Kultur azpiegiturak

Tabakalerak bosgarren urtemuga ospatuko du aurten, jolasa ardatz hartuta

Sorkuntza sustatzera eta artisten eta sortzaileen profesionalizazioa eta garapena babestera bideratuko du programazioa Donostiako Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak.

Clara Montero eta Edurne Ormazabal, gaurko aurkezpenean. GORKA RUBIO / FOKU
Berria
2020ko urtarrilaren 28a
17:32
Entzun

Irailaren 11n bost urte beteko dira Donostiako Tabakalera zentroa ireki zutenetik, eta, urtemuga hori ospatzeko, zentroa osatzen duten erakunde guztiek jardueren egitarau berezi bat antolatuko dute elkarrekin irailaren 11 eta 12rako. Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendari nagusiak eta Clara Montero kultura zuzendariak gaur goizean eman dute zentroaren aurtengo programazioaren ardatz nagusien berri, eta, ekitaldi berean, urtemuga ospatzeko asmoa jakinarazi dute, baina ez dute aurreratu ospakizun horren mamia.

Tabakalerako arduradunek adierazi dutenez, zentroak bereziki lan egin du publiko orokorrarentzako programazio «bateratu, orekatu eta erreferentziazko» bat lantzeko, eta, horretarako, erakunde guztien arteko lankidetza sustatuko du aurten.

Bestalde, 2020ko programaren oinarrian jolasaren ideia landuko du Tabakalerak: «Joko zelaia, egungo artearen zati handi bat markatzen duen ezegonkortasun printzipioa, ludikoa dena, baina baita jolasa eta gamifikazioa gure gizartean ere». Hain zuzen ere, jokoaren ideia presente egongo da Tabakalerak jasoko dituen arte garaikideko proposamen askotan. Martxoaren 6an zabalduko duten Cybernetics of the poor erakusketak horri egingo erreferentzia, eta baita Julio Le Parcen Kuboa instalazioak ere. Artista hori aitzindaria izan zen bere esku hartze artistikoetan elementu ludiko eta parte hartzaileak txertatzen, eta bere obra espazio publikoan jolasteko gonbidapen gisa planteatzen du.

Apiriletik udara bitartean, bideo jokoek hartuko dute Tabakalera. Abiapuntua Bideo jokoak erakusketa izango da. Erakutsiko du artistek nola egiten duten lan jokoaren eta haren inplikazio politiko eta sozialen gainean.

Zinemarekin lotutako arte garaikideko bi erakusketa ere zabalduko ditu Donostiako zentroak. Zinema Ex. Abstrakziotik algoritmora, hurrengo urteetan Donostiako Zinemaldiarekin elkarlanean egingo den erakusketa sorta baten lehena izango da, eta zinemaren eta sorkuntza artistikoaren arteko topaketak ere ekarriko ditu Donostiara. Bestetik, Chris Kraus: pelikulak lehen eta gero erakusketan, bere liburu eta testuen bidez hainbat belaunaldirengan eragina izan duen egilearen obra filmikoa aurkeztuko dute.

Programazio horri Kutxa Kulturren Artegunea aretoak eskaintzen duena gehitu behar zaio. Areto horretan, erakusketa hauek zabalduko dituzte datozen hilabeteetan:

Nestor Basterretxea. Argazkien bidez. (Martxoak 6- Maiatzak 31). Komisarioa: Peio Agirre.

Margaret Watkins. Black Light. (Ekainak 19-Urriak 11). Komisarioa: Anne Morin.

Jon Cazenave. Galerna. (Azaroak 6-2021eko otsaila). Komisarioa: Fannie Escoulen.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.