Noiz sortua: 2020-02-05 18:01:31

'Iruña-Veleia auzia'

Apellaniz arkeologoa: «Material haiek gure profesioa ere arriskupean jarri zuten»

Iruña-Veleiako indusketetan aritutako hiru arkeologok azaldu dute ez zutela ezohiko piezarik ikusi in situ, guztiak garbiketa gunean azaltzen zirela. Zalantzan jarri dute lanerako erabilitako metodologia.

Iruña-Veleiako aztarnategiko auziaren epaiketa, atzo.
Iruña-Veleiako aztarnategiko auziaren epaiketa, atzo. Juanan Ruiz / Foku Tamaina handiagoan ikusi

Iñigo Astiz - Andoni Imaz -

2020ko otsailak 5

Miguel Angel Berjon arkeologoa bost urtez aritu zen lanean Iruña-Veleian, 2002. eta 2007. urteen artean. Gaur, aztarnategiari buruzko epaiketaren hirugarren egunean, esan du hark ez zuela ohiz kanpoko piezarik atera lurpetik, eta nabarmendu du «erabat arraroa» iruditzen zaiola inskripzio berezi haiek garbiketa gunean identifikatu izana, lurpetik atera eta gerora. Aztarnategian lan egin zuten hiru arkeologo deitu dituzte gaurko saiora: Berjon, Jose Angel Apellaniz eta Carlos Crespo. Hirurek 2007an utzi zuten indusketa, eta «irregulartasun larriak» salatu zituzten lanerako erabilitako metodoetan.

Berjonen esanetan, lan metodologiaren zorroztasuna «oso handia zen», eta hark ez zuen «sekula» zalantzarik izan han aurkitu zituzten piezen inguruan, hainbat alor iraultzen zituzten arren. Han lan egiteari utzi ondoren aldatu zitzaion ikuspegia, zenbait adituk zalantzan jarri zutenean grafitoen benetakotasuna. Hiru lekukoek bide beretik jo dute, eta azaldu dute ez zutela in situ ikusi ezohiko grafito bat ere.

«Aztarnategiaren barruan, inoiz ez genuen zalantzan jarri grafitoen benetakotasuna, baizik eta erabilitako metodoa; ez zuen ziurtatzen trazabilitaterik», adierazi du. Gogor aritu da Apellaniz ondoren, haren kidearen ildo beretik: «Ohartu nintzen garbiketa gunean ateratzen zirela guztiak. Harrigarria zen denak garbiketa gunean agertzea eta indusketa gunean inork ez ikustea inskripzio, irudi edo elementu grafikorik».

Apellanizen lekukotzaren arabera, ezohiko piezak agertu ahala zalantzak izan zituen, eta metodologia zorrozteko beharra nabarmendu zuen: «Ezohikotasunak behartzen du babes neurri guztiak hartzera», esan du. Kamerak eta bestelako neurriak hartzeko eskatu zion zuzendaritzari, eta erantzun zioten ulertzen zutela haren kezka. Lehen hamabost piezen ondoren, beste 40 pieza ezohiko agertu ziren. Argazkiak atera ote zituzten galdetu, eta ezetz, denak atera zirela garbiketa gunean. «Hori ez da normala». Ez zegoen argazkirik ez bideorik erakusten zuenik esku batek nola ateratzen zuen pieza lurretik. «Komunitate zientifikoak ez du sinetsiko», pentsatu zuen.

Arkeologoak harridura azaldu du epaiketan aurrean jarri dioten pieza bategatik. Gurutziltzatu bat du irudiak. Lurmenen inbentarioan in situ koordenatuta dago pieza hori, baina Apellanizek esan du inork ez zuela lekuan bertan irudia ikusi. «Hori topatu izan baldin bagenu, jauzika hasiko ginatekeen, eta ospatu egingo genukeen. Pieza hori koordenatu zen ez gainazalean duen irudiagatik, baizik eta pieza baten ertza zelako».

«Material haiek ez zuten balio zientziarako. Gure profesioa ere arriskupean jarri zuten», esan du, gogor. Herio errituetarako plater baten aurkikuntza kontatu du zehatz. Platera atera zuten, eta momentuaren argazkiak ere badaude. Ateratze lana egun batez hasi zuten, baina hurrengoan jarraitu behar izan zuten, luzatu egin zitzaielako. Hurrengo goizean, hiru profesional joan ziren hara, «sei begi aditu»; «kontu handiz» igurtzi zuten, apurtuta baitzegoen, eta, barrualdeko lurra kendu ziotenean, «marka bakar bat ere» ez zioten ikusi. «Garbiketa gunean agertu ziren grafitoak arratsalde hartan bertan», kontatu du. Barrualdean zegoen grafitoa, eta euskarazko idatzi bat zeukan. «Haluzinatuta gelditu nintzen».

Cresporen txanda, ondoren. 2001ean hasi zen Lurmen enpresarentzat lanean, eta 2007an erabaki zuen aztarnategia uztea, Apellaniz eta Berjonekin batera. Errepikatu du ez berak ez beste inork ez zituela in situ ikusi ezohiko grafitoak. Garbiketa gunean izaten zen idazkien berri. «Boluntarioak belauniko zeuden, elkarrengandik hurbil. Ezer agertzean abisatu egiten zidaten; [Eliseo] Gilek azaltzen zizkigun».

Gogor aritu da hura ere. Kontatu du Euskotrenek, indusketaren babesleak, ezinegona zuela, ez zuelako sentitzen lana emaitzak ematen ari zenik. «Gilek bildu egin gintuen Euskotrenen inpresioen berri emateko. Iradoki zen agian eten egin zitekeela hitzarmena». Orduan aipatu zen «zerbait potoloa» topatzeko beharra. «Eta atera zen zerbait potoloa», galdetu dio fiskalak. «Ba, hementxe gaude».

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Ekainaren 1ean eguneratua, 19:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Azkeneko 24 orduetan ez da inor hil COVID-19 gaitzaren eraginez. Bost positibo atzeman dituzte PCR probekin, eta 11 gaixo ospitaleratu dituzte. Euskal Herrian 29.309 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.066 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Bizkaiko pentsionistak protestan, pasa den astean. ©Luis Jauregialtzo, FOKU

Koronabirusak zahar etxeetan izandako eragina ikertzeko eskatu du Bizkaiko Pentsionisten Mugimenduak

Berria

Protesta egin dute gaur Bizkaiko pentsiodunek Bilboko udaletxearen aitzinean, eta argi utzi dute ez dutela murrizketarik onartuko osasun publikoan eta pentsioetan. Pentsiodunek zahar etxeen inguruko informazioa eskatu diete Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Aldundiari, baina ez dute erantzunik jaso. 

Gasteizko Txagorritxu ospitaleko Mikrobiologiako langileak, proba serologikoak aztertzen. ©Gorka Rubio / Foku

Hegoaldean ez da gaixorik hil azken 24 orduetan

Andoni Imaz

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez dute PCR bidezko positiborik atzeman, hiru hilabetean lehen aldiz. Azken orduetan, koronabirusaz kutsatutako hamar lagun ospitaleratu dituzte; hiru, ZIUn.

Zahar etxeetan gertatutakoa argitzeko eskatu dute pentsiodunek gaurko mobilizazioetan. ©Aritz Loiola / FOKU

Leiho berriak mugikortasunari (eguneko laburpena)

Pello Urzelai

Euskal Herrian ez da izan hildakorik azken orduetan. PCR proba bidezko positibo berriak gutxi izan dira: bost, denak Nafarroan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna