Espainiako inbestidura

Sanchezek elkarrizketa eskaini dio Kataluniari, eta estatutu berria babestea EAEri

Pedro Sanchez Espainiako presidentetzarako hautagaiak esan du Gernikako Estatutua beteko duela, eta estatus berria babesteko prest agertu da, konstituzioaren mugen barruan.

Pedro Sanchez Espainiako presidentegaia inbestidura saioa hasi aurretik. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE
Iker Tubia.
2020ko urtarrilaren 4a
11:57
Entzun

Espainiako inbestidura saioan, Pedro Sanchez presidentegaia Kataluniari eta politika sozialei begira jarri da, nagusiki. Kataluniakoa gatazka politikoa dela esan du behin eta berriro, eta afera politikaren bidez konpontzeko nahia agertu du. «Aurretik datorren krisi bat da, eta leialtasun konstituzionalez eta erabateko ardura instituzionalez helduko diogu, gatazka politikoa politikara itzul dadin. Modu horretan, atzean utziko dugu Kataluniako eta Espainiako gizartearen zati handi batean hainbeste min eta banaketa sortu duen jito judiziala».

Iragarri du horretarako martxan jarriko dutela Espainiako eta Kataluniako gobernuen arteko elkarrizketa mahaia. Horrekin batera, Sanchezek adierazi du Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean ariko dela, gaur egungo estatutuan jasotzen diren transferentziak betetzeko. Gainera, estatutua berritzeko babesa ere adierazi du, baina, betiere, Espainiako Konstituzioaren mugen barnean egiten bada.

Sanchezek diskurtso soziala egin du inbestidura saioan, eta zerbitzu publikoen defentsa sutsua. Unidas Podemosekin batera osatu nahi duen gobernuak lau balio nagusi izanen dituela azaldu du: justizia soziala, zerbitzu publikoen defentsa, askatasuna eta kohesio soziala. Espainiako gizartean dagoen berdintasunik ezari aurre egin nahi dio, diru sarrera txikienak handituz eta aberastasunaren banaketa eginez. Zerbitzu publikoei dagokienez, merkatuko ekonomia soziala defendatuko dutela agindu du: «Merkatuko ekonomia sozialean sinesten dugu, baina ez merkatu gizarte batean».

Askatasunaren alde ere mintzatu da: «Askatasuna ez da bateragarria mozal legearekin, alderdi politikoak legez kanporatzearekin edo komunikabideak ixtearekin». Hala, matxismoaren, homofobiaren, xenofobiaren eta arrazakeriaren kontrako gobernua eratu nahi duela aipatu du Sanchezek. Bertolt Brecht gogoratuz, esan du «agerikoa dena defendatzen» jarraituko dutela.

Gizartearen kohesioaz mintzatu delarik, Kataluniari egin dio erreferentzia, batik bat. Beste aldea onartzearen beharra aipatu du Sanchezek. «Sentimenduak ezin dira indarrez inposatu». Espainiaren aniztasunaz mintzatu den arren, bere espainiartasuna nabarmendu nahi izan du diskurtsoaren hasieran. «PSOE, bere siglek esaten duten moduan, alderdi espainiarra da, aberkideek osatutakoa. Errepikatuko dut: espainiar alderdia da, aberkideek osatutakoa».

«Blokeoaren» kontra

Eskuinaren kontra ere mintzatu da: egoera «blokeatzea» eta azken orduetan inbestidurari zangotraba egiten saiatzea leporatu die. Gezurretan aritu direla ere iradoki du: «Ulergaitza da: Espainiaren etorkizunari buruz iragarpenik okerrenak egin dituzte, baina, era berean, ez dute deus ere egin hori gerta ez dadin». Bere lehenbiziko hitzak eskuinaren diskurtsoa neutralizatzeko izan dira, gainera: «Espainia ez da apurtuko; konstituzioa ez da apurtuko. Hemen apurtuko dugun bakarra espainiarrei inposatutako blokeoa da».

Alderdiek inbestidura saioan emanen duten botoaren arabera, hiru jarrera agertuko direla uste du Sanchezek: «Alde batetik, aurrera doan Espainia agertuko da, haien arteko ezberdintasunak gaindituko dituena elkarrizketa eta justizia sozialean oinarritutako gobernu baten alde egiteko». Abstentzioaren alde egiten dutenak ez dira horra batuko, baina, «gutxienez», ez dute oztopatuko, presidentegaiaren arabera. Ezezkoan «koalizio bitxi eta askotarikoa» izanen dela adierazi du: «Funtsean, blokeoaren aldeko Espainia, alternatibarik, konponbiderik, norabiderik eta erantzunik gabekoa. Soilik ezezkoa».

Programaren azalpena

Unidas Podemosekin batera osatu nahi duen gobernuaren programaren nondik norakoak azaltzeko tartea hartu du Sanchezek bere hitzartzean. 2012ko lan erreforma bertan behera utziko duela agindu du, eta gutxieneko soldata igoko duela, legegintzaldiaren bukaeran batez besteko soldataren %60ra ailegatu arte. Kutsaduraren eta klima aldaketaren kontrako neurriak ere iragarri ditu, gaur egungo garapen eredua «zaharkiturik» dagoelakoan.

Genero berdintasuna ere hizpide izan du Sanchezek: besteak beste, lan munduan berdintasuna bultzatzeko politikak, tasa arrosa bertan behera uztea eta haurdunaldi subrogatuaren kontra aritzea. Indarkeria matxista «benetako larrialdi soziala» dela ere esan du, eta Zigor Kodean aldaketak iragarri ditu sexu onarpenari dagokionez, «soilik baiezkoa izan dadin baietz».

Eutanasia erregulatzea, trans legea onartzea eta LGTBI diskriminazioaren kontrako legea bultzatzea aipatu ditu Sanchezek. Memoria historikoari dagokionez, urriaren 31 frankismoaren biktima «guzien» eguna izendatuko duela esan du, eta maiatzaren 8a erbesteratutako biktimena izanen dela. Horrekin batera, zenbait neurri iragarri ditu; besteak beste, frankismoko irudiak ezabatzea, biktimen gorpuzkiak bilatzen segitzea eta frankistek espoliatutako ondasunak ikuskatzea.

Eskuinaren hitz gogorrak

Denetarik bota dio Pablo Casado PPren bozeramaileak Sanchezi: bere gobernua «amesgaiztoa», «estatuaren kontrakoa», «arimarik gabekoa» eta «gaitz kronikoa» izanen dela esan dio. Gezurretan aritzea ere leporatu dio: «Gezurti hutsa zara, presidente fake bat». Hitzari ekin bezain pronto eskatu du 155. artikulua martxan jartzeko, eta mehatxua bota dio presidentegaiari: «Zure kontra eginen dugu, Torraren kontra egin dugun bezain irmo».

Bide beretik jo du Santiago Abascal Voxeko bozeramaileak. Espainiari traizio egitea egotzi dio Sanchezi behin eta berriro, eta irain zerrenda luzea eskaini: «pertsonaia», «iruzurgilea», «hitzontzia»... «Ezin dugu zilegitzat jo asmo totalitarioak dituen gobernu bat, benetako diputatu ez direnen botoekin osatutakoa». Casadok esan du Sanchezen epitafio politikoa izanen dela legegintzaldia. «Ez izan dudarik. Irabaziko dugu, eta zuek galdu».

Ines Arrimadas Ciudadanosekoak, berriz, eskatu du PSOEko diputatuen artean egon dadila «ausarten bat» Sanchezen inbestiduraren kontra bozkatuko duena. «Izan ere, soldata publiko batek ezin du hainbesteko umiliazioa justifikatu». Sozialisten eta UPren arteko akordioa «ezin txarragoa» iruditzen zaio.

Coalicion Canaria alderdiak eman du ezustekoa gaurko saioan: inbestidura saioaren erdian ezetz bozkatuko duela iragarri du Ana Oramas diputatuak, bezperan esan ondoren abstenitu egingo zela.

Igande goizean, lehen bozketa

Sanchezen inbestidurarako saioak igandean, goizeko bederatzietan, jarraituko du. EH Bilduko eta Talde Mistoko bozeramaileek hitz egingo dute Kongresuko hemizikloan, eta ondoren bozkatu egingo dute diputatuek. Presidente aukeratua izateko, lehen bozketan gehiengo osoa lortu beharko luke sozialisten hautagaiak, baina ez du lortuko. Bigarren bozketa asteartean dira egitekoak, eta orduan nahikoa izango du gehiengo sinplearekin. Alderdiek orain arte azaldutako boto asmoen arabera, 167k alde bozkatuko dute; 165ek, kontra, eta hemezortzi abstenitu egingo dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.