Albistea entzun

Nafarroa

Grebak erdizkako erantzuna izan du Nafarroan

Kontraste handiko argazkia utzi du grebak Nafarroan: iparraldean erantzun handiago izan du, Iruñerrian orotariko erantzuna izan du, eta hegoaldean gutxiago nabaritu da. Bost lagun atxilotu dituzte goizean izandako istiluetan.

Uhare eta Atarrabia arteko Areta industria gunean errepidea moztu dute
Uhare eta Atarrabia arteko Areta industria gunean errepidea moztu dute Iñigo Uriz / Foku Tamaina handiagoan ikusi

Joxerra Senar -

2020ko urtarrilak 30

Gris tonu askoko argazkia utzi du grebak Nafarroan. Lanuztea nabaritu da, bai kaleetan bai eta lantokietan ere, baina erantzuna ez da erabatekoa izan. Erdizka geratu da, eta kontrastez beteriko irudia utzi du lurraldearen osotasunari edo sektoreei begira. Nahiz eta greba deialdian beste eragile ugari izan eta sektore prekarizatuei dei egin, ELAk eta LABek indar handiagoa duten alor eta eskualdeetan erantzuna zabalagoa izan du, eta, alderantziz, indar apalagoa duten tokietan, eskasagoa.

Iruñerria

Iruñerriko bi industrialde nagusiak, Landaben eta Talluntxe, horren adibide izan dira. Volkswagenen, UGTk (12) eta CCOOk (8) ordezkarien bi heren dituzte, eta goizeko 06:00etako txandan langile ugari sartu eta irten dira lantokitik, euren ibilgailuetan zein autobusetan. Espainiako Poliziak bost furgoneta bidali ditu hara, zaintza lanak egitera. Handik gertu, ZFk (TRW zena) ateak irekita zituen, baina aparkalekua ez zegoen beteta. Landabengo enpresa handi guztiek (Koxka, Saltoki, Continental, Dana, Dynamobel) ateak irekita zituzten, baina horietako askotan aparkalekuetan auto gutxi ziren. Lantegi txiki asko, berriz, goizeko lehen orduetan itxita zeuden, eta jarduera eskasa zen bertan. Sindikatuen arabera, Kybse, Kayaba, ZF, Lacteos Navarra, Uscal, TID eta Kone Elevadoresen greba egin dute.

Eguerdian, bestelako irudi bat utzi du Noaingo Talluntxek. Enpresa gehienak irekita izan dira, eta egun normal baten tankera zuen, bai ibilgailu eta kamioien joan-etorrietan, bai enpresa barruko jardueran. Noaingo AIT irekia zegoen, baina auto gutxirekin. Uharteko Areta industriagunean istiluak izan dira goizean goiz, grebalariek errepidea moztu baitute, eta suziriak erabili. Lau lagun atxilotu dituzte.

Iruñean, auzoetan denda gehienak irekita zeuden. Alde zaharrean, piketea pasatu ahala ateak itxi dituzte, eta jarraian ireki. Tabernen artean gehiago nabaritu da lanuztea. Arrotxapean, denda ugarik itxi dute, baina Donibanen, Bigarren Zabalgunean eta Arrosadian irekita izan dira denda gehienak. Donibanen istiluak izan dira poliziekin, piketea igarotzean Eroskiren supermerkatu bat ixten ahalegindu direlako. Pertsona bat atxilotu du poliziak.

Saltoki ugari irekita izan arren, kontsumo greba nabaritu da, jende gutxiago ibili baita kaleetan. Morea merkataritza gunean, aldiz, grebarik ez da izan: saltoki guztiak irekita zeuden, eta, eguerdi aldera, jende ugari ari zen erosten eta kontsumitzen. 18:30etan, elkarretaratze bat dago deituta bertan.

Sindikatuen arabera, hezkuntzan erantzun zabala izan du grebak. Adibidez, Amaiur ikastolan greba erabatekoa izan da. Nafarroako Unibertsitate Publikoan, nabaritu da greba (aparkalekua erdi hutsik egon da eguerdian, eta ikasleen joan-etorri gutxi. Osasun publikoan gutxiago nabaritu da; zerbitzu minimoak ezarri dituzte. Arrosadiako osasun etxean ohiko egun baten tankera izan du goizeko jarduerak.

Hiri garraio publikoko autobus ugari ibili dira Iruñerriko kaleetan. ELAk salatu du kontsezioa duen autobus konpainiak, TCCk, diziplina espedienteak ireki dizkiela greba deitu duten sindikatuetako ordezkariei.

Sakana, Bortziriak eta Leitzaldea

Industriak indarra du Bortzirietan, batez ere Bera, eta Lesakan. Bi herriek Alkaiaga auzoan konpartitzen dute industriagunea, eta ohi baino kamioi eta auto gutxiago ibili dira joan etorrian. Enpresa handienetan ohiko lan jarduna antzeman da goizean goizetik. Enpresa eta tailer txikiago batzuk aldiz, itxita zeuden. Bera herrian bertan nabarmenagoa izan da grebaren oihartzuna. Saltoki txiki batzuk itxi dira, eta herriko hiru ikastetxek bat egin dute grebarekin. Lesakan oihartzun handiagoa izan du grebak, eta ia komertzio denak itxi zituzten, banketxeak barne. Goizean kotxe karabana egin zuten Beratik Elizondora. 45 kotxe inguru ibili ziren bozina jo eta informazioa banatzen. Ultzama eta Baztango haur eskolek elkarretaratze bat egin dute eguerdian Elizondoko plazan.

Lekunberrin, egoera nahiko normala izan da goizean, eta eskualdeko enpresa handienetako batean, Agrozumosen, ohiko jarduera izan da. Leitzan, industrian eta kalean, dena itxita zegoen. Ondorioz, grebak erantzun zabala izan du.

Sakanan, berriz, erantzun zabala izan du grebak. Etxarri Aranatzen, kasu, dena itxita zegoen.

Lizarraldea eta erdialdea

Lizarran ere kontrastea izan da jaun eta jabe. Goizean goiz, herriko sarrerako industria gunean lantoki gutxi batzuk itxita zeuden, baina gehienak irekita eta trafiko joan-etorri handia. 08:30ean elkarretaratzera deituta zegoen sarrerako biribilgunean, eta 09:00etan errepidea moztu dute grebalariek. Guardia Zibila berehala bertaratu arren, ez da istilurik izan. Trafikoa eten bada ere, udaltzainek beste bideetatik desbideratu dute. Osteguna azoka eguna da Lizarran, eta merkataritza elkarteak prest agertu dira, denbora batez lanuztea egiteko. Herriko sarreran, denda ia gehienak itxita zeuden 10:00etan. Eroskik eta Mercadonak ateak ireki dituzte, baina apenas zegoen bezerorik goizeko lehen orduetan.

Tafallan, aldiz, ia denda gehienak irekita izan dira alde zaharrean zein inguruetan. Piketeak herritik igaro badira ere, ez dute jarduera baldintzatu. Aitzitik, oso jende gutxi zegoen kalean. Herriko hegoaldeko industria gunean, ohikoa baino jarduera txikiagoa izan da. Aparkalekuak ia hutsik. Inguruetan, kamioi trafiko handia zegoen. (behean Tafallako irudia)

Bai Tafallan eta Lizarran eguerdian manifestazioak egin dituzte. Iruñean bezala. Nafarroako hiriburuan, milaka herritar batu dira. Manifestazio amaieran, aurreko egunetan jasotako presio eta kritiken ostean, «greba egiteko hamaika arrazoi» daudela aldarrikatu dute grebaren deitzaileek.

LABeko Imanol Karrerak Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariari eta CEN enpresaburuen elkarteari ohartarazi die euren lan eta bizitza duinaren aldeko aldarrikapena kontuan hartu behar dutela: erantzun ezean, «udaberri gorria» iragarri die. ELAko Imanol Pascualek gogoan hartu du beti dela «albiste ona UPN gobernutik kanpo izatea», baina politika antzekoak egiten amaituz gero, arriskutsua dela deritzo, eta egungo gobernuak norabide hori hartu duela kritikatu du.

 

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Haur migratzaileak Donnan (Texas), AEBetara iritsi berritan. ©DARIO LOPEZ-MILLS / EFE

Ametsen lurra amesgaizto bihurtu da

Maddi Iztueta Olano

Azken urtean 130.000 haur migratzaile iritsi dira beren kabuz AEB Ameriketako Estatu Batuetara. Horietatik bi heren lanean hasten dira iritsi eta berehala.

Haurrak tipulak jasotzeko lanetan, Weld Countyn, Coloradon. ©#BARRA_ABILDUA#CHILDLABORCLC / TWITTTER

LANGILE FALTAN, HAURRA LANABES

Maddi Iztueta Olano

Parkeetan topatu dute AEB Ameriketako Estatu Batuek langile faltaren irtenbidea; adingabeak lanean jarri nahi dituzte hainbat estatutan. Besteak beste, Iowan aurkeztutako lege proiektu batek baimenduko luke 14 urtetik gorako haurrek eraikuntzan lan egitea.

VWen lantegia, Nafarroako handiena, Iruñean. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Enpresen irabazia soldatapekoen errenta halako bi handitu da

Iker Aranburu

Nafarroan, %13,7 handitu zen iaz esplotazio soberakina, eta %6 langileei ordaindutakoa. Nafarroako BPGa %4,3 hazi zen iaz. Ostalaritzaren ekarpena nabarmendu du Nastatek

Auto baten ihes hodia ©JULIAN STRATENSCHULTE (Efe)

Erregai sintetikoak, debekutik kanpo

Jokin Sagarzazu

Bruselak eta Berlinek akordioa lortu dute errekuntza motorra erabiltzen duten autoen debekuaren inguruan. Alemaniak eskatu bezala, 2035. urtetik aurrera erregai sintetikoko autoak salbuetsita geratuko dira.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...