Albistea entzun

Reala 2-1 Athletic

Realak askatu du korapiloa

Derbi itsusia jokatu dute bi taldeek, eta golak bigarren zatian sartu dituzte: Portuk Reala aurreratu du, Wiliiamsek berdinketa eman dio Athletici, eta Isakek erabaki du, 82. minutuan.

FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Aitor Manterola -

2020ko otsailak 9

Derbiak definitzeko orduan, orain gutxi arte esaten zen ez zirela politak izaten. Trabatuak, itsusiak, erritmo apalekoak. Azkenaldian, futbolean jokatzeko modu berritzaileen babesean, bizitu ere egin dira halako partidak. Baina gaur ez zen tokatzen horrelakorik, eta partida eskasa egin dute ikusleentzat Realak eta Athleticek. Bost axola hori txuri-urdinei, garaipenarekin gozamen bete-betean egongo baitira; tristuraren eta ezintasunaren zama Bilbo aldean ibiliko da, ordea. 

Espainiako Kopako finalerdiak dituzte bi taldeek datorren asteazkenean eta ostegunean, eta, horraino heltzeko, sekulako partida pila ari dira jokatzen oso denbora tarte txikian. Nekeak erasan die jokalariei, eta horrek ere eragina izan du gaurko ikuskizun ez ikusgarrian. Baita Imanolek eta Gaizka Garitanok atera dituzten hamaikakoetan ere, ordezko asko pilatu baitituzte soropilean. 

Partidaren zatarkeria azaltzeko, ikusi besterik ez dago ondorengo datu hau: gol aukera bana bakarrik sortu dute bi taldeek lehen zatian. Bi jaurtiketa: Porturena Realarentzat; Kodrorena Athleticentzat. Horrenbestez, hutsean zirela erretiratu dira jokalariak aldageletara. 

Bigarren zatian ere antzeko aritu dira, azkeneko zatian golekin-eta bizitu egin bada ere partida. Golekin eta entrenatzaileek egindako aldaketekin. Imanolek Isak sartu du, baita Januzaj ere, eta Garitanok, Muniain eta Williams. Isak aurrelari suediarra bolada gozo-gozoan da, eta haren jokaldi ona eta pasea baliatu ditu Portuk Reala aurretik jartzeko, 64. minutuan. Gutxi iraun du pozak, ordea, Anoetako zale txuri-urdinen artean; izan ere, handik sei minutura, Williamsek ondo bukatu du Muniainek hasitako jokaldia, kontraeraso batean. 

Derbia nola zihoan ikusita, askoren ustean zegoen berdinketan amaituko zela, baina Isak azaldu da berriz, eta, 82. minutuan, amaiera paregabea eman dio taldekideen jokaldi onari, Unai Simon bigarren jaurtiketarekin gaindituz. Gutxi geratzen zen partida amaitzeko, eta ez da aukerarik egon. Muniaini epaileak atera dion txartel gorria izan da azkeneko pusketa horretako gertakaririk nabarmenena. Oso sarrera gogorra egin dio Oiarzabali, eta Munuera Montero epaileak erabaki zuzena hartu du. Zelaitik atera aurretik, nafarrak barkamena eskatu dio eibartarrari, eta harekin ere aritu da hizketan, Realekoa lurrean osatzen zen bitartean. 

Gaurko hiru puntuekin, Realak sei ateratzen dizkio Athletici. Biek jarraituko dute datorren denboraldian Europako lehiaketaren bat jokatzeko ilusioaren atzetik. 

FITXA

Reala 2: Remiro; Zaldua, Zubeldia, Le Normand, Aihen;
Gebara (Aritz, 76. min.), Sangalli (Januzaj, 58. min.), Merino;
Portu, Willian Jose (Isak, 54. min.) eta Oiarzabal.

Athletic 1: Unai Simon; Capa, Yeray, Nuñez, Balenziaga; Beñat
(Dani García, 61. min.), San Jose, Lekue, Kodro (Muniain, 46. min.),
Ibai; eta Villalibre (Williams, 54. min.).

Epailea: Munuera Montero. Txartel horiak: Realeko Portu eta Isaki; eta Athleticeko Capa eta Dani Garciari. Txartel gorria: Athleticeko Muniaini (88. min.). 

Golak: 1-0: Portuk (64. min.). 1-1: Williamsek (70. min.). 2-1: Isakek (82. min.).

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Idoia Eraso, Nadia Quagliotto eta Naia Amondarain txirrindulariak, Alteako egonaldian. ©MARKEL BAZANBIDE

Erronkaren tamainara hazi

Iñaki Berastegi

Alteako egonaldiarekin amaitu du Laboral Kutxa taldeak 2023ko denboraldirako prestaketa fasea. Zaila bada ere, helburua, 2024an World Tour mailan tokia egitea da. Hala ere, txirrindulariek azpimarratu dute erronka hori ezin dela «obsesio» izan. Ilusioa izan dute lanerako akuilu nagusi.
Laboral Kutxako txirrindulariak entrenatzen, iragan astean, Altean. ©MARKEL BAZANBIDE

Prestakuntzari azken ukituak emanez

I. Berastegi

Lan kargaren arabera, txirrindulariak bi multzotan banatu dituzte entrenamenduan Laboral Kutxako teknikariek. Talde lana hobetzea eta prestaketa fisikoa fintzea izan dira lan saioaren helburu nagusiak.
Oscar de Marcos eta Moi Gomez, lehian Athleticek eta Osasunak San Mamesen jokatutako derbian. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Bat finalean izango da

Beñat Mujika Telleria

Osasunak eta Athleticek elkarren aurka jokatuko dituzte Espainiako Kopako finalerdiak. Hortaz, euskal talde bat finalean arituko da
Jai Alai ligaren antolatzaileak, atzo, Gernikako frontoian. ©MARKEL SUAREZ

Iparraldeko eta Hegoaldeko txapelketa nagusiak, batera

Berria

Gernikako, Donibane Lohizuneko, Miarritzeko eta Paueko txapelketak batuko ditu Jai Alai liga berriak

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...