Euskara

Maiatzaren 30ean Seguran izango da aurten Udalerri Euskaldunen Eguna

Udalerri Euskaldunen Egunarekin bat eginez, batzar nagusia ere egingo du UEMAk. Beste zenbait udal gehituko dira egun horretan UEMAra, ohi bezala. Seguran izango den batzar horretarako, gainera, UEMAko kide izateko zenbait udalek hurrengo asteotan egingo dituzten eskaerak aztergai izatea aurreikusten da.

Segura, Goierri eskualdean. /
Segura, Goierri eskualdean. / BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Berria -

2020ko urtarrilak 29

 

UEMAk eta Segurako Udalak (Gipuzkoa) elkarlanean antolatuko dute aurten Udalerri Euskaldunen Eguna. Maiatzaren 30ean izango da, eta egun horretan bertan UEMAren batzar nagusia ere egingo dute. UEMAk aurreratu duenez, datozen asteotan zenbait udalek mankomunitatean sartzeko eskaera egingo dute, eta batzarrean izango dira horiek aztergai.

Gaur dute lehen bilera Segurako talde, elkarte eta eragileekin, egunaren eta egitarauaren nondik norakoak zehazten hasteko. Egitarauaz hitz egitera eta egunaren nondik norakoak antolatzera deitu dituzte Segurako taldeak, elkarteak eta euskaltzaleak. «Izan ere, Tolosan (Gipuzkoa), Leitzan (Nafarroa) eta Diman (Bizkaia) izandako azken Udalerri Euskaldunen Egunek erakutsi duten moduan, giltzarria da herriko eta eskualdeko taldeak eta eragileak elkarlanean aritzea, eguna arrakastatsua izan dadin».

Garai batean, urtero antolatzen zen Udalerri Euskaldunen Eguna. Baina, 2016tik aurrera, bi urtetik behin egitea erabaki zen, txandaka, urte batean udalerri euskaldunen inguruko jardunaldiak antolatuz, eta hurrengo urtean Udalerri Euskaldunen Eguna eginez.

UEMAko herriak biltzeaz harago, gainerako udalerri euskaldunen bilgune ere izaten da eguna, egitarau zabalarekin. Azken urteotan, gainera, udalerri euskaldunen eta arnasguneen berariazko aitorpena, babesa eta garapena bihurtu da hizkuntza politika aurrerakoien ardatzetako bat, hainbat erakunderen arteko elkarlanari esker, eta horren isla izan nahi du aurten Segurako jardunaldiak.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna