Pakistan

Musharrafen heriotza zigorra bertan behera utzi dute

Lahoreko Auzitegi Nagusiak esan du diktadore ohia epaitu zuen auzitegiaren osaketa «konstituzioaren kontrakoa» izan zela

Musharrafi heriotza zigorra ezartzeko ebazpenaren aurkako protesta, Karachin, abenduaren 20an. SHAHZAIB AKBER / EFE
2020ko urtarrilaren 13a
15:52
Entzun

Abenduaren erdialdean, auzitegi berezi batek heriotza zigorra ezarri zion Pervez Musharraf jeneral eta diktadore ohiari, «goi mailako traizioarengatik». Gaur, berriz, Lahoreko Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi du erabakia, auzitegia osatzeko modua «konstituzioaren kontrakoa» izan zela argudiatuta.

Estatu kolpe baten bidez heldu zen boterera Pervez Musharraf jenerala, 1999an. Horren ostean, Pakistango presidente izan zen, 2001etik 2008ra. 2007an, ordea, konstituzioa indargabetu eta larrialdi egoera ezarri zuen, bere agintaldia luzatzeko asmoz. Urtebete gehiago egin zuen boterean, 2008an epaiketa politiko baten mehatxupean kargua utzi zuen arte.

2013an, Nawaz Sharif presidente kargura heldu zenean —bera zen estatuburua Musharrafek estatu kolpea eman zuenean—, jeneralaren aurkako auzia hasi zuten, goi mailako traizioa egotzita. Auzitegi Gorenaren aginduz eratutako epaitegi berezi batek hiltzera zigortu zuen abenduan. Konstituzioak bide ematen du halako kasuetan heriotza zigorra ezartzeko, eta hala egin du epaimahaiak, nahiz eta aho batez ez izan.

Musharrafi ez ezik, Justizia ministro ohi Zahid Hamidi, Goreneko presidente ohi Abdul Hameed Dogari eta Shaukat Aziz lehen ministro izandakoari ere leporatu zieten traizioa. Baina auzitegiek ez zituzten auzipetu.

Musharraf bera Dubain dago 2016tik. «Osasun arrazoiak» argudiatuta joan zen hara, eta handik salatu zuen epaia, abenduan, «oinarririk gabea eta bidegabea» zelakoan. Buruzagi militar ohia herrialdetik irten eta hilabete gutxira, gobernuak haren pasaportea eta nortasun agiria indargabetu zituen, eta haren jabetzak bahitu.

Bushen aliatua

Musharraf George W. Bushen aliatu nagusietako bat izan zen Asian. Dorre bikien aurkako 2001eko erasoen ostean, bat egin zuen haren terrorismoaren aurkako gerrarekin.

AEBek bultzatuta, muturreko islamisten aurkako gerran nahastu zen Musharraf, eta, aldi berean, herrialdean babes zabala zuten mugimendu islamisten nahiak betetzen ahalegindu zen. Behin baino gehiagotan NBEk eta NATOk leporatu zioten «ahalegin nahikorik ez egitea» Al-Qaedari laguntzen dioten miliziak atzemateko.

Hala ere, 2007an hasi zen haren gainbehera, Iftikhar Muhammad Chaudhry orduan Justizia ministroa zena kargugabetu zuenean. Erabakiak indartu egin zituen oposizioaren kritikak, eta estatu kolpeaz geroztik erbestean zen Sharifi modua eman zion itzultzeko. Musharrafek larrialdi egoera ezarriz erantzun zuen, baina, 2008ko otsailean, haren alderdiak bozak galdu zituenean, ez zuen dimisioa ematea beste aukerarik. 2013an agintera itzultzen ahalegindu zen, presidentetzarako bozetara aurkeztuz, baina galdu egin zituen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.