Albistea entzun

Espainiako inbestidura saioa

Pedro Sanchez Espainiako presidente aukeratu dute

Sanchez bi botoren aldearekin gailendu da, eta PSOEk eta UPk koalizio gobernua osatuko dute, frankismoaz geroztik lehenengoa. Datorren astean jakinaraziko dute gobernuaren osaketa.

Txalo zaparrada, Aina Diazi

Ander Perez Zala -

2020ko urtarrilak 7 19:07

Espainiako presidente bilakatzeko inbestidura saioak argi erakutsi dio Pedro Sanchezi zer jasan beharko duen agintaldian. Ez hari bakarrik: Unidas Podemosekoentzat (UP) ere abisu bat izan da egunotan gertaturikoa. Sanchezek Diputatuen Kongresuaren baiezkoa jaso du datozen lau urteetan Espainiako estatuburu izateko, eta, hortaz, frankismoaz geroztik osatu den lehen gobernu koalizioaren gidaria izateko. Bidea, ordea, ez da erraza izango; exekutibo berriak oinarri ahula du, eta oposizioak, batez ere eskuinak, hortzak erakutsiko ditu. Konfrontazioa erabatekoa izango da, Sanchezen agintaldia hondoratzea helburu.

PSOEk eta UPk asteon osatuko duten gobernuak alderdi independentisten babesa beharko du bizirik irauteko, eta hori nahikoa aitzakia izan da PPrentzat, Ciudadanosentzat (C's) eta Voxentzat inbestidura saioan ahalik eta harrabotsik gehiena egiteko. Espainiako presidente berriak hainbat promesa egin ditu agintera itzultzeko, tartean Esquerra Republicanarekin (ERC) adostu duen gobernuen arteko elkarrizketa mahaia; Madrilgo eta Bartzelonako gobernuak, hortaz, bi aste barru elkartuko dira lehenengoz horren inguruan. Eta hori onartezina da oposizioarentzat.

Sanchezen arabera, gaurkoa bi aukeraren arteko hautua izan da: «Gobernu aurrerakoia ala blokeoa. Ez dago beste gobernurik osatzeko aukerarik». Profil instituzionala erakutsi duen hautagai baten adierazpenak izan dira, eskuineko alderdiek sortu duten «amorruz eta haserrez beteriko giroaren» aurrean. Kataluniako auziarekin eta Voxen gorakadarekin, nabarmen polarizatu da Espainiako giro politikoa, eta eztabaida gai horien ingurukoa izan da, batez ere azken hilabeteotan, gobernabiderako negoziazioetan.

Zer esanik ez hasi berri den agintaldian: eskuindarrek argi utzi dute Espainiako Konstituzioaz, koroaz eta lurralde auziaz arituko direla, eta horiek erabiliko dituztela gobernu koalizioaren aurkako jarrera elikatzeko. Sanchez argi aritu da horien inguruan: «Espainia ez da hautsiko».

Finean, ez da inbestidura saio erraza izan Sanchezentzat, giro hori jasateaz gain haren aldeko botoa eman duten eta abstenitu diren alderdi politikoek ere diskurtso kritikoak egin baitituzte. Baina keinuek argi utzi dute bi bloke sortu direla Espainiako Diputatuen Kongresuan, eskuinekoek eskuinekoei txalo egin baitiete, eta gobernu koalizioaren alde egin dutenek, PSOEri eta UPri. Tartean izan dira eskuindarren oihuak.

Mas Paiseko Iñigo Errejonen keinua izan da protagonistetako bat, Pablo Iglesias alderdikide ohiari begira jarri denean: «Zorionak akordioagatik, eta eskerrik asko, Pablo». Espero bezala, Sanchezek PSOEren, UPren, EAJren, Mas Paisen, Nueva Canariasen, Teruel Existeren eta Bloke Nazionalista Galiziarraren (BNG) diputatuen botoak jaso ditu; 167 aldeko, 165 kontra, eta ERCren eta EH Bilduren abstentzioak. Inoiz izandako tarterik txikiena izan da, datorren desegonkortasunaren seinale.

Eskuinaren hitzak

Diskurtsoen edukiak izan dira bloke logika berriaren adierazle. Sanchez eta UPko Iglesias eskubideez eta gobernu programaz aritu dira: migratzaileen, kolektiboen eta emakumeen defentsan, esaterako. Eskuinean, PPren eta Voxen diskurtsoen arteko antza izan da nagusi; Pablo Casadok erronka bat du hor, erabaki beharko baitu profil propioa finkatuko duen PPrentzat ala Voxi aurre egingo dion diskurtso bera erabiliz.

Dena den, badirudi Casado diskurtso gogorrera itzuli dela, nahiz eta jarrera moderatuagoa hartu zuen iragan urteko maiatzeko hauteskundeetan, emaitzak hobetze aldera. Azkenean, horixe bera lortu zuen azaroko bozetan, eta oposizioko alderdi izaten jarraituko du; hori bai, Vox atzean duela.

