Metamorfosi ekologikorako ituna aurkeztu du Bizik

Mugimendu altermundialistak zazpi arlotan engaiamenduak hartzea proposatuko die herrietako hauteskundeetara aurkeztuko diren zerrendei. Sinadura bilketa bat abiatu dute, eta martxa bat iragarri dute martxoaren 2tik martxoaren 7ra.

Bizi-ko kideak, gaur goizeko prentsaurrekoan, Baionan
Bizi-ko kideak, gaur goizeko prentsaurrekoan, Baionan Ekhi Erremundegi Beloki

Ekhi Erremundegi Beloki -

2019ko abenduak 3

2014ko herrietako hauteskundeei begira, 53 neurriko ideia kutxa bat aurkeztu zuen Bizik, herriko bozetan aurkezten ziren zerrendek engaiamenduak har zitzaten. Ipar Euskal Herriko biztanleriaren %75 ordezkatzen duten 30 herriko etxetan hautatu zituzten engaiamenduak hartutako zerrenda eta hautetsiak, eta Hitza Hitz batzordea sortu zuten, beteko zirela segurtatzeko. 2016an eta 2018an atera zituzten lehen txostenak, eta gaur ondorioen txostena aurkeztu dute. Batez bestean, aurkeztuak ziren 53 engaiamenduetatik 12,6 hartu zituzten herriko etxeek, eta engaiamendu horien %43 gauzatu dituzte. «Ororen buru, tresna kutxako ekintzen %10 inguru baizik ez dira gauzatuak izan azken sei urteetan. Zinez gutxiegi da», adierazi du Xabier Harluxet Biziko kideak.

Horrez gain, gai batzuk sakonkiago landu nahi izan dituzte; bigarren etxebizitzena, adibidez. Engaiamendua hartu duten 17 herri tentsio handiko eremuan dira; kasu horretan, %60 arteko zerga gehigarria ezarri diezaiekete bigarren etxebizitzei. «Horietako hiruk bakarrik aplikatzen dute halako zerga bat; gehienek ez dute aplikatzen, edo %20 ingurukoa bakarrik», deitoratu du Anthony Biziko kideak. «Alta, Hego Lapurdiko herri anitzetan %40 bigarren etxebizitzak dira. Ikaragarriak dira». Haren hitzetan, horrek etxebizitzaren prezioa emendatzen du eta herritarrak barnealdean bizitzera behartzen ditu: «Garraioa emendatzen du, eta jendea autoaren menpekotasunera eramaten du. Ondoko hauteskundeetan landu beharko den gai zentral bat da».

2020ko herrietako hauteskundeetarako, metamorfosi ekologikorako ituna proposatuko diete bozetara aurkeztekoak diren zerrenda guziei. Zehazki, zazpi arlotan banatutako neurriak hartzea: bakarkako autoaren erabilpenarekiko alternatiboak diren mugikortasun guzien alde ekitea; egoitzetan energiaren menperatzearen alde ekitea; tokiko elikagaien eta laborantza biologikoaren alde ekitea; %100 berriztagarriak diren energien lurralde baten alde ekitea; euskoaren garapenari esker tokiko ekonomiaren alde ekitea; hondakinak murriztearen eta ekonomia zirkularraren alde ekitea; Ipar Euskal Herriko Klima-Airea-Energia lurralde plana osoki gauzatzea.

Sinadura bilketa

Hauteskundeetarako itun hori bere osotasunean baizik ez dute onartzen ahalko bozetara aurkeztuko diren zerrendek. «Heldu diren urteetarako Euskal Elkargoaren politika finkatuko duten dokumentuak gaur idazten ari dira (Klima-Aire-Energia lurralde plana; Herriarteko Tokiko Hirigintza Plana; Bizilekuen Tokiko Programa, Hiri Bidaien Plana, Herriarteko Publizitatearen Tokiko Araudia...). Dokumentu horiek lurralde mailan estrategia ausart eta koherente bat plantan ezartzeko bidea emanen lukete klima aldaketaren kontrako borrokan parte hartzean. Mobilizatu behar dugu dokumentu garrantzitsu horiek erronka horien mailan izan daitezen», adierazi du Bizik.

Halaber, sinadura bilketa bat abiatu dute itun horri babesa emateko, eta jadanik 1.000 izenpetzailetara iritsi dira. Martxoaren 5ean sinadura ekitaldia eginen dute Uztaritzen, itunarekin bat eginen duten zerrenden engaiamendu hartzea ofizializatzeko. Azkenik, kanpaina babesteko martxa bat ere eginen dute; martxoaren 2an Mauletik abiatu, eta martxoaren 7an Baionara helduko dira, 15:00etan. Egun horretan ekitaldi bat eginen dutela iragarri dute. 

 

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna