Italia

Di Maiok M5Sren buruzagitza utziko du

5 Izar Mugimenduaren lidergotik dimisioa eman arren, agintariak Atzerri ministro karguan jarraitzeko asmoa du. Italiako lehen ministroak dio gobernuak «aurrera» jarraituko duela.

Di Maio Italiako Senatuan, iragan astean. EFE
ander perez zala
2020ko urtarrilaren 22a
18:25
Entzun

Luigi di Maio Italiako Atzerri ministroak 5 Izar Mugimendua (M5S) alderdiaren buruzagitza uzteko asmoa du, urteotan izandako barne tentsioen eta hauteskundeetako emaitza eskasen ondorioz. Alderdiak goia jo zuen 2018ko martxoko bozetan, boto gehien jaso zuen indar politikoa izan baitzen (%33), eta harrez geroztik beherantz egin du hauteskunde bakoitzean; gobernuan izandako aldaketek eta alderdikideen dimisioek ere eragina izan dute Di Maioren erabakian.

Agintaria bere alderdiko ministroekin eta ministrordeekin batzartu da eguerdian, eta bilera horretan eman die erabakiaren berri. 17:00etan agerraldi bat egitekoa da, eta orduan egingo du jakinarazpen ofiziala; orduan ere adieraziko du Atzerri ministro karguan jarraituko duela.

Dimisioaz galdetuta, Giuseppe Conte lehen ministroak adierazi du erabakia errespetatuko duela, eta horrek ez duela eraginik izango koalizio gobernuan: «Aurrera jarraituko dugu». M5S eta Alderdi Demokrata (PD) koalizioan ari dira gobernatzen iazko abuztutik, Matteo Renzi gobernuburu ohiaren Italia Bizirik-en eta Askeak eta Berdinak-en (LeU) kanpo babesarekin; aurrez, Di Maioren alderdiak koalizio bat osatu zuen Lega ultraeskuindarrarekin, baina Matteo Salvinik iazko udan hautsi zuen, hauteskundeetara joateko helburuarekin. Jokaldia, ordea, ez zitzaion ondo atera, M5S eta PD ados jarri baitziren gobernatzeko.

Di Maiok hauteskunde erabakigarri batzuen atarian eman du dimisioa: igandean Italia erdialdean dagoen Emilia-Romagna eskualdean bozak egingo dituzte, ezkerraren gotorleku historikoan, eta inkestek lehia estua iragarri dute ezkerreko eta eskuineko zerrenden artean. Salviniren alderdia buru duen zerrenda gailenduko balitz, agintari ultraeskuindarrak garaipen hori baliatuko luke Erromako gobernuaren dimisioa eskatzeko; hortaz, ultimatum itxurako hauteskundeak izango dira igandekoak.

Contek, ordea, ez die garrantzi handia eman boz horiei: «Gobernuari buruzko bozketa bat dela esatea oker dago. Bere erabakia errespetatuko dut; ardura handiz jardungo dugu». Adierazpen horrekin, gobernuburuak esan du Di Maioren erabakiak ez duela eraginik izango Italiako Gobernuan.

Baina lehen ministroaren gehiengo osoak gero eta tarte txikiagoa du bi ganberetan —batez ere Senatuan— asteotan 30 bat diputatuk eta senatarik utzi baitute M5S. Iragan abenduan, hiru senatari Legara pasatu ziren; Lorenzo Fioramontik Hezkuntza ministroaren kargua utzi zuen hil horren amaieran, eta Gianluigi Paragone senataria alderditik bota behar izan zuten, boto diziplina ez errespetatzeagatik. Iragan asteartean bertan, bi diputatuk M5S utzi zuten.

Di Maiok alderdiko militanteen esku utzi zuen bere kargua iazko maiatzean, Europako Parlamenturako bozetan botoen %17 baino ez zituztelako lortu; haren alde agertu ziren bozketan parte hartu zutenen %80, eta karguan jarraitu zuen. Orain, ordea, buruzagitza uzteko erabakia hartu du. Inkestek %15eko babesa iragartzen diote M5Sri balizko hauteskunde orokorretan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.