Osasuna

Euskal Herrian saldutako hainbat ezpainetakok «osasunari kalte» egin diezaioketela esan dute

Europako bost kontsumitzaile elkartek hainbat ezpain margo aztertu dituzte, eta «osagai kezkagarriak» topatu dituztela adierazi dute.

PETER FOLEY / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Edu Lartzanguren -

2020ko otsailak 6

Lehen ere ezaguna zen ezpainak babesteko erabiltzen diren hainbat leungarri eta hidratagarri kaltegarriak izan daitezkeela. Baina, orain, koloretako ezpain margoetan ere badaudela ondorioztatu dute Europako kontsumitzaileen hainbat erakundek egindako ikerketan.

Frantziako UFC Que choisir, Belgikako Test Achats, Italiako Altroconsumo, Espainiako OCU eta Portugalgo DECO erakundeek bultzatu dute azterketa.

Azaldu dutenez, petroliotik ateratako hainbat olio erabiltzen dira produktuotan, kontserbatzaile eta leungarri gisa. Tartean dira MOSH (Olio Mineralez Saturaturiko Hidrokarburoak), POSH (Poliolefina Oligomerikoz Saturaturiko Hidrokarburoak) eta MOAH (Olio Mineraletako Hidrokarburo Aromatikoak) gaiak, eta jakina da osasunari kalte egin diezaioketela janez gero.

Batzuetan, animalietatik ateratako gantzak erabiltzen dituzte ezpainetakoetan, baina, beste batzuetan, olio mineralak, eta horietan dago arazoa, esan dutenez. Kutsagarri horiek janez gero «toxikoak» izan daitezkeela adierazi dute elkarteok, eta horietako batzuk «minbizi sortzaile» izan daitezkeela gaineratu dute.

Europako agintariek debekatuta dauzkate MOAH gaiak elikagaietan, minbizia sortzen dutelakoan, baina ez dago mugarik ezarrita kosmetikoetan, eta erraza da horiek jatea ezpainetan erabiliz gero, elkarteok azaldu dutenez.

Euskal Herrian salgai dauden bederatzi produkturen berri eman dute, eta hiru ezpainekotan MOAH eta, hainbatetan, MOSH eta POSH gaiak aurkitu dituzte, erakundeok «onargarritzat» jarri duten mugaren gainetik. «Hauek ez ditugu gomendatzen» esan dute:

-MAC Retro Matte Lipstick nº 707

-KIKO iD Velvet Passion Matte Lipstick nº 05

-TOO FACED Peach Kiss Stop Traffic

Edonola ere, ohartarazi dute emaitza horiek bakarrik produktu horiei dagozkiela, eta ez dietela zertan eragin etxe bereko beste ezpainekoei. Izan ere, kolorea emateko gaien arabera aldatzen dira.

Beste bi ezpainetakotan ez dute MOAHrik aurkitu; bai, ordea, MOSH eta POSH zantzuak, baina «segurtasun mailen azpitik». Elkarteok esan dute hauek «onargarriak» direla:

-L'ORÉAL Color Riche mat nº 349

-BOURJOIS Rouge Velvet Lipstick

Haatik, ez dute gaion inongo arrastorik topatu ondorengo produktuetan:

-COULEUR CARAMEL Rouge à lèvres naturel mat nº 120

-DR HAUSCHKA Rouge à lèvres Dahlia nº 10

-CHANEL Rouge Allure Velvet Extrême Nº 116

-ZAO Rouge à lèvres mat nº 465

Elkarteok «gomendagarri» izendatu dituzte azken lau produktuok.

Kontsumitzaile erakundeok eskatu dute «segurtasun muga zuhur» bat ezartzeko Europan. «Arau argirik ez egotea penagarria» dela esan dute, eta fabrikatzaileei eta banatzaileei eskatu diete ez saltzeko halako gaiak eduki ditzaketen produkturik.

 

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna