Albistea entzun

Enpresak

Euskaltelek Virgin markarekin hedatu nahi du Espainian, lehenbailehen

Jose Miguel Garcia ordezkari kontseilariak dio ez dagoela zuntz sarea saltzeko planik «orain». Konpainia estrategikoaren egoitzak Euskal Herrian jarraituko duela «bermatu» du.

Jose Miguel Garcia Euskalteleko kontseilari ordezkaria, gaur
Jose Miguel Garcia Euskalteleko kontseilari ordezkaria, gaur JUAN CARLOS RUIZ /FOKU

Xabier Martin -

2019ko abenduak 4 09:30

Gai batzuetan epel izanda ere, Euskaltelen inguruko kezkak argitzeko urratsa egin du Zegona Erresuma Batuko funtsak jarritako kontseilari ordezkariak. Jose Miguel Garciak ukatu egin du zuntz sarea saltzeko planak daudela «orain», eta «bermatu» du Euskaltelen egoitza nagusia Zamudion (Bizkaia) egongo dela aurrerantzean ere. Konpainia «Espainiako merkatu osoan» lehiatzeko prestatzen ari dela berretsi du, eta zabaltzeko ariketan Erresuma Batuko Virgin marka sartu du, «egokia» delakoan; etxean, Euskaltel markari eutsiko litzaioke, edonola ere. Euskal erroa indartzeko ildoan argitu ditu, beraz, Euskaltelen inguruko zalantzak, eta inbertitzaile posibleei esan die «ongi etorriak» direla, baita Eusko Jaurlaritzari ere.

Hain zuzen, Jaurlaritzako zein Gipuzkoako Diputazioko hainbat ordezkariren, enpresariren eta kazetariren aurrean jorratu zuen atzo enpresaren gaurkotasuna, Adegik eta Kutxabankek antolatutako lan gosari batean. Eta gaurkotasun horretan berezko lekua dauka «Espainiako merkatu osora» aurki hastekoa den hedapenak. Hainbat hedabidek argitaratu dutenez, zabaltze hori finantzatzeko, aukera bat da zuntz sarea saltzea, baina Garciak baztertu egin zuen salmenta hori oraingoz, «azpiegituraren jabetzari eustea inportantea delako lehiatzen jarraitzeko». Gainera, esplikatu zuen sektoreko beste eragileekin egin daitezkeen akordioen bidez hedatzeko asmoa duela, eta horrek ez duela eskatuko «inbertsio handirik».

"Urgentziazkoa" da zabaltzea

Baina «derrigorrezkoa da Euskaltel ez dagoen merkatuko %85eko zati horretara zabaltzea» ordezkari kontseilariarentzat, «presakoa». Garciaren bide orrian hirugarren urratsa litzateke, dena den, Espainiako merkatu osoan beste bost handiekin lehiatzea. Lehen eginkizunarekin hasia da: efizientzia lortzea, espezializatzea eta «Euskaltelen balioa handitzea».

Datu masiboen kudeaketaren olatua hartzea litzateke bigarren urratsa (big data), datuak kudeatzeko eragile handi bat bihurtzea, eta industria enpresa handiek «egin behar duten datuen iraultza teknologiko horretan» bazkide izatea;  zabaltzea da azken urratsa, «iparraldeko eremuan lehiatzen den bezain sendo» lehiatzea «Espainiako merkatu osoan». Hori da helbururik garrantzitsuena Garciarentzat.

Eta zein markarekin zabaldu nahi duen Euskaltelek? Bada, horretan ere ez zuen eskaini erabateko segurtasunik, baina Virgin Erresuma Batuko marka aipatu zuen, «prestigioa baduelako», baina garbi utzita gaur-gaurkoz salmentarik handienak Euskal Herrian dituela konpainiak, eta Euskaltel markak aurrera egingo duela. «Ezin du bestela izan, gure erroa baita eta konpainiaren izaera islatzen baitu; ezin dugu galdu balio hori: Euskaltelen fakturazioaren datuek beren kabuz hitz egiten dute». Espainiako merkatuan lehiatzeko Euskaltelek Euskal Herrian islatzen duen balio hori islatzeko gai den marka bat nahi du, eta Virgin izan daiteke hori, baina «aztertu egin behar da oraindik». Nafarroan, jada Euskaltel markarekin ari direla gogoratu zuen; logikoa dela uste du «hura lehengusua izanda»; Errioxan ere euskal markarekin probatzen ari dira­.

Bakarra Madriletik kanpo

Zegona Euskaltelen akziodun nagusi bihurtu denetik, euskal konpainia estrategiko horren boteregunearen galeraz luze-zabal hitz egin da, baina egoitzaren lekualdatzea erabat bazterturik dauka kontseilari ordezkariak. «Sektoreko eragile handi bakarra gara egoitza Madrildik kanpo duena, eta horrek bereizten gaitu. Egoitza aurrerantzean ere Zamudion (Bizkaia) egongo dela bermaturik dago, hasteko harro gaudelako horretaz». Dena den, Jaurlaritzak ez du baztertu akziodun gisa sartzea konpainian, gidaritzaren orekan eragiteko beharbada. Garciak esan zuen inbertitzaileak «ongi etorriak» direla esan zuen, «erakunde publikoak izan ala ez».

Kontseilari ordezkariaren esanek iradokitzen dute, epe batez behintzat, bazterturik daudela erosketa handiak, alegia sektoreko lehiakide handiekin bat egiteak. Horrek lagunduko luke Patxi Lopezen gobernuak Euskalteli saldutako zuntz sare publikoa Euskaltelen esku jarraitzea.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

EAJko buru Andoni Ortuzar eta CEOEko buru Antonio Garamendi. ©LUIS TEJIDO / EFE

EAJk berretsi du ez duela abstentziora joko ez bada lan itunen lehentasuna aldatzen

Xabier Martin

EAJko presidente Andoni Ortuzarrek esan du ez dela egongo «abstentzio taktikorik» eta ez duela «pasatzen utziko»,  «sinplea eta erraza» delako erkidegoetako lan hitzarmenen nagusitasuna jasotzea erreforman. CCOOko buru Unai Sordok dio bi urte gelditzen direla legegintzaldian «aldaketak egiteko».

Ontzi bat Bilboko portuan sartzen ©Luis Jauregialtzo (Foku)

Esportazioak pandemia aurreko kopuruetara itzuli dira

Jokin Sagarzazu

Petrolio olio finduak, ontzigintza eta siderurgia nabarmentzen dira. Autogintzak ere gora egin du, Araban bereziki; Nafarroan, aldiz, behera.

Sidenorreko behargin bat, lanean, Basauriko fabrikan. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Basauriko Sidenorren lan ituna adostu dute, eta KPItik behera igoko dituzte soldatak

Xabier Martin

LSB-USO, Senda de Ugarte, UGT eta CCOO sindikatuek 2026. urte arteko lan hitzarmena egin dute zuzendaritzarekin, eta soldatak %2,5 igoko dira aurten.

Guggenheimeko garbitzaileek Bilbon egin duten manifestazioa. ©Monika Del Valle / FOKU

Guggenheimeko garbitzaileek babesa eskatu diete hura diruz hornitzen duten erakunde publikoei

Imanol Magro Eizmendi

223 egun daramatzate greban, eta Jaurlaritzak esku hartzea erabaki du, baina, oraingoz, artekari moduan bakarrik

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.