Sanchezi egindako kritika nagusia izan da alderdi independentistetan oinarritu duela inbestidura, eta, horrez gainera, agintaldia ere horien babesean oinarrituko duela. PSOEk 120 diputatu ditu, eta UPk, 35; biak batuta, 155, 176ko gehiengotik urrun. Mas Paisen hirurak kontuan hartuta ere, gobernu koalizioarentzat ezinbestekoak izango dira ERCren eta EH Bilduren botoak hasi berri den agintaldian.

PPko Pablo Casado gogor mintzatu zaio Sanchezi. EFE

Eskuinak hortzak erakutsi ditu egunotan, eta ETAz, indarkeriaz eta Konstituzioa hausteko arriskuaz aritu dira jarrera hori argudiatzeko; kritika gogorrak entzun behar izan ditu Espainiako presidente berriak, eta Vox haratago joan da: bilkuratik atera dira EH Bilduko Oskar Matuteren hitzaldian. Halere, Matutek ez ditu jasan igandean Mertxe Aizpuruak jasan zituen garrasiak; oihu batzuk egin dituzte, baina aldea nabarmena izan da.

CUPeko Mireia Vehik hitz egitean eseri dira euren eserlekuetan ultraeskuindarrak. Diputatu katalan independentista kritiko agertu da haiekin: «Eskuina ez da inoiz geratuko. Gure botoak horiekin bat egingo du, baina argi esaten dizuegu: arazo bat dute demokraziarekin. Ezin dituzte eraman pluraltasuna, adimena eta disidentzia».

Dolors Bassaren ahizpa

Montserrat Bassak ere diskurtso esanguratsua egin du, ERCren izenean. Dolors Bassa kontseilari kargugabetu eta espetxeratuaren ahizpa da, eta aukera baliatu du diskurtso zirraragarri bat egiteko: «Niri berdin zait Espainiaren gobernabidea. PSOE errepresioaren konplizea da».

Adierazpen gogor horiek egin arren, Bassa abstenitu egin da, ERCko beste hamabi diputatuak bezala. Errepublikanoek elkarrizketa eskatu diote Sanchezi, eta horri begirako mezua helarazi dute gaur ere: «Elkarrizketan sinesten dugu, eta errepublika kataluniar independentea eraiki nahi dugu, Espainiarekiko begikotasunez. Bakean eta hitzetan sinesten dugu». Hori izango da Sanchezen zereginetako bat: negoziazioetan oinarritu behar du agintaldia, gehiengoetara iristeko.

Espainiako presidente berriak datorren astean jakinaraziko du gobernu berriaren osaketa. Orain arte ezagutarazitako informazioaren arabera, gobernu berriak hiru presidenteorde izango ditu: PSOEko Carmen Calvo eta Nadia Calviño, eta UPko Pablo Iglesias. Calvo lehen presidenteordea izango da, eta profil politikoa izango du; Iglesiasek, soziala, eta Calviño Ekonomia ministro izango da.

Fernando Grande-Marlaskak Barne ministro karguan jarraituko du, eta Jose-Luis Abalosek, Sustapenekoan. Berritasunen artean, UPko Alberto Garzon Kontsumo ministro bilakatuko da, Yolanda Diaz Lanekoa eta Manuel Castells soziologo ezaguna, Unibertsitateetakoa.

Espainiako hedabideen arabera, Ione Belarra Estatu idazkari izango da, eta Nazio Batuen Erakundeak finkaturiko helburuez arduratuko da, garapen jasangarriarekin zerikusia dutenak.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Hainbat sudandar, herrialdeko armadaren aurkako protestan, ekainaren 3an, Khartum hiriburuan. ©ELA YOKES / EFE

Sudango krisi politikoa gainditzeko akordioa sinatu dute junta militarrak eta oposizioak

Mikel O. Iribar

Hitzarmenaren helburuak dira «gobernu zibila» osatzea eta bi urteko epean bozak egitea. Parlamentuko eserlekuen %40 emakumeek beteko dituzte. Estatuko hainbat eragilek itunaren aurkako protestara deitu dute.

Emakume bat burua estalita, atzo, Teherango kaleetan. ©STRINGER / EFE

Mobilizazioei eusteko eskatu dute Iranen, Moralaren Polizia desegin dutela zabaldu ostean

Edu Lartzanguren - Maddi Iztueta Olano

Datozen hiru egunetan manifestazioak eta grebak egitera deitu du oposizioak. Gobernuak, ordea, ukatu egin du Polizia taldea sakabanatu izana.

Macron eta Putin prentsaren aurrean, joan den otsailaren 7an Moskun egindako bileraren ondoren. ©EFE

Macronek eskatu du Errusiaren segurtasun bermeak aintzat hartzeko

Igor Susaeta

Frantziako presidenteak elkarrizketa batean adierazi duenez, Putinek gerraren amaiera negoziatzea onartzen baldin badu, aintzat hartu behar da NATO «bere ateetaraino heltzeko duen beldurra»

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...