Noiz sortua: 2020-01-16 19:10:50

etxe turistikoak

EAEko Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi du Donostiako etxe turistikoen ordenantza

Oraindik indarrean jarraituko du, sententzia ez baita irmoa. Eneko Goia alkateak esan du errekurtsoa jarriko dutela Auzitegi Gorenean

Etxe turistikoen aurkako margoketa bat Donostian, artxiboko irudi batean
Etxe turistikoen aurkako margoketa bat Donostian, artxiboko irudi batean javier etxezarreta / efe Tamaina handiagoan ikusi

Irati Urdalleta Lete -

2020ko urtarrilak 16

Gipuzkoako hiriburuan etxe turistikoak arautzen dituen ordenantzaren aurka egin du Anfitriones Basque Country Hosts elkarteak, eta EAEko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman dio. Zehazki, 2010eko Hiria Antolatzeko Plan Orokorraren 8.4 artikuluaren kontra egin du auzitegiak. Artikulu horren bitartez, hainbat kontu udalaren ordenantzen bidez arautu zitezkeen, tartean etxe turistikoak.

Eneko Goia Donostiako alkateak azaldu duenez, egungo ordenantzak indarrean jarraituko du, eta, epaia ez denez irmoa, Auzitegi Gorenean errekurtsoa jarriko dute. Gaineratu du sententzia ez dela «oinarrizko gauzetan» sartzen, eta erabilitako tresna ez dela egokia soilik esaten duela. Hala ere, onartu du gaur emandako epaiak «udalaren interesen aurka» egiten duela.

Etxe turistikoen ordenantzak hiru eremutan banatzen ditu Donostiako auzoetako etxebizitza turistikoak. Parte Zaharra «eremu saturatu» gisa izendatuta dago. Horregatik, etxebizitza turistiko berriak erregistratzea debekatu zen, baina baimena zutenek jardunean jarraitu dute. Etxebizitza turistikoen «eskaera handiko» eremu gisa sailkatuta daude, berriz, Erdigunea eta Gros auzoak, Egia eta Antiguako zona batzuekin batera. Horietan, lehen solairuan soilik ezarri daitezke alokairu turistikora bideratutako etxebizitzak, eta ezin dira izan 250 metro koadro baino gehiagokoak eraikin bakoitzean. Azkenik, beste bi ataletan sartzen ez diren auzoetako etxebizitzetan edozein solairutan ezarri daitezke gisa horretako zerbitzuak, eta guztien artean ezin dira izan 350 metro koadro baino handiagokoak.

Alkateak aurreratu du beste plan orokor bat egiten ari direla urte amaierarako, eta bertan ere sartuko dutela etxe turistikoen ordenantza.

Eztabaida eragile

2018ko martxoaren 1ean onartu zen Donostiako etxe turistikoen ordenantza. Udal gobernua osatzen zuten EAJren eta PSEren babesa jaso zuen, eta oposizioak –EH Bilduk, Irabazik eta PPk– aurka bozkatu zuten. Ordenantza hori onartzearen kontra agertu ziren pentsiodunen elkarteak, Kaleratzerik Ez plataformak eta Donostiako zortzi auzo elkarte ere.

Epaia ezagutu denean, EH Bilduk esan du EAEko Auzitegi Nagusiak ordenantza bertan behera utzi duela, ordenantza batek ezin dituelako hirigintzako erabilerak arautu. Gaineratu du EH Bilduk hori araudi berria sustatzen hasi bezain laister ohartarazi zuela: «Behin eta berriz EAJren eta PSEren gobernuari ohartarazi genion hori ez zela legezkoa, baina erantzuna beti izan da kosta ahala kosta aurrera segitzea».

Behin ordenantza onartuta, legez kanpokoak ziren ehunka etxe legezkoak izatera pasatu zirela salatu du koalizio abertzaleak. «Etxebizitzaren preziorik garestiena duen euskal hirian, etxebizitza turistikoen ugaritzeari hainbeste erraztasun ematea, suizidio politikoa zen Donostiarentzat», gaineratu dute. Eneko Goiaren gobernuaren politikak Donostiako herritarren interesentzat «kaltegarriak» direla erakusten duten ebidentzia gehiegi dituztela esan dute. «Bada garaia etxebizitza eta turismo politiken erdigunean donostiarrak jartzen hasteko».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna