Literatura

Turistentzako mapez gaindiko Paris batean

Toure protagonista duen saileko zazpigarren nobela plazaratu du Jon Arretxek: 'Mesfidatu hitzez'. Egoera zailak umorearekin uztartu ditu.

Jon Arretxe idazlea, 'Mesfidatu hitzez' nobela berria eskuetan, Donostian.
Jon Arretxe idazlea, 'Mesfidatu hitzez' nobela berria eskuetan, Donostian. Juan Carlos Ruiz / Foku

Ainhoa Sarasola -

2019ko abenduak 2

Notre Dame, Eiffel dorrea, Louvre, Sena ertzetako kaleak... Parisera doazen turisten ohiko ibilbidean daude. Horietan ere ibiliko da Toure, baina batez ere hiriko oso bestelako bazter batzuetan kokatu du pertsonaia Jon Arretxe idazleak Mesfidatu hitzez (Erein) lan berrian. «Kokaguneak, pertsonaiak, trama; dena da lumpen girokoa», haren hitzetan. Ohikoa duen moduan, umorearekin tartekatu ditu kontakizuneko misterio, ezusteko eta egoera zailak.

Aspalditik dabil Toure idazlearen lumaren aginduetara, 2012an 19 kamera argitara eman zuenetik. Ordutik, ia urtero plazaratu du bera protagonista duen nobela bat —612 euro (2013), Hutsaren itzalak (2014), Estolda jolasak (2015), Sator lokatzak (2016) eta Ez erran deus (2018)—, Ereinekin guztiak. Eta argitaletxe berarekin kaleratu du orain lan berria, protagonistaren ibilerei jarraipena ematen diena. Burkina Fason sortua da ikertzailea; Bilboko San Frantzisko auzoan bizi izan zen lehen eleberrietan, baina ihes egin behar izan zuen, eta Orbera, hots, Nafarroako Pirinioetako alegiazko herri txiki batera eraman zuen Arretxeren lumak, sail bereko aurreko liburuan. Han ere bakerik topatu ez, berriro ihes egin, eta Parisera joan zen orduan, Yareliz lagunarekin. Hantxe garatuko da nobela berriko kontakizuna.

«Toure, lehen aldiz bere bizitza europarrean, gustura, eroso sentitzen da», azaldu du idazleak. «Nafarroako herri galdu hartan martziano bat zen Toure. Bilboko San Frantzisko Afrika txiki bat da, eta han, gutxi gorabehera, ondo zegoen. Baina Parisera ailegatzen denean konturatzen da hura Afrika handi bat dela; erdigune turistiko horretatik pixka bat irtenez gero, badira auzo batzuk guztiz afrikarrak direnak». Haietan ibili zen Arretxe, liburuko bikotea bizi den Barbes auzoan batez ere, nobelarako dokumentatzen. «Metrotik kalera atera, eta den-dena da afrikarra; horrexegatik, Toure eroso sentitzen da han».

Ekonomikoki ere «oparotasunean» bizi da; dirua sobran du, hasieran behintzat. Arrazoia, lehen orrialdeetan agertzen denez, bere «ogibide berria» da: sutan dago Notre Dame, eta inguruetan dabiltza bera eta Yareliz, garrei aho zabalik begiratzen edo selfie-ak ateratzen ari direnei poltsikoak husten. Beste leku batzuetan ere egiten dituzte lapurretak, eta diru arazorik ez dute. «Gero konplikatuko zaie kontua».

Hain zuzen, Yarelizek eskatuta, desagertu egin den neska haitiar bat bilatu beharko du Tourek, eta mafia txinatarrarekin topo egingo du. Mafia nigeriarra ere agertuko da kontakizunean, eta, idazleak aurreratu duenez, mendekua hartzeko aukera izango du aurreko nobela batean hil zuten bere alabaren heriotzagatik.

Askotariko pertsonaiak

Parisko Barbes auzoa, La Goutte d'Or aldea, Belleville, 13. barrutiko txinatar auzoa... horietan guztietan ibiliko dira eleberriko pertsonaiak. Aurreko lanetan bezala, eta Toure bezala, askotariko jatorritakoak dira denak. Karibetarra da Yareliz, haitiarra neska desagertua, kolonbiarra da beste emakume bat, txinatarra beste bat, nigeriarrik ere bada... «Denak dira zuri-zuriak, ario-arioak», bota du, ironiaz, Arretxek. Bere garaian, Morto vivace nobela ere (2007) Parisen girotu zuen idazleak, eta bertan ageri ziren bi pertsonaia berreskuratu ditu lan berrirako: bi polizia. Haien nagusia da «nobelako zuri bakarra», Urtxintxa esaten dioten gizona.

Bi polizia horiek jokorik emango dutela suma daiteke idazleak emandako azalpenetan. «Badirudi, printzipioz behintzat, nahiko ondo portatuko direla Tourerekin, San Frantziskon topatzen zituen polizia gaizto haiek baino askoz hobeto». Badirudi horretan jarri du azpimarra. «Badirudi lagun izango dituela, baina badirudi». Nobelaren titulua gogoan izateko gomendatu du; Belleville auzoko horma irudi batean ikusi zuen idatzita, eta hortik hartu. Gogora ekarri duenez, Toure aurreko nobeletan «oso pertsona onbera eta zintzoa zen hasieran, baina alde guztietatik ematen zioten egurra, horrexegatik, fidatzeagatik». Horregatik izenburua.

Idazkerari dagokionez, kontakizun doia egiten ahalegindu dela azaldu du, eta hari erritmoa ematen. «Nik beti izan dut obsesioa ezer ez sobran egotearekin, lastorik ez egotearekin. Erritmo bizia ere izan behar dute nobela beltzek, akzioa, ustekabea. Umorea ere beti egon behar da, negargura konpentsatzeko. Eta kritika soziala, jakina: bestela, ez litzateke nobela beltza izango».

Arretxeren lumak gidatzen du Toure, baina alderantziz ere badela esan liteke. Izan ere, aitortu du liburu bat hastean ia inoiz ez duela jakiten nola bukatuko duen, eta Tourek berak gidatzen duela askotan. Aurreko lanak irakurri gabe ere hel dakioke liburuari, haren ustez, eta bukaera jakina badu ere, hurrengo istoriorako prest uzten du irakurlea. Istorio hori non kokatuko duen buruan darabil dagoeneko.

Intrigari une oro eusten dio nobelak, Inazio Mujika editorearen ustez: «Eskutik heltzen zaitu lehenengo momentutik, eta bukaera arte ez zaitu uzten».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna