EAE-ko Estatus politikoa

EAJren legelari adituak dio "aurrerapen bat" lortu dutela estatutua berritzeko

Mikel Legardak esan du «bete» dela lantaldearen eginkizuna. Autogobernuak Espainiako Estatuaren «lurralde eredu berrian» tokia izan dezan nahi du Iñigo Urkulluk. EAEko PPk erreforma prozesua artxibatzeko eskatu du

Iñigo Urkullu, gaur, Bilbon, Vocento taldearen foro batean.
Iñigo Urkullu, gaur, Bilbon, Vocento taldearen foro batean. Luis Tejido/Efe

Berria -

2019ko abenduak 2

Mikel Legarda EAJren legelari adituak esan du haien lantaldeko «desadostasunez harago, autogobernuaren itun berri baterako aurrerapen bat» egon dela. EAJk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek izendatutako adituek EAEko estatutu politiko berriaren testu artikulatua aurkeztuko dute Eusko Legebiltzarrean, nahiz eta ikuspuntu desberdinak dituzten erabakitzeko eskubideaz.

Legardaren arabera, adituen lantaldea «modu zintzo batean» aritu da beharrean, ikusi da «proiektu denek konplexutasuna» dutela, eta esan du haien lana «bete» dela. Legebiltzar atarian egin ditu adierazpenok, Gasteizen.

Urkulluk proposamen «bideragarria" nahi du

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak uste du Espainiako Estatuan ireki daitekeen jokalekua «egokia» izan ahal dela "[EAEko] autogobernu sistema bereziak [estatuko] lurralde eredu plural berrian» tokia izan dezan, eta esan du bere apustua «errealitate nazionalaren aitortza» lortzea dela. Halaber, EAEren eta Madrilen arteko «aldebikotasuna» eskatu du, Vocento hedabidearen foro batean, Bilbon, eta uste du «errespetuzko topagune bat» behar dela.

«Adostutako akordio bat da irtenbiderik onena», Urkulluren arabera. «Errespetua» agertu die «legezkotasun printzipioari» eta «demokratikoari», eta «erabakitzeko gaitasuna eta paktatzeko beharra» aipatu ditu. Haren arabera,

Erabakitzeko eskubidea ez da «batzuen aldetik totem gisa eta besteen aldetik tabu gisa hartu behar». Espainiako Konstituzioak babestutako eskubide historikoen «interpretazio malgu bat» beharko litzatekeela esan du. «Kontua da proposamen bideragarri bat egitea eta ibilbide instituzionala izan dezala».

Bingen Zupiria Jaurlaritzako Kultura sailburuak Onda Vasca irratian azaldu du testu artikulatuan dagoen adostasun mailagatik EAJ, PSE-EE eta EPren arteko «oinarrizko akordio bat" egon daitekeela estatutu berria onartzean. «Nabarmentzekoa iruditzen zait 60 artikulu ingurutan bat etortzea haiek». Uste du hori izango dela «jarrerarik praktikoena», eta iradoki PP «edozeren aurka» azalduko dela eta EH Bildu bere planteamenduetan «maximalista» izango dela. Zupiriak esan du Jaurlaritza ez dela sartu adituen lanean.

1979ko adostasuna «zabaldu» beharra ikusten du, eta adierazi du ez dakiela aurrerapausoa litzatekeen euskal gizartean dagoen «aniztasuna» ez aintzat hartzea. Kultura sailburuaren esanetan, gainera, ez da nahikoa izango Eusko Legebiltzarreko taldeen adostasuna erdiestea. «Handik aterako den testua Madrilen negoziatu eta berretsi beharko da, eta denok badakigu zailtasunak egongo direla, ez baita borondate politiko bat izango». Gogoratu du 1979ko estatutua oraindik bete gabe dagoela.

