Laminaciones Arreguiko lan gatazka

Argi-itzalak lausotu dira

Duela lau urte Laminaciones Arregui konpainian hasitako gatazka amaitutzat jo dute beharginek. Helegitez helegite, ibilbide luzea egin du auziak, harik eta kudeatzaile berriei langileak kaleratzeko ate guztiak itxi dizkieten arte. Aurki izenpetuko dute bi urtez normaltasuna itzuliko dien ituna.

Oihan Vitoria.
2016ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Kito. Amaitu da. Bihurgune eta aldapa malkartsuei aurre egin behar izan diote Arabako Laminaciones Arreguiko langileek, baina argia ikusten hasi dira tunel ilunaren bukaeran: egunotan sinatuko dute lau urtez korapilatu den lan gatazka amaitutzat jotzeko akordioa, eta atzean lagako dituzte gorabehera handiak eragin dizkieten negoziazioak. Iraupen luzeko lasterketa bat gainditu behar izan dute lanpostuei eusteko borrokan, baina, gaur-gaurkoz, nagusitu egin dira. Ez, ordea, aise. Kosta ahala kosta bota nahi zituzten, baina ez dute amore eman, eta helburua lortu dute oraingoz: adostutako neurri gehienak langileek proposatu dituzte. Azken hatsa eman du asteon Euskal Herriko lan gatazka luzeenetakoak.

GATAZKAREN JATORRIA

Itxiera mehatxuak

2012ko apirilaren 20ra jo beharra dago hodiak eta zumitzak ekoizten dituen Laminaciones Arreguiko tirabiren iturburuan arakatzeko. 2008tik enpresaren jabe da Kataluniako multinazional Celsa Atlantic: 91 langile bota eta soldatak %30 jaistea proposatu zuen.

Langileak kontra agertu ziren hasieratik, eta kaleratzeen aurkako lehenbiziko lanuzteak ez ziren gehiegi gibelatu: maiatzaren hasierarako, Gasteizko eta Urbinako lantegiak erabat gelditu zituzten beharginek. Ekainean, berriz, enpresaren asmoak onartuko ez zituztela ikusita, bi lantegiak itxi eta 358 langile botako zituela iragarri zuen zuzendaritzak. Planari uko egin zioten langileek, eta enpresak hitzez hitz bete zuen mehatxua, ehun langile kaleratuta. Uztailaren 31rako, hori bai, bertan behera utzia zuen dosierra.

EPAITEGIETAKO BIDEA

Langileen aldeko epaiak

Gutxi iraun zuen Celsa Atlanticen zuzendaritzaren indar erakustaldiak. Urriaren 9an, 178 langile kaleratuak zeudenean, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak bazter utzi zuen langile guztiak kaleratzeko saioa, Garbiñe Biurrun epailearen sinadura zeraman sententziarekin. Kaleratzeak bidegabeak zirela berretsi zuen Espainiako Auzitegi Gorenak, eta beharginak lanpostuetara itzultzea agindu zuen. Hala, lanuzte mugagabea amaitu eta lanera itzultzeko asmoa agertu zuten Laminaciones Arreguiko beharginek 2012ko urriaren 22an.

Txalo artean, giza baliabideetako arduradunarekin biltzera joan ziren beharginak, oldean, baina manifestazioa segituan desegin zen. Enpresak ez zien grebalariei helburua betetzen laga: antolakuntza arrazoiak argudiatuta, hilabeteko oporrak hartzera behartu zituen, eta lanera itzultzea trabatu zien; sarrera ukatuta, etxera igorri zituen. Eta ez zen horrekin konformatu: abenduan, 180 kontratu bi urtez eteteko eskatu zuen.

KALERATZEAK, ETENDA

Langileak hartzeko eskaria

Gatazkak beste norabide bat hartu zuen 2013ko azaroan, bi epaitegik kaleratzeez iritzi kontrajarriak eman baitzituzten aurreneko aldiz. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak atzera botatako kaleratzeetatik 91 legezko jo zituen Espainiako Auzitegi Gorenak. Erabaki horri kasazio helegitea jarri zioten ELA, LAB eta ESK sindikatuek, eta Gorenak ontzat jo zuen 2014ko udan. EAEko Auzitegi Nagusiaren epaia osorik babestuta, langileak hartzeko exijitu zuen.

LANGABEZIATIK OPORRETARA

Lanera itzultzeko oztopoak

Lanera itzultzekoak ziren 90 langile onartzea zegokion enpresari. Dena dela, ekinean jarraitu zuen zuzendaritzak, zirrikitu bila. Protesta, erregulazio espediente eta epaiz betetako gatazkak beste atal bat bete zuen iazko apirilean: 79 langile kaleratzeko baimena galdegin zuen enpresak. Erregulazio horrekin, lanera itzuli ziren lagunak bota nahi zituen zuzendaritzak. Gorenak langile horiek hartzera derrigortu arren, enpresak oztopoak jarri zizkien itzul ez zitezen: itzulera atzeratu, urteko jaiegun osagarri guztiak egun gutxitan hartzera derrigortu eta trebakuntza ikastaroetara bidali zituzten. Zubirik gabe geratu ziren.

AGONIAREN AMAIERA

Hiru urte eta erdira, lanera

Haatik, berriz ere epaileekin egin zuen topo Celsa Atlanticek. Ustela atera zitzaion saioa, 79 behargin kaleratzeko baimena ukatu egin baitzioten epaileek. EAEko Auzitegi Nagusiak argudiatu zuen zuzendaritza «fede txarrez» jardun zela dosierra egitean, eta zehaztu desberdin tratatu zituela grebalariak. Sententzia hori iazko urrian gauzatu zen: hiru urte eta erdi ondoren, lanera itzuli ziren langileak, eta otsailaren 17an sartuko da indarrean bi urterako adostutako erregulazioa; bezeroekin hartu-emanean diren langileak salbuetsiko dituzte. Agonia amaitu, eta arnasa hartzen hasiko dira orain.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.