Politika

Borja Senperrek «familiagatik eta lan eskaintza batengatik» utziko du politika

Gipuzkoako PPko burua Donostian azaltzen ari da zergatik utziko dituen karguak. Alderdiarekin eduki ditzakeen desadostasunek ez dute eraginik izan erabakian, esan duenez.

Borja Senperren agerraldia, gaur goizean, Donostian. JAVIER ETXEZARRETA /EFE
Irati Urdalleta - Edu Lartzanguren
2020ko urtarrilaren 14a
19:03
Entzun

«Agur esaten dut, benetan gero arte bat den arren». Horrela hasi du Borja Senperrek kargu politiko guztiak utziko dituela iragartzeko gaur goizean Donostian eman duen prentsaurrekoa. Gipuzkoako PPko presidente, Donostiako Udaleko zinegotzi eta Eusko Legebiltzarreko PPren eledun Borja Senperrek politikatik ateratzea erabaki du, eta datozen egunetan utziko ditu alderdian dituen ardurak eta kargu publikoak. Politika «familiagatik eta lan eskaintza batengatik» utziko duela esan du. «Ziklo baten amaiera da, bukatu den etapa pertsonal bat, eta ez da egon hori eragin duen beste ezer».

Gaineratu duenez, egungo PPn ez dago deseroso, askatasunez adierazteko aukera eman baitiote, eta alderdiarekin eduki ditzakeen desadostasunek ez dute eraginik izan politika uzteko erabakian. «Alderdi politiko bat ez da sekta bat. Ñabardurak, desadostasunak eta talkak egotea osasungarria da».

Ernst Young aholkularitza taldearentzat arituko dela esan du, erakundeekiko harremanen zuzendari lanetan. Nazioarteko taldeak EAEn dituen buruekin Donostian elkartu izan da Senper; besteak beste, Laboral Kutxak eta Ernst Youngek berak antolatzen duten Gipuzkoako Enpresaburu Foroan. Multinazionalak Bilboko Iberdrola dorrean du EAErako egoitza.

Alderdiarekin deseroso egon ez arren, aitortu du orokorrean ez duela gustuko politikan dagoen giroa. «Nik beti esaten dut aurkaria aurkaria dela, baina ez etsaia». Ziurtatu duenez, garrantzi handia ematen dio errespetuari, politikariek egindakoa gizartean islatzen delakoan. «Politikan eta demokrazian desadostasunak osasungarriak ez ezik beharrezkoak ere badira, baina liskarra ez», nabarmendu du. Desberdintasunak desberdintasun, ideologia guztietako jendearekin hitz egiten saiatu dela azpimarratu du. «Kolore eta ideologia guztietako karguekin hitz egin dut. Batzuekin lortu dut ulertzea, eta besteekin, ez, baina guztiekin saiatu naiz nire ideiak errespetuz defendatzen.

Nabarmendu du politikan igaro dituen 25 urteak ez direla errazak izan. «Politikan sartu nintzenean, nik, PPk eta beste hainbatek defendatzen genituen baloreak defendatzeak azken ondorioetaraino inplikatzea zekarren». Bere bizitza politikoaren zati handi bat –15 urte inguru– bizkartzainekin igaro duela esan du, eta haiei eskerrak emateko ere aprobetxatu du.

Esan du politikan dituen kargu guztiak utziko dituen arren lerro bat irekita izango duela beti iritzia eskatzen dionarentzat. «Ni banoa familian beste erronka batzuk hastea behar dugulako, baina horrek ez du esan nahi desagertuko naizenik». Politika aktiboa gainditua duen etapa bat izan arren, helduagoa denean zer gertatuko den ez dakiela nabarmendu du. 25 urteren ondoren, arantza bat bat badu: Donostiako alkate ez izana.

Alderdikideen babesa

«Oso errespetatua eta maitatua sentitu naiz euskal PPko eta gainerako Espainiako alderdikideen artean», azpimarratu du Senperrek. Hartu berri duen erabakiaren berri emandakoan ere, ulermena eta maitasuna jaso dituela dio. «Oraingo zuzendaritzakoekin nahiz aurrekokoekin egon naiz, eta maitasuna eta eskuzabaltasuna eskaini dizkidate».

Borja Senper Pascual Irunen jaio zen (Gipuzkoa), 1976. urtean. 17 urte zituenetik da PPko kidea; 1995etik, alegia. Irungo zinegotzi gisa hasi zen zenbait erakundetan ardura batzuk izaten. Eusko Legebiltzarreko kide da 2003. urtetik, eta alderdiaren eledun bihurtu zen erakunde horretan 2013. urtean, Arantza Quiroga politika uztera eraman zuen krisiaren ondoren.

Gipuzkoako PPko buru aukeratu zuten 2003an, ia aho batez, eta presidente izan da geroztik. Gaur egun, ardura hori edukitzeaz gain, legebiltzarkidea da, eta zinegotzia Donostian.

Baina arazoak eduki ditu alderdiaren barruan, 2018. urtetik. Urte hartan PPk egin zuen kongresuan, Soraya Saenz de Santamariaren hautagaitzaren alde egin zuen Senperrek, EAEko PP osoak bezala. Saenz de Santamariak galdu egin zuen lehia, ordea, gaurko presidente Pablo Casadoren aldean. Geroztik, Senperrek hainbat gatazka eduki ditu alderdiaren zuzendaritzarekin. Esaterako, PPren zuzendaritzak Iñigo Arkauz Gipuzkoako zerrendaburu gisa ezarri zionean Espainiako hauteskundeetarako.

Beste aurrez aurreko publiko bat eduki zuen joan zen irailean PPren Espainiako Kongresuko eledun Cayetana Alvarez de Toledorekin, hark EAEko PPko kideei abertzaleekiko «epelkeria» egotzi baitzien, eta foraltasunaren alde egitea aurpegiratu. Alvarez de Toledok esandakoak «huts larria» zirela ohartarazi zuen orduan Senperrek: «Guk odolez eta malkoz ordaindu dugu konstituzioa eta Espainiaren ideia defendatu izana; batzuk moketa erosoen gainean ibiltzen ziren bitartean, guk bizitza jokatzen genuen hemen elkarbizitza defendatzen».

EAErako estatu berriaren inguruko negoziazioen inguruan, EAJk eta EH Bilduk «ezarritako bidea betetzen» ari zela esan zuen abenduaren hasieran. «EAJk, Elkarrekin Podemosek eta, batez ere, PSE-EEk ez dute interesik legebiltzar honetan ezein dokumentu tramitatzen hasteko, Pedro Sanchezen inbestidura argitu arte», adierazi zuen orduan. «Erabakiak ez dira hartuko hemen, Euskadin: hemen hartuko dira, Madrilen beste mahai batean gertatzen denaren arabera».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.