Ibilgailu gidaridunak

Ibilgailu gidaridunak gutxienez ordu erdi lehenago kontratatu beharko dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Eusko Jaurlaritzak ibilgailu gidaridunen zerbitzua arautzen duen dekretua onartu du. Sektorearen oniritzia du legeak, eta larunbatean jarriko da indarrean.

Taxilarien protestak Bilbon, iazko udan. MARISOL RAMIREZ/FOKU
aitor biain
2019ko abenduaren 17a
09:33
Entzun

Bi hilabete ere ez dira Uber Bilbora iritsi zenetik. IG ibilgailu gidaridunen zerbitzua eskaintzen duen plataforma horrek, ordea, irizpide berrietara egokitu beharko du aurrerantzean; izan ere, zerbitzua arautzen duen dekretua onartu du Eusko Jaurlaritzak, eta indarrean egongo da larunbatetik aurrera.

Arauak dio zerbitzua aurrez kontratatu beharko dela derrigorrean, eta zerbitzua kontratatzen denetik ibilgailuak zerbitzua hasi arte gutxienez 30 minutu igaro behar direla. Ibilgailu gidaridunek ezingo dute berehalako zerbitzurik eman, beraz, eta ezingo dute bezero bila aritu errepidean, halaber. Azkenik, IGak ezingo dira ikusgai izan geolokalizazio sistemen bidez.

Horrenbestez, dekretuak bere egiten ditu Espainiako Gobernuak iaz onartutako irizpideak. Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzak Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak azaldu du, hain zuzen, «beharrezko izapide guztiak» betetzen dituela dekretuak, eta «legeak dioena» jaso besterik ez dutela egin.

Tapiak adierazi du, halaber, administrazio guztien oniritzia duela arauak, baita sektorearena ere –taxilariena eta ibilgailu gidaridunena barne–. 2018ko udan taxilariek protestak hasi zituztenetik sektorea arautzeko elkarlanean aritzea erabaki baitzuen Jaurlaritzak. Dekretua elkarlan horren emaitza da, sailburuaren hitzetan. “Hemen ez dugu beste leku batzuetan duten istilurik”.

Eusko Jaurlaritzak du araua egiteko eskumena, baina udalei eta foru aldundiei dagokie legea betearazten dela egiaztatzea. Hiru administrazioak elkarlanean ariko dira zeregin horretan, halere. «Koordinazioa erabatekoa izango dugu eta betetze maila kontrolatu ahal izateko».

Aldaketarik ez dekretuan

Lehiaren Euskal Agintaritzak adierazi zuen neurriak «diskriminatzaileak» eta «murriztaileak» direla, baina Eusko Jaurlaritzak ez du aintzat hartu ohartarazpena, eta ez du aldaketarik egin dekretuan. «Guztia justifikatuta dago, legea betetzen du dekretuak. Helegiteak beti egon daitezke, baina ez gara haien beldur».

Tapiak azpimarratu du dekretuak garraio zerbitzuak arautzen dituela, eta ez plataforma digitalen erabilera. «Plataformak beste gauza bat dira; guk ez ditugu haiek arautu. Hori bai, zerbitzua hemen eskaini nahi badute, hemengo baldintzak bete beharko dituzte». Adierazi du, halaber, Jaurlaritza plataformekin ere elkartu dela, baina ordurako araudia «onartzear» zegoela. «Dekretua onartu baino hilabete lehengo jaso genuen biltzeko proposamena».

Gaur egun, guztira, 172 lizentzia daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 3.000 taxi inguru. Aurrerantzean ez dira IG lizentzia gehiago emango, IG bakoitzeko 30 taxiren araua bete behar delako, eta 2022tik aurrera IGak hiri arteko zerbitzuetarako izango direlako.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.