Katalunia

Junquerasen eurodiputatu izaera bertan behera utzi du Europako Parlamentuak

Espainiako Auzitegi Gorenaren irizpideari jarraituz, amaitutzat jo du Kataluniako presidenteorde kargugabetuaren eurodiputatu izaera.

Oriol Junqueras, Espainiako Diputatuen Kongresuan. BALLESTEROS / EFE
Gorka Berasategi-Aitor Manterola
2020ko urtarrilaren 10a
20:52
Entzun

Oriol Junqueras eurodiputatu modura onartzeari utzi dio Europako Parlamentuak. Diputatu gisa aitortu zuen joan den asteartean, Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak hari eurodiputatu izaera eta immunitatea onartu zizkion epaian oinarrituta. Orain, berriz, atzera egin du.

Parlamentuak bere egin du Espainiako Auzitegi Gorenak eta Espainiako Hauteskunde Batzordeak ebatzitakoa. Gorenaren esanetan, Junquerasek ezin du eurodiputatu izan, iazko urriaren 14an hamahiru urteko espetxealdira eta inhabilitaziora zigortu zuelako. Argudio berean oinarritu zuen Espainiako Hauteskunde Batzordeak Junquerasen egoera karguarekin bateraezina zela ebazterakoan.

Hain zuzen, Europako Parlamentuak Hauteskunde Batzordearen erabakia hartu du erreferentzia gisa, batzordeak ebazpena eman zuen egunean, urtarrilaren 3an, amaitu baitu Junquerasen agintaldia. "Europako Batasuneko jurisprudentziaren arabera, Parlamentua behartuta dago estatuetako epaitegiek behin-betiko hartzen dituzten erabakiak aintzat hartzera".

Datorren asteleheneko plenoan jakinaraziko du erabaki hori Parlamentuko presidenteak, David Sassolik; baita beste hau ere: Carles Puigdemont eta Toni Comin eurodiputatu bezala onartuko ditu, eta 2019ko uztailaren 2tik aurrera hala izan direla aitortuko die.

Horrenbestez, Europako Parlamentuak atzera egin du Junquerasen auzian, asteartean onartu egin baitzuen Kataluniako presidenteorde kargugabetua eurodiputatua dela. Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak era hori bera onartu zuen. Orain, ordea, Espainia babestu du Europak. Junquerasek helegitea jartzeko aukera dauka Europako Batasuneko Auzitegi Nagusian.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.