%16,9koa izan da erantzuna administrazio orokorrean, Jaurlaritzaren arabera

Nafarroan, administrazioko langileen %8,13k egin dute greba, Nafarroako Gobernuak bildutako datuen arabera.

Josu Erkoreka. IREKIA
jon olano
2020ko urtarrilaren 30a
12:23
Entzun

Eusko Jaurlaritzak zabaldutako datuen arabera, greba deialdiak %16,9ko erantzuna izan du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sektorean. Hori izan da babes portzentajerik handiena, beste alor batzuetan apalagoa izan dela azaldu baitu Jaurlaritzak, ohar batean: %7,56koa Osakidetzako goizeko txandan eta %3tik beherakoa justizia administrazioan. Behin-behineko datuak dira Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak emandakoak.

Erkorekak azaldu du 2013ko greba orokorrak izandakoa baino "eragin askoz apalagoa" izan duela gaurkoak, eta administrazio orokorra jarri du horren adibide: %26koa izan zen orduan.

Nafarroan, berriz, administrazioko langileen %8,13k egin dute greba, Nafarroako Gobernuak bildutako datuen arabera. 28.151 langiletik 6.746k gutxieneko zerbitzuak bete behar zituzten, eta gainerakoetatik 1.741 batu dira grebara.

Osasungintzan, sendagileen artean %4,6ko erantzuna izan du grebak, eta %8,7koa erizainen artean. %12,1ekoa, berriz, gainerako lanbide kategorien artean. Jaurlaritzak nabarmendu du osasun zentro guztiak egon direla irekita. Beste horrenbeste azpimarratu du hezkuntza arloan ere: ikastetxe publiko guztiak zabalik egon direla. Hezkuntzaren sektoreko datuak, berriz, arratsaldean eman ditu Jaurlaritzak; ikastetxeen erdietako datuak bildu ditu, eta horietan, irakasleen %48 batu dira grebara.

Sindikatuek, ordea, eman dituzte hezkuntza sektoreko datuak. Haien arabera, grebaren babesa %65ekoa izan da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eskola publikoan. Haur eskoletan, bost langiletik lauk egin dute greba, eta Ikastolen Elkarteko ikastetxeetan, hamarretik bederatzik. Sindikatuek azaldu dute Euskal Herriko Unibertsitatean jarduera gehienak eten egin dituztela, eta Mondragon Unibertsitatean, Enpresa ikasketen Fakultatea eta Huhezi itxita egon dira gaur. Oro har, %30etik gorako babesa izan du grebak, sindikatuen arabera.

Beste gorabehera batzuen artean, Jaurlaritzak jakinarazi du 35.000 euroren kostua izan duten sabotajeak izan dituztela Euskotrenen. Horrez gain, bost atxiloketaren berri eman du.

Horrez gain, Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako datuen arabera, Lurraldebuseko ohiko autobus zerbitzuen %68,7 eman dituzte greba egunean.

Arabako patronalaren arabera, %6

SEA Arabako patronalaren arabera, %6ko erantzuna izan du grebak. Porrot hitza erabili du deialdia definitzeko, eta Arabako enpresetako langileek "normaltasun osoz" lan egin dutela nabarmendu du. Adierazpen batean azaldu duenez, goizean goiz pikete informatiboak izan dira zenbait industria gunetan, eta, horren eraginez, hainbat langile ohi baino beranduago sartu dira lanera. Haatik, azpimarratu du atzerapen horiek ez dutela langileen jarduna oztopatu: "Grebaren arrakasta ia nulua izan da".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.