Euskara

PPk euskararen erabileraren dekretuaren kontrako bideoak plazaratu ditu

PSEk antzeko kanpaina bat egin zuen 2016ko Legebiltzarrerako Hauteskundeetan, baina ez zuen emaitza onik atera.

Edu Lartzanguren -

2020ko urtarrilak 23

Eusko Jaurlaritzaren euskararen erabileraren inguruko dekretuaren aurkako kanpaina bat hasi du EAEko PP alderdiak. Oraingoz bi bideo labur dira. Lorea izeneko emakume bat da protagonista. Lehenengo bideoan, etxeko atarian sartzen da Lorea, eta han udalaren ohar bat dago. Ura moztuko dutela iragartzen dute. Baina oharra euskara hutsez dago. «EAJ-ren eta PSEren dekretuaren arabera, komunikazioak euskaraz bakarrik egin ahalko dira», salatzen du PPk bideoan. «Loreak ez daki euskaraz, eta, horregatik, ezingo du mozketa aurreikusi». PPkoek, ondoren, «hizkuntza askatasuna» eskatzen dute.

Bigarren bideoan kontatzen dutenez, Loreak zerbitzu enpresa bat du, eta haren asmoa da udal batekin kontratu bat sinatzea. Baina, euskaraz ez dakienez, «ezingo du berdintasunean lan egin tokian tokiko administrazioarekin».

Erreakzioak sortu ditu bideoak. Besteak beste, Gasteizko alkate Gorka Urtaranena. Izan ere, bideoan agertzen den oharrak Gasteizko Udalaren sinadura du. «Bideo hau GEZURRA da», idatzi du alkateak. «Gasteizko Udalak bi hizkuntza ofizialak erabiltzen ditu bere abisuak jakinarazteko. Eta horrela jarraituko du».

 

Ezin esan PPren kanpaina originala denik ere. 2016. urtean, Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpainaren barruan, orain Jaurlaritzan EAJren bazkide den PSEk antzekoa egin zuen. Orduan, gizon bat zen protagonista. Bideoan, ez zioten tabernan sartzen uzten, ez eta autobusean eta futbol zelaian ere... Dendari txinatarrak ere atea ixten zion. «Egia da: euskaraz ez jakiteagatik sartzen ez uztea ez da inon gertatzen Euskadin», esaten zuen Idoia Mendia Euskadiko Alderdi Sozialistaren idazkari nagusiaren off-eko ahotsak. «Inon ez, leku batean izan ezik: administrazioan». Mendiak agintzen zuen orduan «bidezkoa ez den egoera hori» deuseztatuko zuela, uste zuelako «aukera berdintasuna ere oso gauza euskalduna izan behar dela».

Eztabaida eragin zuen bideoak orduan ere, eta euskararen kontrako mezuak botoak irabazteko trikimailu gisa erabiltzea egotzi zioten PSEri. Irailaren 25ean egin ziren orduko bozak, eta PSEk kolpe handia jaso zuen: zazpi eserleku galdu zituen, eta laugarren alderdi gisa geratu zen, EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemosen ondoren.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna