EUSKARA

Kontseilua: «Europako adituen txostenak aukera ematen dio Nafarroari hizkuntz politika ausartagoak diseinatzeko»

Behatokiko eta Kontseiluko arduradunek nabarmendu dute Estrasburgok «bere egin dituela» euskalgintzaren oinarrizko aldarrikapenak

Paul Bilbao eta Agurne Gaubeka, aurreko agerraldi batean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Ion Orzaiz.
2019ko abenduaren 17a
15:35
Entzun

«Agintariek Europaren gomendioak bete behar dituzte». Bat datoz Kontseilua eta Behatokia, Estrasburgok hizkuntz gutxituen Euroitunaren azken ebaluazioaren gainean egin duten gogoetan. Hori azaltzeko, agerraldi bateratua egin dute Iruñeko Katakrak gunean Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok eta Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekak.

Biek ala biek nabarmendu dute Europako Kontseiluko adituek «bere egin dituztela» euskalgintzaren aldarrikapenak eta, zehazki, Kontseiluak eta Behatokiak helarazitako oharrak.

Paul Bilbaok nabarmendu du Euroitunean jasotako konpromisoak ez direla Nafarroa osoan aplikatzen, euskararen legeak ezarritako zonifikazioaren ondorioz: «Europako Kontseiluko adituen batzordeak hala jasotzen du bere ebaluazioan ere: euskara ofiziala den eremuan besterik ez dira aplikatzen sektorekako konpromisoak, eta, hala ere, argi eta garbi adierazi dio Nafarroako Gobernuari euskara sustatu behar duela euskara ofiziala ez den eremuetan».

Bilbaoren arabera, Estrasburgok lanpostu publikoen inguruan eginiko oharrak «oso argigarriak» dira: «Euskararen ezagutza ezarria duten lanpostuak nahikoak ez direla jasotzeaz gain, adituek agerian utzi dute berezkoak ez diren hizkuntza batzuen ezagutza baloratzen dela euskararen gainetik». Horren argitara, Kontseiluko idazkari nagusiak uste du Nafarroako Gobernuak «euskarazko lanpostu gehiago» atera beharko lituzkeela.

Are: Bilbaok azpimarratu du adituen ebaluazioak «aukera zabaltzen diola» Nafarroako Gobernuari uneotan prestatzen ari den euskararen dekretu berria «ausartagoa» izan dadin. Hain zuzen, gogora ekarri du duela aste batzuk Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak euskararen dekretuaren inguruan emaniko ebazpena: «Orduan esaten genuen epaiak talka egiten zuela Euroitunarekin, eta Europako adituen txostenak hori erakutsi du. Ez dugu ulertzen zergatik ez zitzaion helegiterik aurkeztu epai horri; dena dela, orain Nafarroako Gobernuak badu irizpide berri horiei jarraitzea dekretu berria prestatzerakoan».

Behatokiaren kritika Espainiari

Gaubekak, bestalde, eskerrak eman dizkie herritarrei: «Guk Estrasburgoko adituei helarazitako txostena herritarren bizipenetan oinarritzen da; herritarrek euskaraz bizitzeko dituzten oztopoak baliatzen ditugu ikusarazteko non ez diren betetzen Euroituneko konpromisoak».

Behatokiko zuzendariak kritika gogorra egin dio Espainiari, Euroituna «derrigorrean» bete beharreko ituna izanda ere, Madrilek ez baitu aurreko urteetako gomendio bat bera ere bete: «Lehen ebaluaziotik, Estrasburgok jarrera aldatzeko eskatu dio, baina, gomendioei muzin eginda, Espainiako Gobernuak agerian utzi du axolagabe ari dela. Hortaz, zertarako berretsi nazioarteko itunak, bertatik datozen gomendioei erreparatu behar ez bazaie?», galdetu du.

Zehazki, Gaubekak «eskandaluzkotzat» jo du justizia administrazioaren egoera: «Estrasburgon badakite esparru juridikoa eta Botere Judizialaren Lege Nagusia aldatu behar direla, eta halaxe ari zaio eskatzen Espainiari azken urteotan. Auzi horretan, estatua, hizkuntza eskubideak ez ezik, defentsa eskubidea eta babes judizial eraginkorrerako eskubidea ere urratzen ari da».

Bestalde, Behatokiko zuzendariak Eusko Jaurlaritzari gogorarazi dio osasungintza eta segurtasun sailen egoera «behin eta berriro» agertzen dela Estrasburgoren ebaluazioetan. «Egia da, bai, Europak aitortu duela aurrerako urratsak izan direla, baina oraindik dauden gabeziak ere aipatu dituzte».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.