Finantza publikoak

Nafarroako aurrekontuaren %54 gastu sozialerako izango da 2020an

Txibiteren gobernuak 2020ko aurrekontuen aurreproiektua aurkeztu berri du. Lehentasunen artean daude, besteak beste, osasuna, lanbide heziketa, lurralde kohesioa, eta ikerketa eta garapena.

Elma Saiz, aurreko astean, parlamentuan. IñIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2019ko abenduaren 18a
14:37
Entzun

Azkenean. Inoiz baino beranduago, baina Nafarroako Gobernuaren kontseiluak 2020ko aurrekontuaren nondik norakoak onartu ditu. Aurreko asteetan zin egin zuten abendu amaierarako hala egingo zutela, eta bete du hitza. Orain, Gizarte eta Ekonomia Kontseilura eta beste bi erakundeetara bidaliko dute, eta, gizarte eragileei lege aurreproiektuaren edukia ezagutarazi ondoren, gobernu kontseiluak urtarrilaren 10ean onartuko du lege proiektua. Hortik aurrera, Nafarroako Parlamentura igorriko dute, eta otsailean aurrera ateratzea espero da.

Zergen neurrian EH Bildurekin ados jarri ondotik guztiak koalizio abertzalera begira badaude ere, Elma Saiz Ogasun kontseilariak eskua luzatu dio Navarra Sumari. "Guztien aldetik jarrera eraikitzailea espero dugu". Saizen arabera, aurrekontu proposamen hori "oso ona" da, gizartearen beharrei erantzuten dielako. 2016tik hona aurrekontuek izandako jauzia ere nabarmendu du: Barkosen legealdiaren hasierakoa 3.506 milioikoa zen, eta oraingoa, berriz, 4.239 milioi eurokoa da.

Guztira, finantza gastuak gehituta, 4.557 milioikoa da aurrekontua. Zorraren interesak ordaintzera aurten baino sei milioi euro gutxiago bideratuko ditu gobernuak 2020an (68,5 milioi, guztira). Era berean, estatuari ekarpen bidez 585 milioi euro ordaintzea aurreikusita dago. Berez, aurten amaituko da ekarpenaren kalkuluaren bost urteko epea, eta 2020tik aurrera hurrengo bost urteetarako ekarpena hitzartu beharra dago Madrilekin. Oraindik Espainian gobernua osatu ez denez, negoziazioak etenda daude. Saizen arabera, negoziazio horri begira ordezkariak izendatuta dauzka.

Inbertsioei dagokienez, %12 handituko da atal hori. Saizen arabera, "AHTk ez du aurrekontu sailik" aurreproiektu horretan. Osasun Departamentuak 16,6 milioi euro inbertituko ditu zentroak berritzeko eta egiteko.

Saizek azaldu du aurreko gobernuaren aurrekontuekin alderatzerik ez dagoela departamentuz departamentu; izan ere, bederatzi departamentutik hamahirura pasatu da oraingo gobernua, eta horrek eragotzi egiten du zuzenean alderatzea. Saizek nabarmendu du aurrekontuaren %54 gastu sozialetarako izango dela. Horien artean, nabarmendu du Osasun Departamentuak inoizko aurrekontu handiena izango duela (1.162 milioi euro, aurten baino %7 gehiago).

Hezkuntzari dagokionez, aurten baino %9,5 handiagoa izango da. Gobernuak nabarmendu du doako liburuen aurrekontu sailera 4,3 milioi euro bideratuko direla, eta garrantzi berezia eman dio lanbide heziketari. Irakasle berriak kontratatzeko lan deialdia egingo da, eta aurrekontua %258 handitu dela dio gobernuak. Halaber, gobernuak azpimarratu du Ikerketa eta Garapenerako aurrekontuaren %1,35 erabiliko duela eta unibertsitateentzat %1,76 izango dela. Bi urrats horiekin Zientzia eta Teknologiaren Legea beteko duela dio.

Halaber, gobernuaren arabera, Euskarabideak euskara bultzako konpromisoari eutsiko dio, eta "gazteriarentzako aurrekontu sailak indartu egingo dira". Ez du zehaztu zer diru sail izango duen Euskarabideak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.