Espainiako negoziazioak

PSOEk eta ERCk aurrera egin dute "gatazka politikoa" konpontzeko bidean

Gai zehatzetan adostasunak lortzeko bidean daudela azaldu dute bi alderdiek. Abenduaren 10ean bilduko dira berriz.

ERCko eta PSOEko kideak, lehen bileraren aurretik.
ERCko eta PSOEko kideak, lehen bileraren aurretik. Javier Lizon / EFE

Iosu Alberdi -

2019ko abenduak 3

"Bigarren bilera honetan berretsi da gatazka politiko bat dagoela, eta politikoki konpondu behar dugula", ageri da PSOEk eta ERCk batera plazaratu duten komunikatuan. ERCk Pedro Sanchezen inbestidurarako ezezkoa mantenduko zuela esanez amaitu zuen bi alderdien arteko lehen bilera, baina gaurkoak negoziazioak birbideratu ditu. Agiri berriak ez du halakorik aipatzen, eta bien arteko adostasunetan zentratzen da.

"Bide politikoa" abian jartzeko "hausnarketan" aurrera egin dutela adierazi dute, eta abenduaren 10erako iragarri hirugarren bilera bat. Alderdiek gehitu dute gai zehatzetan adostasunak lortzeko bidean direla, "sentsibilitate sozial bera" elkarbanatzen dutela azpimarratuta; eskubide zibiletan, sozialetan eta laboraletan.

ERCk lehen bileran argi utzi zuen gatazkaren konponbiderako ezinbestekoa dela Espainiako eta Kataluniako gobernuen arteko mahai bat ezartzea; betorik gabea, egutegi batekin eta adostutakoa betetzeko bermearekin. Alderdi bereko iturriek adierazi dute elkarrizketa mahai hori hizpide izan zutela aurreko asteko bileran, eta gaurkoan ere egin direla zehaztapen batzuk haren inguruan; esaterako, gaiak eta egutegia. Akordio zehatzik ez dago, ordea.

PSOEk ere aldatu du hitz egiteko era. Hauteskunde kanpainan "bizikidetza krisi" gisa definitu zuen Pedro Sanchezek Kataluniako aferako. Orain, berriz, "gatazka politiko" hitzak erabili ditu PSOEk. Elkar ulertzeko gakoetako bat da hori, eta hala uzten du agerian alderdiko Antolaketa idazkari eta Espainiako Sustapen ministro Jose Luis Abalosen baikortasunak. Abalosek adierazi du bilera "ongi" joan dela, eta "aurrerantz" doazela ERCren abstentzioa lortzeko bidean.

Abenduaren 10 Espainiako erregeak alderdiekin bilera erronda hasteko eguna izan zitekeen, inbestidura saioa abenduan egin zedin, Gabonen aurretik. Alderdiek negoziazio mahaian jarraitzeak, ordea, prozesua atzera dezake. Aurretik, ERCk behin eta berriz adierazi du ez duela presarik akordio bat lortzeko, PSOEk adostutakoa betetzeko bermeak eman arte.

JxC, ezezkoan

Junts per Catalunyarekin ere biltzekoa zen arratsaldean Adriana Lastra buruzagi sozialista, baina bertan behera geratu da, Lastrak min hartu duelako Kongresu barruan: oina bihurritu zaio eskailerak jaistean, bozkatzera zihoanean. Azkenean, bihar izango da bilera hori. JxCat-ek Sanchezen aurka bozkatzeko asmoa du gaur-gaurkoz, eta zail dirudi iritziz aldatzea. Horretarako, hainbat baldintza bete beharko lituzkete sozialistek: tartean Carles Puigdemont eta Quim Torra gobernuen arteko negoziazio mahaian onartzea eta nazioarteko bitartekaritza bat onartzea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna