EUSKARA

Ollok uste du Europak «bermea» eman diola laukoaren hizkuntza politikari

Europako Kontseiluaren gomendioak aintzat hartu eta «bide beretik» segituko dutela argitu du Nafarroako Gobernuko kontseilariak. Eusko Jaurlaritzak ere ontzat jo du txostena, eta «konpromisorik eza» egotzi dio Espainiako Gobernuari

Ana Ollo eta Mikel Arregi, gaurko agerraldian. ION ORZAIZ / BERRIA
Ion Orzaiz.
2019ko abenduaren 12a
10:50
Entzun

Europako Kontseiluak hizkuntza gutxituen egoerari buruzko txostena argitaratu eta biharamunean, ebazpenari buruzko «balorazio positiboa» egin dute Herritarrekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok eta Euskarabidea institutuko zuzendari Mikel Arregik. Zehazki, Kontseilariak azpimarratu du Europako Kontseiluko aditu taldeak «bermea» eman diola «Nafarroako Gobernuak duela lau urte abiatutako hizkuntza politikari», eta iragarri du «bide beretik» segitzeko asmoa dutela, «legealdi honetarako sinatu den akordio programatikoak jasotzen duenez».

Lehen aldiz, Nafarroak «hizkuntza gutxituen sustapenaren eredu negatibo» izateari utzi diola nabarmendu du Ollok: «Urteetan, Nafarroak kontrako txostenak jaso izan ditu, eta orain, estreinakoz, Europak bermatu egin du azken urteetan hartutako norabidea, gizartea zatikatu beste helbururik ez duten diskurtso interesatuen gainetik».

Hain zuzen, «kezkatuta» azaldu da kontseilaria, «Nafarroako zenbait instituziok, oraindik orain, euskararen kontrako politiketan trabatuta segitzen dutelako». Zuzenean aipatu du Nafarroako Auzitegi Nagusiak urrian kamustutako Euskararen Foru Dekretua: «Badirudi, kasu honetan, Europaren irizpideen kontra ari dela auzitegia».

Mikel Arregik ere adierazi du Europako aditu taldearen ebazpenak «babesa» eman diola bere lanari, «nahiz eta hobetzeko bidea ere markatu digun». Europako Kontseiluak bi jarraibide zehatz eman dizkio Nafarroako Gobernuari: bat, euskara susta dezala «ofiziala ez den eremuetan ere»; eta bi, hizkuntzaren erabilera indartu dezala gizartearen eta ekonomiaren esparruetan; besteak beste, ospitale guneetan edota zerbitzu sozialetan, euskarazko arreta bermatze aldera.

Lan deialdi publikoen kontura, aditu taldeak nabarmendu du Nafarroako administrazio publikoan «oso postu gutxitan dagoela euskara eskakizuna ezarria», eta lan deialdi askotan «atzerriko hizkuntzak euskararen gainetik» puntuatzen direla.

Nafarroako Gobernuko ordezkariek esan dute aintzat hartuko dituztela gomendio horiek: «Balorazio positiboa egiteak ez du esan nahi autokonplazentzian jausi behar dugunik. Tarte handia dugu hobetzeko, eta horretan ahaleginduko gara», esan du Ollok. Besteak beste, kontseilariak iragarri du Euskararen II. Plan Estrategikoa abian jarriko dutela 2020an eta, horretarako, hainbat eragile sozialekin batzartzeko asmoa dutela.

Bestalde, Europako Kontseiluaren txostenak talka egiten du Nafarroako Auzitegiaren azken epaiekin. Ollok azpimarratu du Nafarroako Gobernua lanean ari dela uneotan, kamustutako Euskararen Dekretua moldatzeko, arau sorta berri baten bidez: «Lantalde bat sortu dugu, eta aurki adostu nahi dugu zirriborro bat. Guk nahi baino mantsoago ari gara, prozesua konplexua delako, baina lanean ari gara, euskara meritu gisa aintzat hartuko dela bermatze aldera».

Nafarroako Gobernuko bozeramaile Javier Remirezek ere euskara administrazioan arautzeko neurri berriei buruz hitz egin du gaur parlamentuan, EH Bilduren galdera bati erantzunez. Haren esanetan, foru dekretu berri bat onartu nahi du gobernuak, «ahalik eta kontsentsu handienarekin». Urtarrilerako aurkeztu nahi dute proposamena.

Dobaranen kritika Madrili

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Miren Dobaranek ere iritzi «positiboa» eman du Europako Kontseiluaren gainean. Eusko Jaurlaritzaren konpromisoak «bere osotasunean» betetzen direla uste du Dobaranek, eta, are, «eremu ahulenetan aurrera» egin dutela azpimarratu du: «Iparraldeko erakundeekin eta Nafarroako Gobernuarekin dugun elkarlana txalotzen eta azpimarratzen du txostenak». Europako Kontseiluak eginiko bi gomendioei dagokienez —Ertzaintzari eta Osakidetzari buruzkoak—, garrantzia kendu die Dobaranek, bi alor horietan «urratsak» egin dituztela argudiatuta: «Ertzaintzan euskarari emandako bultzada aitortzen dute adituek, nahiz eta ahalegin handiagoa egitea gomendatzen duen, eta Osakidetzak euskararen erabileran hobera egin duela ere jasotzen du txostenak».

Kritika bakarra Espainiako Gobernuari egin dio: «Txostenak zalantzan jarri du estatuko administrazioak euskararekiko duen inplikazioa». Zehazki, Botere Judizialaren Lege Organikoa aldatzeko eta Espainiako administrazioan euskara sustatzeko beharra gogorarazi dio Madrili: «Behin eta berriz errepikatzen diren gomendioak dira, baina Espainiako Gobernuak ez du egoera aldatzeko neurririk hartzen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.