Estebanek dio EAJ «erabat leial» izan zaiola oinarrien akordioari

Aitor Esteban EAJren Espainiako diputatuak esan du bere alderdiaren DNAn dagoela autodeterminazio edo erabakitzeko eskubidea, «mundu guztiak dakien bezala», eta ikusiko dela «inola ere» ez dutela baztertu EH Bildurekin estatutu berriaren oinarriez lortutako akordioa. Hala, adierazi du EAJren legelari Mikel Legarda akordio horri «erabat leial» izan zaiola. Estebanen ustez, EH Bildu da adituen taldeko akordiotik aldendu dena, jarrera «maximalista» izanda, eta iragarri du kontsentsutik «kanpo» geratuko dela, 1979ko estatutuan AP bezala —HBk abstentzioaren alde egin zuen—. Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, Estebanek PSE-EEri ere «malgutasuna» izateko eskatu dio, adostasuna erdiesteko «jarrera immobilista baitu».

«Zer gertatuko da?», galdetu du. «Ikusiko dugu egungo legedian zer alda daitekeen». Gogoratu du «herri honetan eta Eusko Legebiltzarrean gehiengoa» direla euskal nazioaren aitortzaren eta erabakitzeko eskubidearen alde daudenak. Azaldu du EAJk ez duela nahi itun berriaren lanketaren bukaera «frustrazio bat» izaterik. Denen partetik «zuhurtzia eta, batez ere, malgutasuna» izan beharko dela aipatu du.

EPk alderdien mahaia proposatu du erabaki eskubideaz hitz egiteko

Andeka Larrea EAEko Ahal Dugu-ko Komunikazio idazkariak uste du estatutu berriaren «oinarrizko« arloetan «kontsentsua» dagoela, eta «bi-hiru kontutan soilik» falta dela akordioa, nahiz eta aitortu duen funtsezko auziak direla erabakitzeko eskubidea eta Espainiako Estatuarekiko harremana. Larreak prentsaurreko batean adierazi duenez, «elkarrizketa bidez konpondu» daitezke erabakitzeko eskubideari buruzko desadostasunak. «Hitz egiteko gai izan behar da adostutako irtenbide batera iristeko. Elkarrekin Podemosek blokeo horretatik irtetea planteatzen du». «Borondatea» beharko da, haren iritziz. EPk, hala, erabakitzeko eskubideaz eztabaidatzeko alderdien arteko mahai bat eratzea proposatu du, eta Autogobernu Lantaldeak bere bidea jarraitzea, aldi berean. 

Larreak adierazi du EAEko estatutu berriak «egungo euskal gizartearen antza» izatea dela garrantzitsuena.

EPk adituen lantalderako izendatutako Arantxa Elizondok azaldu du espero duela testu artikulatua legebiltzarrarentzat «oso balekoa» izatea. "Hari dagokio prozesua jarraitzea». 

PPk erreforma prozesua artxibatzeko eskatu du

Alfonso Alonso EAEko PPren presidente eta legebiltzarkideak estatutuaren erreforma prozesua «artxibatzeko» eskatu du, legebiltzarrean egindako prentsaurrekoan. Uste du orain arteko lanek «porrot» egin dutela, eta abertzaleen planteamenduak ez direla konstituzionalak. Ondorioz, esan du erreformarako lanak bukatutzat eman behar direla. PPren aditu Jaime Ignacio del Burgok bere txostena aurkeztu du legebiltzarrean. PPk ez du Gernikako Estatututik harago joan nahi.

Alonsoren arabera, adituen urtebete pasako lanaren ondotik, alderdien arteko «arrakala zabaldu» egin da, eta talde abertzaleei ohartarazi die autodeterminazio eskubideak ez duela «inolako aukerarik» Espainiako legedian txertatzeko. Gainera, azaldu duenez, «espainiar herritartasuna baino ez dago» jasoa egungo legedian eta «euskal nazioa sekula ez da egon».

EAJren eta EH Bilduren xedeekin onartutako estatutu bat «inora» ez doala adierazi du Alonsok, eta «Ibarretxe planaren» bide bera lukeela: «Gorteek ez lukete onartuko».

Del Burgoren iritziz, lantaldea «erabateko porrota» izan da. «Ez bertako kideen gaitasunik ezagatik, baizik eta [adostasuna] ezinezkoa zelako. Lau testu desberdin aurkeztu dira». Haren arabera, EAJ-EH Bildu oinarrizko akordiotik «gehien hurbildu» den testua, EH Bilduren adituarena izan da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna