Airelineek igarriko diote merkataritza gerrari eta Boeingen krisiari

Irune Lasa -

2019ko maiatzak 30
Urte honetan dirua irabazten jarraituko dute hegazkin konpainiek, baina aurreikusi baino gutxiago, kostuak handitu direlako, merkantzia garraioa murriztu egin delako merkataritza gerren ondorioz, eta Boeing 737 Max hegazkinak lurrean eduki beharrak galerak eragingo dizkielako.

Munduko airelinea gehienak biltzen dituen IATA Nazioarteko Aire Garraioko Elkarteak asteburu honetan egingo du urteroko biltzarraren harira esan du berriz ere apaldu egingo dituela urte honetarako aurreikuspenak. Abenduan egin zuen lehen murrizketa. Esan zuen airelineek 38.000 milioi dolar (34.000 milioi euro) irabazi beharrean 35.000 milioi dolar irabaziko dituztela 2019an.

Airera itzultzeko egutegi argirik gabe jarraitzen dute Boeing 737 Max hegazkinek, eta horrek eragin zuzena izango du airelineen emaitzetan. Bi istripuren ostean, haiek lurrean uztea erabaki zuen AEBetako arautzaileak, FAA Abiazioko Administrazio Federalak, eta oraindik ez die hegan egiteko baimena itzuli. Hori bai, joan den astean egindako bilera batean FAAk azaldu zuen baimen hori ekain bukaeran irits daitekeela.

Baimena izatea, ordea, ez da nahikoa izango Boeing 737 modeloa airean ikusteko. Hori baino lehen, aire konpainiek hegazkinak prestatu beharko dituzte, eta horrek 100-150 orduko lana hartuko du. Era berean, euren pilotuak ere entrenatu egin beharko dira software berria menperatzeko.

IATAk ere ez du espero Boeing 737 hegazkinak laster aireratzea, ez behintzat abuztua baino lehen. Eta Boeingen bezero handienek ere —United Airlines, Southwest Airlines eta American Airlinesek— ez dute 737 Maxen hegaldirik aurreikusten abuztura arteko euren operazio egutegietan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna