Istripu kimikoa

Hiru dira Tarragonako leherketa kimikoaren ondorioz hildakoak

Hiru kilometrora bizi zen gizon bat hil zen atzo; leherketak jaurti zuen tona bateko txapa batek etxeko sabaia bota, eta azpian harrapatu zuen. Leherketaren ostean desagertutako lagun bat ere hilda aurkitu dute gaur. Beste batgaur arratsaldean hil da, hirugarrena; atzo larri zauritutako lagunetako bat da.

Andoni Imaz -

2020ko urtarrilak 15

Hiru lagun hil dira atzo Tarragonako (Herrialde Katalanak) Igoxe enpresan gertatutako leherketa kimikoaren ondorioz. Leherketaren ostean, hiriko Torreforta auzoan, enpresatik 2 kilometrora, pertsona bat hil zen. Haren etxearen zati bat erori egin zen, leherketaren hedatze uhinen eraginez, Generalitatearen arabera. Goizean, suhiltzaileek hilotz topatu dute hiriko Canonja industrialde petrokimikoan atzotik desagertuta zegoen langile bat. Beste bat, hirugarrena, gaur arratsaldean hil da; atzo larri ospitaleratua izan ostean.

Leherketa handi bat gertatu zen, 18:40 aldera, Igoxe enpresan; etileno oxidoarekin egiten dute lan, eta depositu bat lehertu zen. Inguruko herrietan ere antzeman zuten eztanda. Kalterik handiena lantegiaren inguruan izan da. Aipatutakoez gain, enpresako beste zazpi langile zauritu ziren; batek oso erredura larriak dauzka. Suhiltzaileen 30 unitate mugitu dituzte ezbeharraren lekura, eta han eman dute gaua, sua kontrolatzen. Quim Torra Generalitateko presidenteak esan du gertatutako guztia ikertuko dutela. Herritarrei eskatu die lasai egoteko, eremu petrokimikoa hesituta daukatelako, eta airean ez delako toxikorik ageri egin dituzten azterketetan.

Tarragonako Cel Net plataformak komunikatu bat atera du gertatutakoa salatzeko, eta manifestazio batera deitu dute gaurko, gobernuari eta enpresei eskatzeko «herritarrak babesteko». Inpunitatea amaitu da lelopean, lege berriak eskatu dituzte, «industria kimikoaren eragina kontrolatzeko, arautzeko eta gutxitzeko», eta «komunikazio mekanismo argiak eta efektiboak» ere bai, herritarrek segurtasuna bermatzeko atzoko gertatu zen moduko ezbeharretarako. Azaldu dute Tarragonako eremu petrokimikoa Europako hegoaldeko handiena dela, eta herrigunetik bi kilometro eskasera dagoela: «Koktel kimikoa bolborategi bilaka daiteke».

Suhiltzaileek bart azaldu dute Torreforta auzoko eraikin batean, pisu bateko egiturazko elementu batek eman egin duela; erori egin da zati batzuetan, eta bizilagun bat harrapatu du azpian. Beste bizilagun bat artatu dute, antsietateak jota zegoelako. Eztanda gertatu den lantegitik irtendako «jaurtigai» batek jo du etxea, Albert Ventosa suhiltzaileen buruaren esanetan. Enpresa etxe hartatik 2 kilometrora dago.

Generalitateko Babes Zibilak segurtasun plana aktibatu zuen berehala, eta «behin-behineko konfinamendua» iragarri zuen. Canonja eta Vila-seca herrietan bizi direnei eskatu zieten etxean gordetzeko, ate eta leihoak itxita. 30.000 pertsona ingururi, guztira. Ordu gutxiren buruan bertan behera utzi zuten konfinamendua. Adierazi dute leherketak ez zuela laino toxikorik eragin.

Tarragonan bi eremu petrokimiko handi daude, eta bizilagunak zein ekologistak aspalditik ari dira kexaka, usain ustela eta arnastezina zabaltzen duelako, besteak beste. Ekologistek ohartarazi izan dute minbizia eta asma edo arnasketa arazoak ugaritu izan direla inguru horietan, enpresen jardunaren eraginez.

Europa hegoaldeko eremu petrokimikorik handienetako bat da Vila-seca eta Tarragona artekoa. Petrolio findegi bat izan zen eremuaren sorburua, 1966an ireki zutena. Iparraldeko eremuak 470 hektareako eremua du, eta hegoaldekoak, berriz, 720 hektareakoa. Hogeita hamar enpresa baino gehiago daude eremu horretan gaur egun, eta azidoak, kloroak, gatz alkalinoak, ongarriak, intsektizidak, erregaiak, plastikoak, PVCa eta beste gai asko sortzen dituzte. Repsolek, Bayerrek, BASFek, Ercrosek, Cepsak, eta Dow Chemical Companyk lantegiak dituzte bertan, besteak beste.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 23 enpresa kimiko daude katalogatuta arriskutsu gisa, eta hamazazpi herri daude sartuta larrialdi kimikoetarako planean: Amurrio, Iruña Oka, Lantaron, Laudio eta Legutio, Araban; Abanto, Alonsotegi, Barakaldo, Erandio, Galdakao, Gueñes, Muskiz, Santurtzi, Zaratamo eta Zierbena, Bizkaian; eta Hernani eta Usurbil, Gipuzkoan. Guztiek dituzte larrialdi kimikoetarako planak, Tarragonako inguru horrek bezala.

Hain justu, polemika sortu da larrialdi planaren inguruan, sirenek ez dutela zaratarik egin astearte iluntze honetan, leherketa gertatu denean. Generalitateak ihardetsi du etileno oxidoak ez duela airean isuri kimikoak eragiteko arriskurik, eta horregatik ez dutela jo sirenek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna