HEZKUNTZA

Mendigorriko familiek salatu dute Hezkuntza Departamentuak D ereduko lerro bat zabaltzea eragotzi diela

Gurasoek diote Nafarroako Gobernuak Garesko eskolara bidali nahi dituela. Hezkuntza Departamentua prest azaldu da herrian euskarazko gela bat zabaltzeko, «zortzi ikasleko gutxieneko talde bat aurkezten bada»

Mendigorriko familiak artxiboko irudi batean, haurrak Garesko eskolara taxian eramaten. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Ion Orzaiz.
2020ko otsailaren 3a
18:02
Entzun

Mendigorriko 11 familiak salatu dute Carlos Gimenoren departamentuak ukatu egin diela haurrak herriko eskolan D ereduan aurrematrikulatzeko aukera: euskarazko eredua nahi izanez gero, Garesko eskolara joatea beste aukerarik ez diete eman.

Gobernuaren irizpide aldaketa salatu dute familiek: «Euskarazko lerro bat zabaltzea ez da goizetik gauera egin daitekeen zerbait, eta azarotik daramagu Hezkuntza Departamentuarekin harremanetan, hori bermatzeko. Hasiera batean, Eleaniztasun zerbitzuko arduradun Ignacio Catalanekin hitz egin genuen, eta, duela gutxira arte, ez zigun trabarik jarri. Gure eskaera aztertu zuten gobernuko teknikariek, eta horiek ere ez zuten oztoporik ikusi. Horrela jasota dago txostenetan. Eguberrietan, ordea, Gil Sevillanok, Hezkuntzako zuzendari nagusiak, telefonoz hots egin zigun, eta esan zigun ez zigutela aurrematrikula eskaera onartuko», azaldu du Josu Goñik, auzia azaleratu duten gurasoetako batek.

Familien esanetan, Mendigorriko eskolan D ereduan izena emateko aukera bera ezabatu dute Hezkuntza Departamentuaren webgune ofizialetik, eta gobernuak jakinarazi die eskaera orriak ikastetxean bertan entregatuta ere ez dituztela tramitatuko. Beste biderik uzten ez zietela iritzita, Iruñera joan dira gaur Mendigorriko sei familiatako ordezkariak, aurrematrikulazio eskaerak Hezkuntza Departamentuan bertan tramitatzeko. «Ez dizkigute agiriak onartu», esan du Goñik. «Etxera bidali gaituzte, azalpenik eman gabe».

Bestalde, Mendigorriko zenbait gurasok salatu dute azken egunetan «mehatxuzko tonua zuten deiak» jaso dituztela, Hezkuntza Departamentuaren izenean: «Orain arte, familiak Garesko eskolara joan izan dira, eta Nafarroako Gobernuak ordaindu egiten zizkien garraioa eta jantoki zerbitzua. Bada, orain, ohartarazi digute diru laguntza horiek ere kentzen ahal dizkigutela, aurrematrikulazioa Mendigorrian egitearekin tematzen bagara». Goñiren esanetan, familiek argi dute beren lehentasuna dela haurrei euskarazko hezkuntza ematea; hortaz, Garesko aukera ere kolokan jartzea «xantaia hutsa» dela nabarmendu du.

Nafarroako Gobernua: «Aukera guztiak aztertuko ditugu»

Mendigorriko gurasoek eginiko salaketaren ostean, Hezkuntza Departamentuarekin harremanetan jarri da BERRIA, eskualdean D eredua antolatzeko asmoez galdetzeko. Departamentuko iturrien arabera, «ez da egia» gobernuak D eredua Mendigorrian ezartzea galarazi duela: «Gimeno kontseilariak argi adierazi du ez dela debekurik jarri, ezta biderik itxi ere». Departamentuko ordezkariek onartu dute Garesko eskolara bideratu dituztela Mendigorriko familiak, baina aurreko gobernuari egotzi diote horren erantzukizuna: «2019ko abuztuan, ikastetxeen mapa berria osatu zuen Uxue Barkosen gobernuak, eta, horren arabera, Gareskoa da D ereduko erreferentziazko ikastetxea eskualdean».

Hala ere, «eskaintza nahikoa dagoela egiaztatuko balitz», Mendigorrian ere euskarazko lerro bat zabaltzeko prest legoke gobernua, foru agindu baten bidez. Horretarako, baina, «aurrematrikulazio datu zehatzak» ezagutu behar direla adierazi dute kontseilariaren kabineteko arduradunek: «Orain arte azaleratu diren datu bakarrak dira familiek eman dituztenak, baina horiek ez dira ofizialak. Agian, aurrematrikula epea bukatuta, D ereduko talde bat osatzeko adina eskaera dagoela egiaztatuko da, eta orduan hartuko ditugu erabakiak».

Edonola ere, gutxieneko ikasle kopuruaren auzian «zorrotz» jokatuko dutela esana du Carlos Gimeno kontseilariak. Horrek esan nahi du gutxienez zortzi ikasleko talde bat sortuko ez balitz Hezkuntza Departamentuak ez lukeela euskarazko lerro berria baimenduko. Mendigorrian, 11 haurren gurasoek agertu dute datorren urtean D eredu publikoan izena emateko nahia. Oztopo bakarra dago: ez direla denak adin berekoak. Haur horietatik, sei hasiko lirateke aurtengo irailean; beste bost, berriz, heldu den urtean.

Hezkuntza Departamentuak zortzi ikasleko gutxieneko ratioa ezarria du D ereduko lerro berri bat zabaltzeko. Orain arte, baina, malgutasunez jokatu du landa eremuko ikastetxeetan. Hala, adin bereko zortzi haur ez zegoen herrietan ere D ereduko taldeak osatu izan ditu; hiru, lau edo bost urteko neska-mutilak ikasgela berean elkartuta, adibidez. Hezkuntza Departamentuak BERRIAri aurreratu dio ez duela halakorik baimenduko: «Departamentuko aurreko arduradunak [Maria Solanak] irizpide malguagoa aplikatu zuen auzi horretan, baina Gimeno kontseilariak behin baino gehiagotan esan du legean ezarritakoa bete behar dela, eta legeak dio, gutxienez, zortzi ikaslerekin ireki daitekeela gela berri bat».

Mendigorriko gurasoen esanetan, ordea, aukera legoke herrian bertan euskarazko lerroa zabaltzeko: «Mendigorria herri txiki bat da, landa eremuan dago, eta ezin zaizkigu herri handiagoetako irizpideak aplikatu. Zenbait urtetan ezin da zortzi ikasleko talde bat osatu, ez daudelako hainbeste ume. Horregatik proposatu dugu D ereduko lerroa zabaltzea, bi belaunalditako ikasleak elkartuz».

Nafarroako Gobernuaren erabakiaren atzean «asmo politikoa» dagoela diote Mendigorriko gurasoek. «Hezkuntzako teknikarien txostenen arabera ez legoke arazorik D eredua zabaltzeko: lekua badago, eta egin liteke. Baina ez dute nahi».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.