Bertsolaritza

Urtarrilaren 31n hasiko da Bardoak, Nafarroako taldekako bertso txapelketa

Hamahiru taldek parte hartuko dute, eta, martxoaren 28ra bitarte, hogei saio jokatuko dituzte. Hamazazpi udalerrik hartuko dituzte saioak, eta Lizarran egingo dute finala.

Hainbat lagun elkartu dira txapelketaren aurkezpenean. NAFARROAKO BERTSOZALE ELKARTEA
Erredakzioa
2020ko urtarrilaren 25a
17:18
Entzun

2012an sortu zen Bardoak, Nafarroako taldekako bertso txapelketa, herrialdeko bertso eskolen sarea indartzeko asmoz. Ordutik, bi urtean behin antolatu dute, talde lana oinarri hartuta. Bosgarren aldia izango du aurtengoa, urtarrilaren 31n hasi eta martxoaren 28ra bitarte jokatuko dena. Guztira, hamahiru taldek eta 96 lagunek —bertsolari, gai-jartzaile, antolatzaile...— parte hartuko dute, eta hogei saio jokatuko dituzte. Etxarri-Larraunen izango da lehena. Finala, berriz, Lizarran egingo dute, eta, «lehiaz harago, Nafarroako bertsolaritzaren eta euskal kulturaren festa handia» izango dela adierazi du Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Egun horretako ekitaldiak Lizarra Ikastolarekin eta Nafarroa Oinez-ekin elkarlanean antolatu dituztela gaineratu dute.

Hainbat berrikuntza izango ditu txapelketak bere bosgarren edizioan. Oraingoan, talde parte hartzaileen herriez gain, beste sei herri batu dira saioak jasoko dituztenen zerrendara —hamazazpi udalerri dira guztira—, eta bertan izango dira txapelketako sei finalaurrekoak. Hain zuzen ere, Anizen, Atarrabian, Goizuetan, Jaunsaratsen, Tafallan eta Tuteran izango dira saio horiek. Modu horretan, «Bardoak egitasmoa bestela iritsiko ez litzatekeen eskualde eta herrietara iristea» izan du helburu elkarteak, eta, hala, bertsoa Nafarroako ahalik eta bazter gehienetara eramatea.

Lehen fasea urtarrilaren 31tik otsailaren 14ra bitarte jokatuko da, eta hamahiru saio egingo dituzte. Parte hartzen duten hamahiru taldeak lau multzotan banatuko dituzte, eta bakoitzak saio bana jokatuko du bere multzoko bi talderekin; bere herrian bata, eta beste taldearenean, bestea.

Bigarren fasera, hots, finalaurrekoetara, sei talde pasatuko dira. Otsailaren 29tik martxoaren 14ra, joan- etorriko hiru kanporaketa izango dira; sei saio, guztira. Kanporaketa bakoitzean gailentzen den taldea finalera pasatuko da; guztira, hiru talde. Lizarrako Lizarra Ikastolako areto nagusian ariko dira hiru talde horiek, martxoaren 28an. Finalaren ostean, afaria eta afalostea ere izango dira.

Azken saio hori izan ezik, gainerakoak elkarte girokoak izango direla azaldu du elkarteak, eta gehienetan otorduekin osatuko direla.

Epaile sistemaren inguruko xehetasunak ere eman ditu elkarteak, ez baita bakarkako txapelketako sistema bera erabiliko. Lehen faseko saio bakoitzean, beste multzo bateko talde bateko bi kidek epaituko dute saioa, puntuaziorik jarri gabe, soilik ariketaz ariketa talde onena aukeratuta. Horiekin batera, entzuleek ere saioan hobekien nor aritu den baloratzeko aukera izanen dute. Bi horietatik aterako da saio bakoitzeko irabazlea.

Txapelketaren inguruko xehetasun guztiak bere webgunean bildu ditu Bertsozale Elkarteak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.