxebeste, Ane Labaka Maioz, Nerea Elustondo Plazaola, Oihana Iguaran Barandiaran eta Beñat Lizaso Alberdi. Finala abenduaren 14an jokatuko da, Donostian, Illunben, 17:00etan.

Txapelketa dotorea eginagatik ere, hala behar baitu finalerdietara heltzen den edonork, finalerako sailkatu gabe geratu dira bertsolari hauek —467 punturekin sailkatu da finalerako txartela eskuratu duen azken bertsolaria—): Jokin Uranga Isuskiza (456,5), Iban Urgandagarin Lardizabal (444) eta Haritz Mujika Lasa (432). Azken hori izan da txapelketako nobedadeetako bat, ahobizarrik gabe eta irakurketa kritikoz bertsolarien parnasoan lekua egin duen gaztea.

Gizalegezko agurren ostean, hamarreko handiarekin ekin diote saio puntuagarriari. Bertsolariak rol deserosoetan jartzen dituzte ariketa horretan, eta ez dute lortu bertsoaldi biribilik. Ikusi da batzuek etxeko lanak egin dituztela, eta buruan zekartela ariketari nola heldu. Hala ere, nahiz eta egoki edo gutxienez koherenteki heldu, ez da oso esker oneko ariketa, txalo aldetik bederen.

Zortziko txikiak eman dio bizitasun pixka bat saioari. Dotorea izan da, esaterako, Lizasok eta Iguaranek osatu dutena. Bikote baten rolean jarri dituzte; proba egitearren, ligatzeko aplikazio batean sartu dituzte euren datuak, eta %5eko bateragarritasuna eman die. Lizasok ekin dio: «%5ean jarri gera gu./ Orduan meritua doblea daukagu». Eta Iguaranek erantzun dio: «%5a degu, horixe da koska/ meritua beste %95 da». Dotore biribildu du Iguaranek bertsoaldia: «Aplikazio hori lehendik sobra zen/ itzali mobila ta gu piztu gaitezen».

Seiko motzean ere izan da ale ederrik. Nabarmentzekoa, Iguaranek egindakoa. Guraso baten larruan jarri dute: Uranga semea Gabonetan bikotekidearekin joatekoa zela afaltzera. Aipatzekoa da seiko motzean Maiak eta Mujikak egindako saioa ere: boterera heldu eta euren programa politikoa bete ez duten agintarien rolean aritu dira.

Puntukako ariketan bizi aritu dira bertsolariak tarteka. Elementu gehien jostea Maiak eta Lizasok lortu dute, telebistako sukaldaritza lehiaketa bateko epaileen rolean.

Kartzelan, honela zioen gaiak: «Telefonoak jo du; begiratu duzu, eta berriro ere zenbaki bera da». Bertsoaldi ederrak joan dira, esaterako, Uranga aitonak kalera atera den alaba presoari botatakoak, baita Iguaranek eta Mujikak egindako hausnarketak ere, harremanei eta haietatik eratorritako jarrera toxikoei buruzkoak. Baina bi bertsolarik lortu dute entzulea bereganatzea: Urdangarinek eta Maiak.

Lehenak aguazilaren rolean kantatu du. Goizeko ordu bietan deika ari zaizkiola bota du lehenengoan. Bigarrenean: «Hartu edota ez hartu, lehendabiziko baldintza./ Berriz zenbaki berdina, hauxe da nere desditxa!/ Begiak zabaldu ezinik, gu horrelaxe gabiltza./ Hartu det ta alkateak ez dit ba egin lehen hitza:/ 'jeiki aguro ohetik!', zeinen arrazoi bortitza:/ kotxe bat azeran dago, ez argi eta ez giltza./ Pentsa zeinen gogorra den aguazilaren bizitza». Eta hirugarrenean: «Atean zintzilik dauzkat txilibitua txapela,/ porra re hartu beharko det, jakin gerta daitekeela./ Baina ohera begira, pauso bat eman ta bela,/ berriro bertan sartu naiz, izurratu daitezela!/ Ertzainena omen da ta eurek mugi dezatela!». Hain zuzen, seiko motzean Lizasorekin kantatzea egokitu zaion gaiari egin dio erreferentzia.

Maiak, berriz, bere esentzia atera du kantura, eta estilo propioz osatu ditu hiru bertso, hiru arrazoi borobilekin. Honela kantatu du: «Maitasuna izan leike usteltzen ez den likore./ Maitasunaren lurretan gu izan ginen bi lore,/ berak jarraitu nahi zuen, ni berriz betiko gorde./ Nik ez nuen izan nahi baina, sentitu nintzen hain borde./ Denbora pasa da eta izan naiteke traidore,/ baina berriz daukat deika, ze bildur ta ze ohore/ Maitasuna eman nahi dit ta ez du eman nahi amore». Bigarrenean: «Haseran ilusiotan eman genuen urratsa./ Gero lurra malkoekin bilakatu zen lokatza./ Nunbait ez da desagertu oraindik gure lorratza/ ta niri begira dauka dei horrek iparrorratza./ Telefonoari begira gorputzak a ze balantza./ Hartu edota ez hartu, bertan utzi edo altxa./ Nigan zalantza pizten du ta beregan esperantza». Eta galdera batekin amaitu du: «Sarri asko pentsatu det mundu triste, mundu hitsa./ Dei batek izan dezake etorkizunaren giltza./ Ez ginela elkartuko jarri genuen baldintza,/ baina jakin-mina dugu barrua jaten dun sitsa./ Beraz banoa aurrerantz, ahaztuaz lehengo desditxa./ Misterioz betea dago bihotza eta bizitza./ Hainbeste eman zidanari zergatik ukatu hitza?».

Horrenbestez, erabakita geratu da Illunbeko zortzikotea, generoz parekidea eta adinez plurala. Gogoratzeko moduko final bat egosteko osagai guztiak dauzkana.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna