Literatura

Beste koska bat Sarrionandiaren pentsamenduan

Idazlearen Airea ez da debalde Habanako gaukaria argitaratu du Pamielak. Iazko Bizitzea ez al da oso arriskutsua? lanaren segida da. Kubaz, kulturaz, kolonizazioaz, herriaz, iraganaz eta orainaldiaz mintzo da bertan egilea.

Joseba Sarrionandia.
Joseba Sarrionandia. Jose Goitia

Amagoia Gurrutxaga Uranga -

2019ko abenduak 2

Gaur urtebete, Joseba Sarrionandiaren (Iurreta, Bizkaia, 1958) Bizitzea ez al da oso arriskutsua? saiakera aurkeztu zuen Pamiela argitaletxeak, Donostiako Koldo Mitxelena kulturgunean. Toki berean egin dute gaur lan haren segidaren aurkezpena: Airea ez da debalde. Hala, Habanako bi gaukari eman ditu idazleak urtebete juxtuko tartean.

Habana hirian eta gauez idatziak izateak batzen ditu bi lanak. Ez horrek bakarrik, hala ere, Joxe Mari Iturralde idazlearen (Tolosa, Gipuzkoa, 1951) esanetan. “Duela urtebete hemen ginen Habanako lehen gaukaria aurkezten, eta gu hemen lan hura aurkezten ari ginen bitartean, Sarrionandia Habanan ari zen gaurko hau idazten”. Iazko azaroaren 1etik aurtengo otsailaren 28ra bitarteko idatziak biltzen ditu bertan, izan ere, eta honela irakur daiteke: “Haren jarraitzailea izango da beste hau, argitaratuz gero”.

Duela urtebeteko aurkezpenean, Iturraldek zioen Ni ez naiz hemengoa (1985) eta Bizitzea ez al da oso arriskutsua? liburuekin zirkulu bat osatzen ari zela Sarrionandia. “Arku bat irudikatzen nuen, bi zutabe horien gainean jarrita. Arku batek zirkunferentzia erdia osatzen duenez, beste erdia falta zitzaion zirkunferentzia osoa osatzeko. Orain, Airea ez da debalde liburuarekin, beste laurden bat erantsi dio zirkunferentziari”, nabarmendu du gaur.

Zirkunferentziaren laurden horren izenburuak gogora dakar Sarrionandiak Habanako kaleetan bizi izandako pasadizo bat, Iturralderen hitzetan: “Kuban, pneumatikoaren zulaketari ponche deitzen zaio; eta zulatuak konpontzeko tailerrari, ponchera”. Tailer horietako batean, bada, bizikletadun batek bere erreminta kaxa zabaldu du, zulatua konpontzeko behar direnak saltzeko-edo. Puzgailuaren goma luzea borobilean bilduta dago, kakotik eskegita horma zurian. Eta gainean, pintatuta: Airea ez da debalde. “Beraz, dena salgai dago, dirua errege. Izan ere, denak du bere prezioa leku guztietan. Kuban gehiago, beharbada”, Iturralderen aburuz.

Tantaka irakurtzekoa

Fernando Rey itzultzaileak (Iruñea, 1961) egin ditu Sarrionandiaren lan berriaren editore lanak, eta, nabarmendu duenez, “Ni ez naiz hemengoa eta Bizitzea ez al da oso arriskutsua? liburuetan bezala, tantaka, dosi txikietan, egunkari baten gisan, zer pentsatua eta zer sentitua ematen dio irakurleari lan honekin”.

Tanta horien artean aletzen ditu idazleak, editorearen arabera, Kubako eta Habanako gertaerak eta zertzeladak; Ameriketako indigenen historia, kultura eta bizimodua; “eta haien giza eskubideen urraketak eta defentsa”. Baita Sarrionandiaren beraren bizitzaren xehetasun, gogoeta eta desirak ere. Eta, han-hemenka, idazleak besteren liburuetan aurkitutako aipamenak.

“Saiakeretan, batzuetan, oso afirmazio borobilak egiten dira, baina Sarrionandia ez da saiakeragile orojakile ageri, baizik eta oroiradokitzaile”, Reyren hitzetan. “Mila detaile, aipamen eta gogoeta konpartitzen ditu irakurlearekin. Oso liburu aberatsa iruditzen zait alde horretatik”. Liburuan bertan jasota dagoen esaldi bat nabarmendu du editoreak: “Batzuek hitzak ipintzen dituzte paperen gainean. Beste batzuek paperak ipintzen dituzte hitzen gainean”. Sarrionandia lehendabiziko talde horretakoa da, Reyren aburuz.

Joxe Mari Iturraldek, bada, idazlearen aurreko paperak ekarri ditu gogora azken liburuaren gaiak aletzerakoan: “Moroak gara behelaino artean? eta Lapur banden etika ala politika liburuak ezagutzen dituen irakurlea bide ezagunetan aurkituko da Airea ez da debalde-ko pasarte askorekin topo egitean”. Herria zer den galdetzen hasten denean, esate baterako. “Herriaren kontzeptua erreibindikatu egin behar dela esaten du Sarrionandiak. Besteak zer diren jakina dela diosku, eta herria zer den erabakitzeko dagoela oraindik. Eta kontzeptu hori gero herri kolonizatu izatearekin lotzen du, euskara dela eta”.

Adar askoko pentsamendua agertzen du Sarrionandiak bere azken lanean. Adar horietan erakargarriena irakurlearentzat, Iturralderen arabera, idazlearen alde intimo eta kuttunena erakusten duena izan daiteke: “Aipamen pertsonalak egiten dituenean, esate baterako, zortzi egunez torturatua izan ostean kartzelan nola egon zen kontatzen digu. Eta lagunak aipatzen dizkigu. Eta familia: 15 urteko Mikel eta 4 urteko Ainhoa seme-alabak. Badaude pasarte hunkigarriak, bestelako Sarrionandia bat erakutsiko digutenak”.

Pott Bandan kide izan zuen eta adiskide duen idazleari buruzko desideratum batekin amaitu du aurkezpena Iturraldek: “Orain hemen eguna da, eta Habanan gaua da. Agian, oraintxe bertan, hura iaz idazten ari zen liburu hau guk komentatu dugun bitartean, Sarrionandia idazten ari da datorren urtean argitaratuko duen liburua. Horrela, zirkulua erabat itxiko du. Hala bada, espero dut bera egotea hemen zuen aurrean aurkezpen lanak egiten. Hala izan bedi”.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna