Pentsamendua

Joxe Azurmendiri aitortza eginez hasi dute hari buruzko kongresua

Pentsalariaren ekarpena nabarmendu dute Joxe Azurmendi. Euskal pentsamenduaren ur-jauzia kongresuaren irekiera ekitaldian, Donostiako San Telmo museoaren areto nagusian. Joan Mari Torrealdai, Pedro Migel Etxenike eta Nekane Balluerka aritu dira hizlari bertan, besteak beste.

Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2019ko abenduaren 12a
10:02
Entzun

Joxe Azurmendi bera (Zegama, Gipuzkoa, 1941) lehen lerroaren erdi-erdian eserita zegoela, EHUko Joxe Azurmendi Katedraren zuzendari Iñaki Zabaletak hartu du hitza lehenik, eta idazle, pentsalari eta filosofo horren obraren kantitatea eta sakonera nabarmendu du: “Nazioarteko pentsalari bat daukagu etxean bertan”. Pentsalari horrek landu dituen gaien askotarikotasuna aipatu du. Tartean, “ezerosoak” direnak ere bai. “Bere osotasunean, Joxeren obra konpromiso baten emaitza da. Aktibista bat da. Euskal hizkuntza, kulturaren eta pentsamenduaren aktibista bat. Altxor handi bat utzi digu. Oraindik ez da behar bezala aztertu. Ez erlikia gisa, baizik eta gure eginez”. Altxor horrek laster ale berri bat izango duela ere aurreratu du Zabaletak: Pentsamenduaren Historia Euskal Herrian. Kongresua bera, eta kongresua antolatzeko lana Jakin Fundazioarekin batera gidatu duen katedraren egitekoa, Zabaletaren esanetan, pentsalariaren obra ikertzea eta ezagutzera ematea da, “baina Joxe bera jainkotu gabe”. Beste lan batzuetarako abiapuntu eta bitarteko izan dadin.

Jakin Fundazioaren izenean, Joan Mari Torrealdaik hartu du hitza gero. Arantzazuko santutegiko Jakin taldeko kide zirenetik lagun du Azurmendi, eta pentsalariaren lana ulertzeko bi gako eman ditu: “Taldearen garrantzia bere obran, eta euskararen hautuaren zergatia”. Jakin taldeak Azurmendiren obran izandako eragina azaltzeko, filosofoaren beraren hainbat esaldi gogoratu ditu: “Nire etxea Jakin da”, “intelektualki, Jakin izan da nire etxea eta familia” eta beste. Euskararen hautua ere, erabat pertsonala izanik ere, “taldearen barruan” egin zuen Azurmendik, Torrealdairen esanetan, “herri pobre eta baztertu baten zerbitzura”.

Pedro Migel Etxenike zientzialariak hitz egin du segidan. Zientziaren eta teknologiaren aurrerapenaren abiadura aipatu, eta aurrerapen horien ekarpenen eta ondorioen inguruan gogoeta egitea ezinbestekoa dela azpimarratu du. Azurmendik “Euskal Herriarekiko erakutsitako leialtasuna” eskertzekoa dela gehitu du. “Ikertu dituen gaiek eta horiek gure herrian bertan landu izanak erakusten dute konpromiso hori. Bere zientzia hemen jorratu izanak”. Azurmendik diziplina eta kulturen artean eraiki dituen zubiak ere aipatu ditu. “Balio bezate kongresuak eta katedrak haren lanari hauspoa eman eta zubiak eraikitzen jarraitzeko”.

Markel Olano Gipuzkoako ahaldunak, ondoren, Azurmendi izendatu du euskal kulturaren XX. mendeko “benetako Berpizkundearen” gidari. XXI. mende globalizatuan Euskal Herriak daukan “pentsamenduaren beharra” ere aipatu du; eta Azurmendiren pentsamenduaren uren “sakontasuna” goratu.

EHUko errektore Nekane Balluerkak, azkenik, Azurmendiri buruz aritzean “intelektual handi bati buruz” ari direla gogoratu du. Pentsalaria EHUko irakasle izateak unibertsitate horri eman dion prestigioa ere bai. “Gure kulturari eta hizkuntzari egindako ekarpen handia nabarmentzekoa da. Ibilbide pertsonal eta intelektual eredugarria da harena”.

Musika saio labur batekin bukatu da irekiera ekitaldia. Gotzon Arrizabalaga pianoan eta Eneko Sansebastian kantuan, hiru pieza eskaini dituzte. Azkena, Azurmendiren Hilda aurkitu dut koplaria poema, Imanol Urbieta zenak bere garaian musikatua.

 

Hona gaurko eta biharko egitaraua:

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.