Ingurumena. Luizia Zaldibarren

Zaldibarko luizian desagertutako bi langileen autoak izan daitezkeenak azaldu dira hondakinen artean

'Anboto' aldizkariak eman du albistearen berri, larrialdi zerbitzuetako iturriak aipatuz. Bi langileen bilatzeko lanei berrekin diete goizean, eta bart piztutako sutea itzali ezinda dabiltza oraindik. 

jarraia177237.jpg
Aitor Manterola Garate.
2020ko otsailaren 8a
15:07
Entzun

Zaldibarko luizian desagertu ziren bi langileak oraindik ez dituzte aurkitu, baina bai bien autoak izan daitezkeenak. Hala eman du albistea Anboto aldizkariak, larrialdi zerbitzuetako iturriak aipatuta. Hondakinen artean azaldu ziren atzo, baina gaur jakinarazi dute albistea larrialdi zerbitzuek. Bi langileak bilatzeko erreskate lanei gaur goizean berrekin diete. 

Bart gauean sutea ere piztu zen zabortegian, eta, suhiltzaileek badakiten arren non gertatzen ari den, ezin dute itzali. 

Ostegun arratsaldean gertatu zen luizia, eta 500.000 kubo hondakin erori ziren A8 autobidera, Verter Recycling 2002 zabortegian izandako ezbeharrararen eraginez. Bi langile desagertuta zeudela jakin zen segituan, eta haien bila hasi ziren erreskate taldeko brigadak eta sorosleak hondakinen artean. Baina bertan behera utzi zituen lanok, Osalanek jakinarazi zuenean amiantoa gordetzen zutela zabortegian eta hondakinen artean ere badela. 

Ekologistak Martxan elkarteak atzo jakinarazi zuenez, iaz Eusko Jaurlaritzak ikuskatze bat egin zuen Zaldibarko hondakin ez-arriskutsuen zabortegi horretan, eta bertan irregulartasunak antzeman zituen. Besteak beste, txosten bat zabaldu zien Jaurlaritzak, ekologisten esanetan. 

Eusko Jaurlaritzak zabortegiari baimendutako eremu osoa hamahiru hektareakoa bada ere, zabortegiari emandako ingurumen baimen bateratuak (IBB) hektarea batera mugatzen du jarduteko eremua. BERRIAk sektoreko iturrietatik jakin duenez, askoz ere eremu handiagoa hartzen zuen Zaldibarko zabortegiaren estali gabeko eremuak. Geoeuskadi geolokalizatzailearen azken irudiek erakusten dutenez, gutxienez lau hektareako eremua itxi gabe zuten luizia gertatu zenean. Beraz, eremu hori guztia euri uren eraginpean zegoen, Jaurlaritzaren IBBaren aginduei muzin eginda. Kontuan eduki behar da zabortegi bat erabiltzen hasten denean azpitik isolatu egin behar dela, eta, behin betetakoan, goitik estali behar dela, erabat zigilatuz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.