145.000 herritar batu dira hiriburuetako manifestazioetan

Sindikatuen arabera, beharginen %30 «gutxienez» batu dira grebara; hezkuntzan, %60koa izan da erantzuna, eta Osakidetzako lehen arretan, "oso zabala". Udaletan ere babes "orokortua" nabaritu dute deitzaileek.

Martuteneko industriagunea Donostian, gaur goizean. ENDIKA PORTILLO, FOKU
Oihana Elduaien Uranga.
2020ko urtarrilaren 30a
18:53
Entzun

Grebarekin batera, deitzaileek mobilizazioak antolatu dituzte Hego Euskal Herriko hiriburuetan, eta horietan 145.000 lagun inguru elkartu direla jakinarazi du LAB sindikatuak. Bilboko martxa izan da jendetsuena: 50.000 herritar batu dira; Iruñean, 35.000; Donostian, 35.000; eta Gasteizen, 25.000.

Sindikatuek goizeko lehen balorazioan nabarmendu dutenez, industrian nabaritu da gehien greba, geldirik baitaude zenbait enpresa handi. Gipuzkoako enpresak itxi dituzte, batik bat: Irungo eta Beasaingo CAF, Jaso, Irizar, ABB Niessen, JMA, Elay, Indar, Bellota, GKN Legazpi, Sapa, ldMurias, Olaberria eta Bergarako Arcelor Mittal. Baina Bizkaian ere itxi zituzten ateak zenbait lantegik: Lucart, Ormazabal, Onduline, Tecnichapa, Cementos Lemona, Eika, Cikautxo, Gestamp, Cie Automotive, Aludium. Nafarroan, berriz, iparrean izan du eraginik handiena: Magotteaux, Aceros Moldeados, Guerra Hermanos, Sarriopapel, Cementos Portland, Arcelor Lesaka, Funvera, Savera.

Langileek planto egitearen ondorioz itxi behar izan dituzten gainerako enpresen artean, honako hauek nabarmendu dituzte sindikatuek: Bilbo Handian, Eldu, Construcciones Olabarri, Lucart, Tecnia, Navacel, Lamincer, Arisawa, Mesa, Arteche; Araban, Condesa, Inauxa, Amurrio Ferrocarril, Envases Metalurgicos, Jez, Auria, SDA, Laminaciones Arregui, Guardian, Sidenor Legutio, Arcelor Agurain, Froneri; eta Iruñerrian, Lacteos, Perfil en Frio, Uscal, Argal, Kybse, VW Navarra, Faurecia Orkoien, Tecnoconfort eta Videcart.

%30etik gorako erantzuna

Sindikatuen arabera, beharginen %30 «gutxienez» batu dira grebara; hezkuntzan, %60koa izan da erantzuna, eta Osakidetzako lehen arretan, "oso zabala". Udaletan ere babes "orokortua" nabaritu dute deitzaileek. Grebaren babesa apalagoa izan dela nabarmendu du Jaurlaritzak.

Goizeko lehen orduan, komunikabideetan ere nabaritu da isilunea. Gara, BERRIA eta Deia ez dira argitaratu gaur, eta EITB eta Naiz irratiak ere isilik daude. 

Zerbitzu publikoetako langile askok grebarekin bat egin duten arren, sindikatuek uste dute behar baino handiagoa dela administrazioak behartuta haiek eskaintzen ari diren zerbitzua. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak haietarako zehaztutako zerbitzu minimoak «erabat gehiegizkoak» direla salatu dute ELAk, LABek, Steilasek, ESK-k, EHNEk Hiruk eta Etxaldek. Nolanahi ere, garraio publikoko linea asko gutxieneko zerbitzuan daudela jakinarazi dute, eta gauza bera gertatzen dela osasun publikoan.

Eskola publikoan oihartzun handia izan du grebak, sindikatuen arabera: EAEn %65ek egin dute grebarekin bat, eta Nafarroan "zerbitzu minimoek greba eskubidea urratu" dutela salatu dute. Haurreskolak Partzuergoko langileen %80k egin dute bat, eta Ikastoletan, %90ek baino gehiagok. EHUko eta NUPeko "jarduera gehienak" eten egin dituztela informatu dute, eta Mondragon Unibertsitateko Enpresaritza eta Giza Zientzia fakultateak itxita egongo direla egun osoan.

Geroxeago etorri da dendak irekitzeko unea, eta, sindikatuen arabera. "Herri askotako" denda txikiak itxita daude, eskola eta enpresetako jangela ugari daude geldirik, eta Gurutzetako erietxeko kafetegia itxita dago. Merkataritza gune handiei erreparatuta, berriz, Garberako (Donostia) Eroskiko langileek denda ixtea erabaki dutela diote sindikatuek, eta gauza bera egin dutela Bizkaiko supermerkatu handi gehienetako langileek ere.

«Debeku, isun eta oztopoak»

Grebarekin bat egin duen jende asko mobilizazioetan dabilela nabarmendu dute sindikatuek. Polizia haiekin izaten ari den jarrera salatu dute. Gasteizen "oldarraldi bortitza" izan dela salatu dute. Erakunde batzuek manifestazioak debekatu dizutela ere salatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.