INGURUMENA

Egunean 3.024 bisitari hartuko ditu Gaztelugatxek, gehienez

Bizkaiko Foru Aldundiak uharterako sarbidea mugatuko du martxoaren 14tik aurrera. Ezinbestekoa izango da erreserba egitea

Turista talde bat, Gaztelugatxera bidean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Ion Orzaiz.
2020ko otsailaren 7a
16:16
Entzun

Atea erabat itxi ez, baina langa jarriko diote. Bizkaiko Foru Aldundiak gaur azaldu du mugatu egingo duela Gaztelugatxeko ermitarako sarbidea. Hala, martxoaren 14tik aurrera, nahitaezkoa izango da aldez aurretik erreserba egitea —tiketak hartzeko plataforma digital baten bidez egin beharko da, sarrera doakoa izan arren—, eta gehienezko kopurua ere jarri dute: egunean 3.024 pertsona. 84 pertsona sartuko dira hamabost minutuko txanda bakoitzean eta, gehienez, 340 pertsona egon ahal izango dira aldi berean. Tornuen bidez kontrolatuko dute sarbidea. Murrizketak, hala ere, «bisitari kopururik handienak dauden aldietan aplikatuko dira», diputazioko arduradunen arabera.

Iraunkortasun eta Ingurune Naturala Zaintzeko foru diputatu Elena Unzuetak azaldu duenez, Ingurumen teknikariek egindako txosten bat oinarri hartuta egin dituzte aldaketak. Segurtasunari dagokionez, adibidez, irlatxoa ebakuazio puntu okerrenetik husteko aukerak aztertu dituzte teknikariek, eta hori aintzat hartuta proposatu dute hamabost minutuko txanda bakoitzean 84 bisitariri pasatzen uztea.

«Muga horrekin Gaztelugatxeko ingurumenaren arloko aberastasuna zaindu nahi dugu, eta, aldi berean, babestuta dagoen gune hau bisitatzen duten pertsonen segurtasuna bermatu», azpimarratu du Unzuetak.

Bizkaiko Foru Aldundiak 2018ko udan gaitu zuen plataforma digitalaren bidez arautuko da bisitarien kopurua. Ezinbestekoa izango da online tiket bat izatea Gaztelugatxen sartzeko, toki horretara jenderik gehien joaten den garaietan: martxoko zubian, martxoaren 14tik ekainaren 14ra arteko asteburuetan, aste santuan, maiatzaren lehenean, egunero ekainaren 15etik irailaren 20ra arte, iraileko eta urriko asteburuetan eta urriko nahiz abenduko zubietan.

Sarbideen kontrola ohiko lekuetan egingo da; hots, Urizarretatik eta Ermutik eremura sartzeko bi guneetan, eta baita eskaileretara sartzeko plataforman ere.

Segurtasun neurriak errepidean

Imanol Pradales Azpiegituren eta Lurralde Garapenaren foru diputatuak gaineratu du aldundia lanean ari dela inguruko errepideko segurtasuna hobetzeko. Hain zuzen, datorren astean amaituko dira BI-3101 errepidearen eta errepide zaharraren arteko elkarguneko obrak, bai eta autobus geltokiko lanak ere.

Gurutzagunea Bakio-Bermeo errepidearen bihurgune batean dago, eta aparkaleku eremurako sarbidea ematen du. «Eremu horretan sartzeko, Bakiotik doazen ibilgailuek maniobra arriskutsua egin behar dute ezkerrerantz, Bermeorantz doazen ibilgailuek bezala. Bi maniobra horiek erraztu eta arriskuak gutxitze aldera, erdiko errail bat sortu da aparkalekuetara ateratzeko eta BI-3101 errepidera sartzeko, Bermeorako norabidean», azaldu du diputatuak.

Beste alde batetik, autobusen maniobrak errazteko biribilgune bat jarri dute, bidaiariak utzi edo hartu ondotik errepidera berriro sartzeko aukera ematen duena.

Pradalesek iragarri du, halaber, neurriak hartuko dituztela errepideko bazterbideetan aparkatzeko debekua indartzeko: «Gaztelugatxera jenderik gehien joaten den egunetan ohikoa izaten da ibilgailuak bide ertzetan aparkatzea. Debekaturik egon arren, BI-3101 errepideko bazterbideetan aparkatutako 200 ibilgailu baino gehiago zenbatu ditigu, horrek bide segurtasunerako dakarren arriskuarekin». Hala, aparkatzeko debekua adierazten duten sigi-sagazko marra horiak margotuko dituzte bazterbideetan, eta seinale bertikalak ere jarriko dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.