Katalunia

Kataluniako Auzitegi Nagusiak urte eta erdiko inhabilitazioa ezarri dio Torrari

Desobedientzia delitua egotzi diote, eta 30.000 euroko isuna ere jarri diote, xingola horia garaiz ez kendu izanagatik.

Quim Torra Generalitateko presidentea, joan den asteko argazki batean. TONI ALBIR / EFE
Andoni Imaz.
2019ko abenduaren 19a
13:26
Entzun

Kataluniako Auzitegi Nagusiak zigorra ezarri dio Quim Torra Generalitateko presidenteari. Hark uko egin zion Espainiako Hauteskunde Batzordearen agindua betetzeari, eta ez zituen garaiz kendu espetxean dauden buruzagi independentisten aldeko xingola horiak eraikin publikoetatik Espainiako Gorteetarako hauteskundeen kanpainan. Auzitegiak sententzia eman du: urte eta erdiko inhabilitazioa, eta 30.000 euroko isuna.

Orduan, xingola horiak kendu ez, eta zuriekin eta presoen aldeko mezuekin ordezkatu zituen. Azkenean, horiek ere kendu zituen, Kataluniako arartekoaren aholkuari jarraituz. Torrak argi utzi zuen ez ziola jaramonik egin Hauteskunde Batzordeari: «Ez, ez nuen bete. Ezinezkoa zen legez kanpoko agindu bat betetzea. Erakunde horrek ez zuen eskumenik horretarako». Orain, Kataluniako Auzitegi Nagusiak ebatzi du «jarrera desobediente setatia eta errepikatua» izan zuela aginduari uko egin zionean.

Inhabilitazio zigorra ez da berehala sartuko indarrean, Torrak oraindik helegitea jar dezakeelako Espainiako Auzitegi Gorenean. Alegia, gaurko sententziak ez du esan nahi Torra berehala kenduko dutenik Generalitateko presidente kargutik.

Torraren aurkako zigorra Oriol Junquerasen immunitate aitortzaren ondoren iritsi da: Europako Justizia Auzitegiak goizean ebatzi du Junqueras eurodiputatu aukeratu zutenean indargabetu behar zituztela haren aurkako behin-behineko zigorrak. Kataluniako Auzitegi Nagusiaren sententzia Palaura eraman dute, eta handik parlamentura, Torra zegoen lekura.

Hauteskunde Batzordeak gertatutakoa ikertzeko eskatu zion Espainiako Fiskaltza Nagusiari, eta Kataluniako Fiskaltzak Torraren aurkako salaketa aurkeztu zuen. Hauteskunde Batzordearen aginduari «kontzienteki» muzin egitea leporatu zioten. Fiskaltzak eskatu zuen presidenteari kargu publikoetan aritzea debekatzeko urtebete eta zortzi hilabetez, «desobedientziagatik», eta 30.000 euroko isuna ezartzeko; epaileak ia bere horretan onartu du eskaria.

Torrari azaroaren 18an egin zioten ahozko epaiketa, eta orduan ere argi esan zuen uko egin ziola «preso politikoak eta erbesteratuak aske» uzteko eskatzen zuen pankarta kentzeko aginduari. Gainera, esan zuen epaiketa politikoa zela hura, eta adierazpen askatasuna aldarrikatu zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.