Reala 2-1 Athletic

Realak askatu du korapiloa

Derbi itsusia jokatu dute bi taldeek, eta golak bigarren zatian sartu dituzte: Portuk Reala aurreratu du, Wiliiamsek berdinketa eman dio Athletici, eta Isakek erabaki du, 82. minutuan. 

jarraia177282.jpg
Aitor Manterola Garate.
2020ko otsailaren 9a
10:22
Entzun

Derbiak definitzeko orduan, orain gutxi arte esaten zen ez zirela politak izaten. Trabatuak, itsusiak, erritmo apalekoak. Azkenaldian, futbolean jokatzeko modu berritzaileen babesean, bizitu ere egin dira halako partidak. Baina gaur ez zen tokatzen horrelakorik, eta partida eskasa egin dute ikusleentzat Realak eta Athleticek. Bost axola hori txuri-urdinei, garaipenarekin gozamen bete-betean egongo baitira; tristuraren eta ezintasunaren zama Bilbo aldean ibiliko da, ordea. 

Espainiako Kopako finalerdiak dituzte bi taldeek datorren asteazkenean eta ostegunean, eta, horraino heltzeko, sekulako partida pila ari dira jokatzen oso denbora tarte txikian. Nekeak erasan die jokalariei, eta horrek ere eragina izan du gaurko ikuskizun ez ikusgarrian. Baita Imanolek eta Gaizka Garitanok atera dituzten hamaikakoetan ere, ordezko asko pilatu baitituzte soropilean. 

Partidaren zatarkeria azaltzeko, ikusi besterik ez dago ondorengo datu hau: gol aukera bana bakarrik sortu dute bi taldeek lehen zatian. Bi jaurtiketa: Porturena Realarentzat; Kodrorena Athleticentzat. Horrenbestez, hutsean zirela erretiratu dira jokalariak aldageletara. 

Bigarren zatian ere antzeko aritu dira, azkeneko zatian golekin-eta bizitu egin bada ere partida. Golekin eta entrenatzaileek egindako aldaketekin. Imanolek Isak sartu du, baita Januzaj ere, eta Garitanok, Muniain eta Williams. Isak aurrelari suediarra bolada gozo-gozoan da, eta haren jokaldi ona eta pasea baliatu ditu Portuk Reala aurretik jartzeko, 64. minutuan. Gutxi iraun du pozak, ordea, Anoetako zale txuri-urdinen artean; izan ere, handik sei minutura, Williamsek ondo bukatu du Muniainek hasitako jokaldia, kontraeraso batean. 

Derbia nola zihoan ikusita, askoren ustean zegoen berdinketan amaituko zela, baina Isak azaldu da berriz, eta, 82. minutuan, amaiera paregabea eman dio taldekideen jokaldi onari, Unai Simon bigarren jaurtiketarekin gaindituz. Gutxi geratzen zen partida amaitzeko, eta ez da aukerarik egon. Muniaini epaileak atera dion txartel gorria izan da azkeneko pusketa horretako gertakaririk nabarmenena. Oso sarrera gogorra egin dio Oiarzabali, eta Munuera Montero epaileak erabaki zuzena hartu du. Zelaitik atera aurretik, nafarrak barkamena eskatu dio eibartarrari, eta harekin ere aritu da hizketan, Realekoa lurrean osatzen zen bitartean. 

Gaurko hiru puntuekin, Realak sei ateratzen dizkio Athletici. Biek jarraituko dute datorren denboraldian Europako lehiaketaren bat jokatzeko ilusioaren atzetik. 

FITXA

Reala 2: Remiro; Zaldua, Zubeldia, Le Normand, Aihen;
Gebara (Aritz, 76. min.), Sangalli (Januzaj, 58. min.), Merino;
Portu, Willian Jose (Isak, 54. min.) eta Oiarzabal.

Athletic 1: Unai Simon; Capa, Yeray, Nuñez, Balenziaga; Beñat
(Dani García, 61. min.), San Jose, Lekue, Kodro (Muniain, 46. min.),
Ibai; eta Villalibre (Williams, 54. min.).

Epailea: Munuera Montero. Txartel horiak: Realeko Portu eta Isaki; eta Athleticeko Capa eta Dani Garciari. Txartel gorria: Athleticeko Muniaini (88. min.). 

Golak: 1-0: Portuk (64. min.). 1-1: Williamsek (70. min.). 2-1: Isakek (82. min.).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.