Noiz sortua: 2020-01-22 15:09:54

HEZKUNTZA

Ikasleen %97 lehenetsitako eskolan ari dira ikasten

Urtarrilaren 27tik otsailaren 7ra bitartean egingo dute aurrematrikulazio kanpaina Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Familia ugariek ez dute baldintza hori egiaztatzen duen dokumentaziorik aurkeztu beharko.

Maite Alonso Hezkuntza sailburuordea eta Cristina Uriarte sailburua, gaur, Donostian.
Maite Alonso Hezkuntza sailburuordea eta Cristina Uriarte sailburua, gaur, Donostian. Juan Carlos Ruiz / Foku Tamaina handiagoan ikusi

Igor Susaeta -

2020ko urtarrilak 22

Datorren astelehenean hasiko da Haur Hezkuntzarako, Lehen Hezkuntzarako eta DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako aurrematrikulazio kanpaina Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskoletan. 703 ikastetxe daude EAE Euskal Autonomia Erkidegoan, eta horietatik %64 publikoak dira. Iaz indarrean sartutako neurriari eutsi dio Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak, eta, horrenbestez, aurrematrikulan seme-alabentzako hamabi ikastetxe hautatu ahal izango dituzte gurasoek, gehienez. Maite Alonso sailburuordeak joan den urteko kanpainako datuei erreparatuta jakinarazi duenez, ikasleen %97 hautaketa horretan lehenetsitako eskolan ari dira ikastean.

Aurrematrikulaziorako epea otsailaren 7ra arte egongo da zabalik. Izapidea Internet bidez eginez gero, ordea, epea egun bat lehenago itxiko dute: otsailaren 6an.

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak gaur, Donostian, Zatoz gurera kanpaina aurkezteko agerraldian nabarmendu duenez —iazko kartel bera erabili dute—, hautatutako zentroetan familia bakoitzak dituen puntuen arabera egingo dute aukeraketa. «Inongo kasutan» ez da kontrakoa gertatuko, sailburuaren esanetan.

Berrikuntza bat badago aurtengo prozeduran. Izan ere, familia ugariek ez dute baldintza hori egiaztatzen duen dokumentaziorik aurkeztu beharko aurrematrikula egiteko orduan. «Hezkuntza saila arduratuko da egiaztapen hori egiteaz. Azken batean, familiei izapideak erraztea bilatzen duen neurria da», adierazi du Uriartek.

Indarrean jarraitzen du iaz onartutako beste berrikuntza batek: Lehen Hezkuntzako 6. mailatik DBHko lehen mailara igarotzeko ez dute eskaerarik egin beharko, ikasleak ibilbidea ikastetxe atxikian jarraitzen badu. Hori bai, beste edozein ikastetxetara joateko, eskaera egin beharko dute gurasoek. Institutu atxiki bat baino gehiago dituzten Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoen kasuan ere eskaera egin behar dute.

Jaurlaritzak emandako datuen arabera, bi urteko haurrak matrikulatzeko 541 ikastetxe daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; 542 eskola Haur Hezkuntzako bigarren zikloko umeentzat; eta 536 Lehen Hezkuntzako haurrentzat. Horietako bakoitzean %61 ingurukoa da ikastetxe publikoen portzentajea. DBHkoentzat 329 ikastetxe daude guztira.

Informazio eta orientazio puntuak egongo dira, iaz hartutakoari bideari jarraituz. Hamasei gune egongo dira Araban: hamahiru Gasteizen, eta bulego bana Oionen, Laudion eta Agurainen. Hamar informazio puntu egongo dira Bizkaian: zortzi Bilbon eta bestea Lekeition. Eta Gipuzkoakoa Arrasaten egongo da.

Ikasgelak ixteaz

Jaiotzetan gertatzen ari den beherakadak ikasgelak ixtea eragin ote dezakeen galdetu diote Uriarteri. Sailburuak  erantzun du aurrematrikulazio kanpainako datuak eduki arte ezin dutela hori aurreikusi. «Datuak eduki ahala joango gara aztertuz. Oraingoz, ezin dugu esan gelak irekiko ez direnik».

EGUTEGIA

Urtarrilaren 27tik otsailaren 7ra: Eskabideak eta agiriak aurkezteko epea. Internetez eginez gero, otsailaren 6a da azken eguna.

Otsailaren 25a: Eskatzaileen zerrendak argitaratuko dituzte.

Martxoaren 17a: Behin-behineko zerrendak argitaratuko dituzte. Martxoaren 25a bitartean egin ahal izango dira erreklamazioak.

Martxoaren 31: Behin betiko zerrendak argitaratuko dituzte. Helegiteak aurkezteko epea apirilaren 30era arte egongo zabalik.

 

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna