Katalunia

Oriol Junqueras: "Independentzia saihetsezina da"

ERCk bere 28. kongresua egin du Bartzelonan, PSOErekiko negoziazioak aurrera doazen bitartean.

Pere Aragones, gaur, ECren kongresuan eginiko hitzaldian. ALBERTO ESTEVEZ / EFE
Iosu Alberdi.
2019ko abenduaren 21a
20:37
Entzun

ERCk bere 28. kongresua egin du, PSOErekin Espainiako inbestidurarako negoziazio betean dela. Alderdiko koordinatzaile nazional Pere Aragonesek adierazi du ERC prest dagoela "izotz-apurtzaile" lanak egiteko, Kataluniaren eta Espainiaren arteko elkarrizketa eta negoziazio epe berri batean. Hori bai, horretarako ezinbestekotzat jo du "politikak errepresioa ordezkatzea". Aste hau "garaipenen astea" izan dela ere aldarrikatu du Aragonesek, Europako Justizia Auzitegiak adierazi ostean ERCko presidente Oriol Junquerasek europarlamentari gisa immunitatea zuela: "Espainiako auzitegiei irabazi diegu". Junquerasek berak ere mezu argi bat zabaldu du, espetxean grabatutako hitz batzuen bidez: "Independentzia ez da kimera bat: ez da proiektu posible bat soilik. Gaur badakigu saihetsezina dela".

Negoziazioak eta presoen egoera: horiek dira ERCren kongresuaren gakorik garrantzitsuenak. Biak ere elkarri lotuak. Aragonesek negoziazioaren aldeko hautua nabarmendu du bere hitzaldian, eta azaldu du alderdia horretarako lidergoa hartzeko prest dagoela, katalanek hala erabakiz gero. Horrek "erabaki konplexuak" hartzea esan nahi duela azpimarratu du, "bideak irekitzeko". Ezinbestekotzat jo du hori, Tsunami Demokratikoak behin eta berriz erabili duen sit and talk (eseri eta hitz egin) mezua bere eginez.

Negoziatu eta akordioak lortzeko prest da, beraz, ERC, baina ez "dohainik". Alderdiko idazkari nagusi Marta Rovirak azaldu du ez dutela hitz egingo "ezer pasatu ez balitz bezala". Rovirak presoen askatasuna ezarri du gatazkaren konponbiderako beharrezko neurri gisa, eta "errepresioa" gaitzetsi du: "Gatazka politikoaren konponbidea ez da posible errepresioa geratzen ez bada, preso politikoentzako amnistiarik gabe". Aragonesen aldean, gogorra izan da Rovira, eta Espainiako ezkerreko alderdien aurka ere hitz egin du: "Demokraziaren banderak erortzen utzi dituzte, giza eskubideenak, eskubide zibil eta politikoenak".

Biek ala biek Oriol Junquerasen egoera gogoratu dute. Aragonesek "garaipentzat" jo du Europako Justizia Auzitegiaren epaia, eta alderdiko presidentea askatzeko eskatu du. "Bertan behera gera dadila lotsaren epaiketa", gehitu du Kataluniako buruzagi politikoen aurkako epaiari erreferentzia eginez. 

Independentziaren aldeko aldarria

Junqueras bera positiboagoa izan da espetxetik bidali duen mezuan, eta independentziaren aldeko aldarri indartsua egin du. "Kataluniako errepublika tresnarik onena da Katalunia justuago eta oparoago bat egiteko. Katalan guztien bizitza hobetzeko gai den proiektu bakarra da; nondik gatozen eta nola pentsatzen dugun kontuan izan gabe". ERCko burua harro agertu da orain arte eginiko bideaz ere: "Berriz egingo nuke, eta badakit berriz egingo dugula".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.