AEB

Trumpen aurkako epaiketa politikoa egun gutxian egingo dute

AEBetako Senatuak 'impeachment'-aren araudia onartu du, eta, gaurtik hasita, akusazioak eta defentsak 24 orduko hiru saio izango dituzte argudioak aurkezteko. Bolton Segurtasun Nazionalerako aholkulari ohiaren testigantzari ezezkoa eman diote errepublikanoek.

Mitch McConnellek errepublikanoen Senatuko buruzagia —ezkerrean—, epaiketaren lehen saioa amaitu berritan. SHAWN THEW / EFE
ander perez zala
2020ko urtarrilaren 22a
11:27
Entzun

Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidentearen aurkako epaiketa politikoak egun gutxi iraungo du, astebete eta bi aste artean, errepublikanoek nahi zuten bezala. AEBetako Senatuak gaurko ordu txikietan onartu du impeachment-erako araudia, eta akusazioak eta defentsak 24 orduko hiru saio eskas izango dituzte argudioak aurkezteko.

Hortaz, epaiketa politikoak espero baino askoz ere gutxiago iraungo du, errepublikanoek Trumpi ahalik eta kalte gutxiena egingo dion prozesu bat nahi baitzuten; eta hala izatea lortu dute, goi ganberan duten gehiengoari esker —ehundik 53—. Hori bai, errepublikanoen Senatuko buruzagi Mitch McConnellek oinarrizko ebazpena pixka bat aldatu behar izan du, alderdikide batzuen artean haserrea eragin baitzuen argudioak emateko hamabi orduko bi egun proposatzeak.

Demokraten artean ere nabaria zen haserrea, eta alderdiaren goi ganberako buruzagi Chuck Schumerrek hamabi zuzenketa aurkeztu dizkio McConnellen ebazpenari; tartean, lekuko berriak deklaratzera deitzeari buruzkoa. Kasu horretan ere, errepublikanoek finkatu dute araudia, ganberan duten gehiengoari esker: argudioen tartea amaitu ostean, bozketa bat egingo dute lekukoak deitzearen inguruan, eta, baiezkoa gailenduko balitz, berriz bozkatu beharko lukete lekukoak publikoki deklaratu dezakeen.

Horren aurretik, senatariek aukera izango dute bi aldeei galderak egiteko —epaile lanetan arituko dira impeachment-ean—, eta, horretarako, hamasei orduko epea izango dute; hortaz, horren ostean egingo dute lekukoei buruzko bozketa. Schumerrek aurkezturiko zuzenketa batek John Bolton Segurtasun Nazionalerako aholkulari ohiaren eta Mick Mulvaney Etxe Zuriko kabineteburuaren testigantzak eskatzen zituen, eta Pentagonoko eta Estatu Departamentuko dokumentuen erabilera ere bai, baina errepublikanoek horren kontra bozkatu zuten.

Epaiketan ebatziko dute Trumpek «botereaz abusatu» ote zuen, eta haren aurkako «ikerketaren lana oztopatu» ote zuen. Ordezkarien Ganberako Justizia Batzordearen arabera, AEBetako presidenteak bere kargua erabili zuen Joe Bideni buruzko informazioa lortzeko; Biden demokraten primarioetan lehiatzen ari da, eta, inkesten arabera, faboritoa da 2020ko azaroaren 3ko bozetan presidentegai izateko.

Gaur-gaurkoz, ziurra da Trump ez dutela kargutik kenduko kontrako botoak bi heren ez badira —errepublikanoek gehiengoa dute—; ikusteko dago, hortaz, haren irudiari kalte egingo dion eta, egiten badio, zenbatekoa. Agintariak «iruzurtzat» jo du haren aurkako prozesua.

Egutegi estuaren arrazoiak

Epaiketaren egutegiaren afera berebizikoa da AEBetako presidentearentzat, demokratek Iowako caucus-a otsailaren 3an egingo baitute, eta agintaria batasunaren egoerari buruzko hitzaldia ematekoa baita hurrengo egunean. Epaiketa atzo hasi zen, baina Trump Suitzan zegoen, Davosko foroan parte hartzen.

Egungo presidentearen aurretik, bitan saiatu dira estatuburua kargugabetzen, baina ez dute arrakastarik izan. Lehena Andrew Johnson demokrata izan zen, 1868an, Senatuaren baimenik gabe kargugabetu baitzuen garai hartako Gerra idazkaria; epaiketa politikoan, senatariek absolbitu egin zuten.

Bigarren kasua 1998koa izan zen, Clinton demokratarena. Ordezkarien Ganberak justiziaren lana oztopatzea eta gezurrezko zina egitea egotzi zion, sexu-jazarpen kasu baten harira, baina hurrengo urteko bozketan absolbitu egin zuen Senatuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.