Aeronautika

Boeingeko zuzendaria kargugabetu dute

737 Max modeloak izandako istripuek, hegan egiteko debekuek eta produkzioaren eteteak bultzatu dute AEBetako konpainia hori erabakia hartzera. Azken sei hilekoan, 1.000 eta 2.000 milioi dolarren galerak izan ditu hilean.

Eskuinean, Muilenburg zuzendari ohia, eta atzean protesta bat, Boiengeko hegazkinen istripuetan hildakoen argazkiekin. MICHAEL REYNOLDS (EFE)
jokin sagarzazu
2019ko abenduaren 23a
17:58
Entzun

Atal berri bat Boeing hegazkin konpainia estatubatuarraren krisian: Denis Muilenburg zuzendaria kargugabetu dute. Bere egitasmo kuttun izandako 737 Max modeloaren porrotak eraman du aurrean. David Calhounek ordezkatuko du karguan; urritik, konpainiako presidentea zen Calhoun.

Ehun urte dituen enpresa horrenannus horribilis izan da 2018-2019a. Urtebetean, 737 Max modeloaren bi hegazkinek bi istripu larri izan dituzte, Etiopian bat eta Indonesian bestea, softwarean gertatutako hutsegite tekniko batengatik: 346 hildako izan ziren guztira. Gertakari horiengatik epaitua izango da konpainia 2020. urtean, eta AEBetako Justizia Departamentuak ere ikerketa bat zabalik du.

Horrekin batera, AEB Ameriketako Estatu Batuek eta Europako Batasunak hegan egiteko debekua ezarri diote modelo horri, eta produkzioa eten egin behar izan du. Debekuak ezarri zizkiotenetik, 1.000 eta 2.000 milioi dolarren galerak izan ditu hilean.

Gehien esportatzen duen AEBetako enpresa da Boieng. "Haren salmentak AEBetako nekazaritza sektoreren esportazioen tamaina berekoak dira ia", azaldu du Joseph Foudy New Yorkeko Unibertsitateko irakasleak, Efe berri agentzian.

Gainbehera azkarra

737 Max modeloaren produkzioa eteteak domino efektua izan dezake, bereziki osagaiak egiten zituzten enpresen artean, baita Europan ere. Europako Batzordeak, baina, ez du adierazpenik egin nahi izan auziari buruz.

Foudyk uste du ez duela eragin handirik izango AEBetako BPGan. "Bere negozioaren kontratuen erdiak inguru [AEBetako] Defentsa Departamentuarekin ditu, eta krisi honek ez du loturarik horrekin. Boeing arriskuan balego, AEBetako gobernuak erreskatatu egingo luke".

Konpainiak gehien saltzen duen modeloa da 737 Max, eta pertsonak garraiatzeko diseinatua dago. Zuzendari kaleratu berriak bultzatu zuen egitasmoa. 1985. urtetik zegoen enpresan, eta 2015. urtean iritsi zen buruzagitzara: urte horretan izan zuen konpainiak bere historiako salmenta goraldirik handiena.

Oso bestelakoak dira Boeingen lehiakide nagusien emaitzak, eta, bereziki, Airbusenak. Aurtengo lehen seihilekoan, 737 Max modeloari hegan egiteko debekuak ezarri zizkiotenetik, 1.197 milioi euroren irabaziak izan ditu konpainia europarrak; aurreko urteko epe berean baino %141 gehiago.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.