Euskaraldia

Ariguneak sortzen hasteko prest agertu dira hamabost entitate

Datorren urteko Euskaraldian protagonismoa hartuko duten entitateen lagin bat aurkeztu dute Bilbon. Ariguneak sortzea izango da entitateon lanetako bat, euskaraz hitz egiteko «gune babestuak».

Euskaraldiarekin bat egin duten hamabost entitateak, gaur, Bilboko Itsas Museoan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Maite Asensio Lozano.
2019ko abenduaren 2a
22:19
Entzun

Datorren urteko Euskaraldirako giroa sortzen hasi da jada. Pixkanaka ari dira ariketa sozialean parte hartu nahi duten entitateak izena ematen, eta gaur horietako hamabost agertu dira jendaurrean, beren konpromisoa erakustera. Edozein tamaina, izaera edo jatorri izan dezakete entitateok, eta horren erakusle da Euskaltzaleen Topaguneak Bilbon aurkeztu duen lagina: Oreka IT aholkularitza taldea, Bilboko SGEL liburu denda, GKN Zumaiako automozio arloko enpresa, Duguna dantza taldea, Kutxabank, Athletic fundazioa, Musikene, Elika fundazioa, Euskal Herriko Laborantza Ganbera, Bilgune Feminista, Laneki argitaletxea, Artepan okindegiak, Sokoa altzari ekoizlea, UVESCO taldea eta Euskal Herriko Meatzarien Museoa. 

2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra izango da bigarren Euskaraldiaren, Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan lelopean. Entitateek izango duten rolaren erakusgarri da Duguna dantza taldearen azken urteetako bilakaera. Batez ere gaztelaniaz jardun izan direla azaldu du Aritz Ibañez kideak: «Baina duela zazpi urte gure Euskaraldi propioa egitea erabaki genuen». Gogoratu du dantzarietako asko euskaldunak zirela ordurako, eta hizkuntza ohiturak aldatzea erabaki zutela. «Entseguetan euskaraz egiten hasi ginen, eta horrek dinamika zabalago batera eraman gaitu: egun, entseguetan zein entseguetatik kanpo izugarri igo da euskararen erabilera». Iaz kide gehienek hartu zuten parte Euskaraldian: «Ez genuen gaztelerazko hitzik aditu. Jakin gabe, arigune izan ginen, eta datorren urtean kontzientzia osoz izanen gara».

Horixe izango baita bigarren Euskaraldiak ekarriko duen jauzia: pertsonen hizkuntza ohiturak aldatzea ez ezik, taldeetako harremanetan ere eragin nahi du; hori dela eta, entitateek protagonismo berezia izango dute, «euskaraz aritzeko guneak zabaltzeko eta areagotzeko». Ikuspegi horrek beste berritasun bat ekarriko du: ahobizi eta belarriprest rolez gain, ariguneen kontzeptua sortu dute.

Barruko zein kanpoko ariguneak

«Euskaraz lasai egiteko gune babestuak izango dira», Rita Aldabaldetreku Euskaraldiko koordinatzaileak azaldu duenez. Euskaraz une oro hitz egiteko aukera bermatuko dute eremu horiek: «Arigunea osatzen duten kide guztiek euskara ulertu behar dute, eta euskaraz hitz egin nahi dutenekiko aldekotasuna adierazi behar dute». Entitateen barrura zein kanpora begira egon daitezke ariguneok: lehenen helburua da barruko funtzionamendua euskaraz izatea, eta bigarrenena euskarazko zerbitzua edo arreta eskaini ahal izatea.

Horretan ari dira jadanik izena eman duten entitateak: ariguneak identifikatzen, sortzen eta bultzatzen; izan ere, baldintza horiek betetzea ezinbestekoa izango da izena eman ahal izateko. Kutxabankeko ordezkari Eduardo Ruiz de Gordejuelak berretsi du inplikazio handiagoa eskatuko duela bigarren Euskaraldiak, baina emaitza onak espero dituztela: «Nahiko erakunde elebiduna dugu ezagutzaren eremuan, baina orain erabilerari heldu nahi diogu».

Entitateek datorren urteko uztailera arte izango dute izena emateko aukera; ondoren, ahobizi eta belarriprest roletan arituko direnen txanda izango da: 2020ko irailetik azarora arte eman ahalko dute izena.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.