Siderurgia

Kaleratzeak eragozteko plan bat eskatu dute Arabako Celsan

11 langile kaleratu nahi dituztela salatu dute. Langile batzordeak uste du 2012tik 2016ra eginiko mobilizazioak zigortu nahi dituela enpresak. 2008tik Laminaciones Arreguiren Arabako bi lantegien jabe da Celsa Atlantic Kataluniako multinazionala.

Langilek aspalditik ari dira protestan; argazkian, 2015eko mobilizazio bat. RAUL BOGAJO (FOKU)
jokin sagarzazu
2019ko abenduaren 16a
22:05
Entzun

Celsa Atlantic siderurgia taldeak Araban dituen bi lantegietan kaleratzerik egon ez dadin, bideragarritasuna plan bat eskatu du hango langile batzordeak.

Azaldu duenez, 11 langile kanporatzeko asmoa du enpresak eta beste horrenbeste lekualdatu nahi ditu; ez luke erregulazio dosierrik aurkeztuko horretarako, langile guztien %10era ez direlako iristen kaleratzeak, eta banan-banan botako lituzke.

Langile batzordeak salatu duenez, hala egin zuen hil honen hasieran gaixo zegoen behargin batekin, absentismoa argudiatuta.

Kaleratzeak saihesteko, inbertsioak galdegin ditu langile batzordeak, planta horietan ekoizten diren produktuak dibertsifikatzeko.

Gasteizen eta Urbinan lantegi bana ditu Celsa Atlanticek, Laminaciones Arreguirenak izandakoak, eta 117 langile ari dira.

Urte gatazkatsuak bizitzen ari dira. 2008tik enpresaren jabe da Kataluniako multinazionala —Baionan ere lantegi bat dauka—. 2012an, Arabako bi plantetan 91 behargin bota eta soldatak %30 jaistea proposatu zuen. Protesta ugari egin zituzten langileek, eta lanuzte mugagabe bat abiatu zuten; 178 gora kaleratzerekin erantzun zuen enpresak. Epaitegietan bide luze bat egin ondoren, 2016an, Espainiako Auzitegi Gorenak arrazoia eman zien kanporatutako guztiei.

"Mendekua"

Ordutik, lan etete prozesuetan daude Arabako bi plantetan. Enpresak aldi baterako erregulazio planak egin zituen 2016an eta 2018an. Langile batzordeak ez zuen errekurtsorik jarri horien kontra, negoziazioak abiatzea lortu zutelako.

Orain, zuzendaritzaren jarreran "norabide aldaketa" egon dela eta agintariak "iraganeko moldeetara" itzuli direla azpimarratu du langile batzordeak. Uste du "mendekua" dela, 2012ko kaleratze eta murrizten aurka langileek eginiko borrokarengatik. "Heriotza geldo baten bidez saihestu nahi dituzte orduko epaiak eta lortu nahi dute orduan lortu ez zutena".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.