Noiz sortua: 2020-01-28 17:08:27

Euskal hedabideak

Euskalerria Irratiak helegitea aurkeztu du Iruñeko Udalak publizitate instituzionalik gabe uztearen kontra

Euskalerria Irratiak salatu du «maniobra burokratiko euskarafoboa» dela Maia buru duen gobernuak hartutako erabakia. Bazkidetzarako deia zabaldu dute. Gara egunkariak ere helegitea aurkeztu du neurriaren aurka.

Euskalerria Irratiko kideak gaur goizeko agerraldian.
Euskalerria Irratiko kideak gaur goizeko agerraldian. Iñigo Uriz/FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ainhoa Larretxea Agirre -

2020ko urtarrilak 28

Euskalerria Irratiak helegitea aurkeztu du Nafarroako Auzitegi Administratiboan Iruñeko Udalaren publizitate instituzionalaren esleipenaren aurka. Gaur goizean aurkeztu du helegitea, eta horren ondotik atera dira prentsaren aitzinera. Iruñeko udalak egindakoa «maniobra burokratiko euskarafoboa» dela salatu dute eta Iruñerriko euskaldunen hizkuntza eskubideak «urratzen» dituela. Iruñeko Udalak audientziaren %10 izatea zehaztu zuen baldintza nagusi gisa, eta, horren ondorioz, euskarazko hedabide denak publizitate instituzionalik gabe gelditu dira.

Euskalerria Irratiko Juan Kruz Lakasta koordinatzaileak adierazi duenez, azaroaren 4an zehaztu zituen Iruñeko udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak esleipenaren baldintzak. Euskalerria Irratiak helegitea aurkeztu zuen erabakiaren kontra «bidegabea» zela iritzita. Alta, Tokiko Batzarrak atzera bota zuen. Lehen helegite horren ondotik etorri da gaur bertan aurkeztutako bigarrena.

Lakastaren hitzetan, Maia buru duen gobernuak ezarritako irizpidea guztiz «diskriminatzailea» da. Lakastak salatu du irizpide horrek ez duela aintzat hartzen Iruñean bi hizkuntza daudela, eta horietako bat, euskara, azpiratua dagoela. «Kontratazio publikoetarako lehiaketetan bermatu behar den berdintasun printzipioa guztiz urratzen du, euskal komunikabideei bete ezinezko baldintzak ezartzen dizkielako», adierazi du.

Iruñeko Udalak hartutako erabakia dela-eta «babesgabetasuna» ere salatu du Lakastak: «Eraginkortasuna besterik ez dute aipatu ezarri diguten baldintza beteezina justifikatzeko. Baina eraginkortasuna neurtzeko irizpide bakarra ez da audientzia". Hizkuntza ere izan daiteke, entzuleekiko gertutasuna, beste asko daude.

Gainera, Lakastak salatu du ez dela «kasualitatea»  izan publizitatea banatzeko muga %10ean zehaztea. Nabarmendu du 2016ko inkesta soziolinguistikoaren arabera euskaldunak direla biztanleen %10,5, eta horrek euskarazko komunikabideek beraien audientzia potentzial guztia izatera behartzen dituela. Publizitate instituzionala zerbitzu publikoa dela salatu dute, eta herritar denek dutela jasotzeko eskubidea.

Helegiteaz galdetuta, uste dute aitzinera egiteko aukera izanen dutela. Epe zehatzik ez dute eman; hala ere, adierazi dutenez,  hiru edo lau hilabete inguruko prozesua izango dela aurreikusi dute.

Bazkidetzeko deia

Lohizune Amatria irratiko esatariak erran du kolpe gogorra jaso dutela. Galeraren diru kopuru zehatza ere azpimarratu du: 25.000 euro. Gainera, oroitarazi du auzia konpontzen ez bada urtero errepikatu daitekeen galera dela. Horri aitzin egiteko, bazkidetzarako deia egin du.

Amatriak gogora ekarri ditu irratiak azken urteetan egindako aurrerapausoak. Bertzeren artean, lizentzia lortzea, unitate mugikorraren bidez irratia kalera ateratzea eta lantaldearen gaztetzea eta handitzea. Hala ere, irratiaren indargunea komunitatea dela nabarmendu du: 800 bazkide, 200 iragarle, 175 kolaboratzaile eta 6.000 entzule.

'Gara'-k ere helegitea aurkeztu du

Euskalerria Irratia ez da helegitea aurkeztu duen bakarra. Gara egunkariaren editore Baigorri argitaletxe enpresak ere helegitea aurkeztu baitio erabakiari. Navarra Sumaren erabakia txarretsi du Baigorri argitaletxeak eta Navarra Sumaren erabakia "zuzenbidearen aurkakoa" dela salatu du: "Erabakia zuzenbidearen aurkako da berdintasun printzipioa, diskriminaziorik eza eta konpetentzia librea hausten dituelako eta egungo legeak ezartzen dituen parametroetatik kanpo dagoelako.

Haren hitzetan, %10eko irizpidea ezartzeak "justifikaziorik gabeko bazterkeria " da. Gainera, oroitarazi dute Nafarroako Kontratu Publikoen Foru Legeak debeku batzuk ezartzen dituela enpresak baztertzeko —ustelkeria, alderdiak legez kanpo finantzatzea, talde armatua izatea edota prebarikazioa, bertzeak bertze—,  baina horietan ez dela agertzen audientzia. Iruñeko Udalak audientzia "neurri baztertzailetzat" hartu izana bere eskumenetatik kanpo dagoela salatu du.

EH Bilduk hedabideek jartzen dituzten helegiteekin bat eginen du.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna