Klima larrialdia

Greta Thunbergen bozgorailutik mintzatu dira munduko gazte indigenak

Erakartzen duen arreta mediatikoa hegoalde globaleko eta komunitate indigenetako gazteengana bideratzeko, Thunberg isilik geratu da COP25en agerraldi batean. Salatu dute krisiaren kalterik handienak jasaten ari direla nahiz eta ia ez isuri berotegi gasik.

Iñaki Petxarroman (berriemaile berezia)
2019ko abenduaren 10a
09:38
Entzun

Isilik geratu da, eta munduko hedabideek inoiz baino ozenago entzun dute gazte indigenen ahotsa. Greta Thunberg Fridays For Future gazte erakundeko ekintzaile suediarra entzuteko gertu zeuden gaur goizean ehunka kazetari, kamerari eta bisitari klima krisiari buruzko COP25en bileraren prentsa areto nagusian, Madrilgo Ifema Erakustazokako gune urdinean. Thunbergek berehala bota du kazetariak harri eta zur utzi dituen iragarpena: «Ohartu gara hedabideen arreta dezente piztu dugula, eta erabaki dugu hori bideratzea hegoalde globaleko eta komunitate indigenetako gazteen ahotsa entzun dadin. Luisa Nebauerrek eta biok ez dugu hitz egingo gaur».
Aretoa lepo beteta zegoen ordurako, nahiz eta segurtasuneko arduradunek bost minutu lehenago hutsarazi zuten, segurtasunaren izenean. Atzera ere barrura sartzeko sekulako ilarak eta bultzadak izan dira kazetarien eta kontrolatzaileen artean, Thunbergen agerraldiak piztutako oihartzunaren seinale.

Gazte indigenen talde batek hartu du oholtza, eta kantu batekin hasi da agerraldia. Marshall uharteetako eta Filipinetako bi gaztek ohartarazi dute bizitzen ari diren egoeraren larriaz. «Klima aldaketari Marshall uharteek egiten dioten ekarpena %0,00001 da. Itsasoa bi metroz gora igotzen bada, guk galduko ditugu itsasoaren gainean ditugun bi metroak». Filipinetako ordezkariak ere antzeko mezu bat eman du: «Filipinetako herritarren %40k arrisku zuzena daukate klima aldaketa dela kausa, herrialderik kalteberena baikara. Hemen zareten agintari globalak: azken aukera duzue egin behar duzuena egiteko».

«Supremazismo zuria»

Gero, beste ideia bati heldu diote. Rose Whippie Hego Dakotako ekintzaileak gogora ekarri ditu oliobide batek euren herrialdean egindako desmasiak. «Gure ibaiaren ur sakratuak gaixotu dituzte. Bost tributako gazteek borroka egin dugu, baina ez da nahikoa izan». Ingurumenaren alde aritzen diren indigenen aurka zuriak egiten ari diren hilketak ere salatu ditu: «Ama lurra babesteagatik hiltzen ari zaizkigu. Supremazismo zuria gu hiltzen ari da».

Nakabuye Hilda ekintzaile ugandarrak ere antzeko ideia bati heldu dio. «Afrikan, klima krisiaren ondorioak pairatzen ari gara, hegoalde globalekoa izatea bekatu bat balitz bezala. Klima krisia beste arrazakeria mota bat da, beste apartheid mota bat da», nabarmendu du. «Zenbat eskola ordu gehiago galdu beharko ditugu mundua jabe dadin gure sufrimenduaz?», galdetu du, Fridays For Future erakundeak ostiraletan egiten dituen protestak gogoan.

Angela Valenzuela txiletarrak gogor kritikatu du bere gobernuaren jarrera, eta salatu du munduak «ez ikusiarena» egin diela han gertatzen ari diren giza eskubideen urraketei. Adierazi du Txile, COP25eko presidentetzari eutsita, bere aurpegia «garbitzen» saiatzen ari dela. Halaber, nabarmendu du merkatuaren aldetik ez dela sekula irtenbiderik etorriko.

Azkenik, Hego Dakotako ordezkariak erantzun dio kazetari batek Thunbergi egindako galdera bati: «Indigenoi  sekula ez zaigu galdetzen zer behar dugun». Gaur, behintzat, munduak ozen entzun du haien ahotsa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.